Mikel Zubimendi Berastegi
TXAMARRA ATERPE

Hipotermiaz hildako lagunak perspektiba aldatu eta bokazioa misio egiten duenean

Bas Timmer neguko arropa diseinatzaileak epe luzeko arazo bati epe motzeko soluzio bat eman dio. Etxegabeen eta kale gorrian dauden errefuxiatuen arazoa ez du errotik konpontzen, baina kalean jendea hotzez hiltzea eragozten du. Bizitza bakoitzak eta bizitza guztiek zeresana dutelako, denok daukagulako aterpea izateko eskubidea.

Hor kanpoan, kale gorrian, hotzak akabatzen, euri zaparradatan eta iparreko haizeekin, gogorra da, oso gogorra, Herbehereetan negua. Herrialde aurreratua da, sozialki eskubide aurrerazaleak ditu, baina gutxienez 40.000 etxegabe badira bertan. Eta hori ofizialki erregistratutakoak bakarrik zenbatuz. Jende piloa kale gorrian, negu beltzean. Urtero horietako batzuk hil egingo dira, hipotermiarekin, hotzak akabatuta.

Pobrezia, jakina, pisuzko arrazoia da. Badira, baina, beste batzuk ere, gaixotasun mentalak esaterako. Eta etxegabe erregistratzen ez diren etxegabeak ere hor daude, paperik gabeko errefuxiatuak, aterpe legala ukatu zaien asilo-eskatzaile pila bat, aterpean besteekin baino kalean beren txakurrarekin nahiago dutenak. Horiek gutxi ez eta pandemia! Aterpe eta babes etxeetan leku bat aurkitzeko presioa disparatuta, asko igota, eta toki barik nonahi.

Tragedia tatuaje

Tragediak markatzen, tatuatzen duela bagenekien; damuak karrera bat amaitu dezakeela, eta beste bati hasiera eman, ere susmatzen genuen. Ikuspegia erabat aldatzen dizuten pasadizoak denok izan ditugula, eta gertatzen dela –oso gutxitan baina gertatzen da–, bisio bat, txinpartak sute ikaragarria bezala, zure bizitzari zentzua emango dion misio bihurtzea.

Halako zerbait gertatu zitzaion Bas Timmer gazte holandarrari. Ehungintzan lan egin zuten aita-amen semea, tradizioa etxetik zekarren. 2014an eskolak bukatu eta neguko arropetan karrera profesionala egiten hasi zen, moda diseinuan bere esperimentuak egiteari utzi gabe.

Herbehereetako negu beltzeko egun batean, tenperatura zeropean zela eta ipar haizea harro, etxegabe batekin egin zuen topo. Hotzak akabatzen sentitu zuen, laguntza beharrean, berotasun pixka baten forman bada ere. Berak diseinatutako kaputxadun kirol jertsea ematear egon zen. Horrek bere arropa markaren posizionamendua txarrerako baldintzatuko zuela pentsatuta, baina, ez zela ideia ona erabaki eta ideia baztertu zuen. Betirako orbana daramala kontatzen du Timmerrek, betirako lotsa moduko bat sortu ziola, lagundu ahal eta ez laguntzearen erru hori, sentimendu indartsu-indartsua eginda.

Bizitzaren ironia gordina, handik gutxira, bere bi lagun handiren aita kalean hipotermiarekin hil zen, hotzak akabatuta. Gertaera tragiko hark sentimendu horiek denak inarrosi zizkion, ordura arteko karrera profesionala errotik aldatzeko gogoa indartu zion. Kale gorrian zeudenak, hotzak hiltzeko arriskuan, laguntzeko zerbait sortu behar zuela erabaki zuen; txikia eta partziala izan arren, soluzio bero eta seguru bat emango zuen arropa.

Bihotzari jarraitu

Akabo kaputxadun kirol jertseen ideia. Bere bihotzari jarraitzea erabaki zuen. Etxegabeek behar dutenaren arabera, beraientzat ona dena lehenetsiz, diseinatzea erabaki zuen: euritakoa behar zuen izan, baita beroa ere, eramangarria eta lo egiteko aproposa den jantzia behar zuen izan. Hein batean, kapa; eta beste batean, parka. Gauerako aterpe, lo egiteko espazio seguru egingo zen txamarra batean pentsatu zuen, «aterpe-txamarra» batean. Lo-zaku desmuntagarria behar zuen horrek, txamarraren kremailerarekin itxi zitekeena. Eta egunean, aldiz, txamarra jarrita, aise ibiltzea. Eta gainera, oso erraz gordeko zena behar zuen.

