Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Etxearen bizi baldintzak

Etxe batek etxe izaera izan dezan (juridikoki hitz eginez), hainbat ezaugarri bete behar ditu, «bizigarritasun baldintza» deitzen zaienak. Eta baldintza horiek arau batean jaso egiten dira, zeinak zehazten duen zer izan behar duen bizitoki batek, oinarrizko eskubide den etxe duin bat izateko. Covid garaiak etxearen bizigarritasun baldintzen inguruko eztabaida piztu du; gai batzuk jadanik mahai-gaineratutakoak ziren diziplinarteko lan mahaian (gutxieneko azalera, gutxieneko aireztapen eta eguzkitzapena, egitura eta elementuen sendotasuna, instalazioak) eta beste batzuk lehen mailako bihurtu ditu (gutxieneko kanpo espazio baten beharra, komunitatearen espazio amankomunak, lan espazioak, landarediaren presentzia). Etxearen bizi baldintzak jasotzen dituzten arauen egokitzapen beharra ekarri zuen ondorio.

Etxearen bizigarritasun baldintzak zehazten dituen arau bat idaztea gatazkatsua da. Alde batetik, arauak gizabanakoaren bizi espazioaren gutxieneko duintasun mailaren konfort estandarra definitzen du, eta beste aldetik, etxe eredu estandar bat marrazten du, zeinetan bizi proiektu guztiak garatzea ahalbidetu behar den. Gizarte europarrean konfortaren estandarra zertan den bateratasun handia dagoela dirudien arren– adibidez, bizitoki batek argia eta ura behar dituela–, berokuntza sistema bat izatearen derrigortasuna, bizi ereduaren arabera eta kokapen faktoreen arabera, zalantzagarria gerta liteke. Arautegietako salbuespen egoerak gai izan behar dira justifikaturiko bestelako bizi baldintza batzuk egokitzeko, errealitatearen dibertsitateari espazioa eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza sozialaren definizioari edo udaletako bizitokien ordenantzei begira, etxe batek izan behar dituen pieza kopurua eta piezen gutxieneko azalerak zehaztea gertatzen da bereziki problematikoa, bizitoki estandar bat izatera derrigortzen duelako; eta esparru horretan, arauak norbanakoen bizi proiektuen estandarizazioan eskua sartzeko arriskua du. Etxeak eraikitzearen praktika arkitektonikoan, zenbait bizi proiekturentzako etxe-espaziorik ez dagoela atzematen da esperientzian. Etxe-espazio horiek sortu egin behar dira, udal arau eta jabetza legediaren alegalitate egoeratik gertu. Horrelakoetan, arauaren bizi baldintzen ezarketan akatsen bat dagoela agerian gelditzen da.

Arauak aurreikusterik ez du bizitza proiektuetan dagoen ziurgabetasuna. Eta ziurgabetasuna etxearen bizi baldintza bat delako, espazioa behar du. Bizi proiektuetan beharrezkoa den beste baldintza bat behin-behineko egoerak dira. Aldi baterako behar diren espazioak, egoera jakin batek gure bizitza bat-batean aldatzen duenean. Horretarako ere bai, espazioak behar dira. Beharbada parke publikoaren edo bloke kolektiboaren baitan jaso liteke arautzerik ez diren egoera hauetarako espazioa; zaintzaile bat jasotzeko, erizain bat jasotzeko, dibortzio batean behin-behineko bizitokia, haurrentzako espazio bat, lan egiteko espazio bat, bilerak egiteko gune bat.... •