Sei urte geroago, jada 30 urterekin, Timmerrek bere aterpe-txamarrak banatzen jarraitzen du. Gero eta langile gehiago ditu egitasmoak, 122 langileko enpresa bat da dagoeneko, soziala, kooperatiboa. Jada 12.500 banatu dituzte. Gainera, egoera klimatiko partikularretara egokitu da produkzioa, ez baitira berdinak Herbehereetako negua eta Hegoafrikakoa. Haraino hedatu da, han zabaldu dute kooperatiba berria, kostuak gutxituz produkzioa eskala handira eramateko.

Alemanian banatzen dira, Lesboseko errefuxiatu eremuetan, AEBetan kale gorrian daudenak laguntzeko. Mundu mailako banaketa bati begira, Unicefek bere interesa adierazi eta aztertzen ari da. Nazioarteko komunikabideetan Bas Timmerren berri eman da, bere txikian inpaktu handieneko pertsonen zerrenda horietan sartu dute.

Amsterdamen muntatu zuen bere lehen lantegi txiki kooperatiboa munduan barrena zabaltzen ari da. Bere bideari jarraituz, etxegabeen kale gorria bizi izan zutenak eta errefuxiatuak kontratatuz, irabaziak eta fundazioari egindako dohaintzak langileen soldatak ordaintzera bideratuz. Prestakuntza eskaintzen die, baita nederlandera eskolak ere, gizartean egokitu eta aurrera egiteko aukerak sortuz eta materialki lagunduz.

Tokian tokiko komunitateak ahalduntzen dira horrela, jendeari josten eta diseinuak egiten irakasten zaio, langileen bizibidea bermatzea erronka hartuta. Timmerrek badaki, beti jakin du, bere proiektua ez dela pobreziaren aurkako edo etxegabeen aldeko soluzio bat, badaki arazo hori ez dela epe motzean desagertuko, baina, sikiera, aringarri bat da, ezer ez egitea baino hobea, eta, gainera, bizitzak salbatzen ditu.

Bizirik jarraitzeko aukera

Sendabide txikia da, jendeak etxebizitza eta lan bat behar ditu. Baina horiek lortu arte, kale gorrian dauden bitartean nolabait babestu egin behar dira. Problematika sarritan ikusezina da hau, oso latza. Baina argi dago: den-denok, pertsona bakoitzak, merezi dugu babesa eta duintasuna, epel lo egiteko eta bizirik jarraitzeko aukera.

Jakina txamarra batek arazoaren muina ez duela konpontzen, sustraietara ez duela jotzen. Arazoari aurre egitean, beste politika batzuk, aliantza berriak, horiek eta denak beharko dira: etxebizitza egoki eta eskuragarriak hornitzea, babes eta zaintza sistemak zabaltzea eta indartzea... Idealena txamarra hauen beharrik ez egotea litzateke, ez produktu bezala, ez zerbitzu bezala. Hori da esperantza. Bitartean, baina, kale gorrian denak badu aterpe bero bat, hotzetan akabatu gabe gauez kalean lo egiteko txamarra segurua.

Denek merezi dute aterpea eta berotasuna, etxegabeek, errefuxiatuek, paperik gabekoek, denek. Eta beti arduratu beharko ginen beren kabuz ardurak hartu ezin dituztenekin. Etxebizitza faltaren amaiera ez da egun batetik besterakoa izango, ez, eta ez da gauetik egunera gertatuko. Asko aldatu behar da eta borondate argirik ez da ageri. Itxaron gabe, itxaroten egon ezin eta soluzioa orain bertan behar dutenak hor daude, zain. Eta eskaria, zoritxarrez, gero eta handiagoa da.

Produktu ala zerbitzu?

Kezka hori bazegoen, txamarra behar zuten pertsonei eman eta ez ote zen salerosketa zirkuitu batean sartuko. Sos batzuk irabazteko, ez ote zizkieten behar ez zituztenei salduko. Txamarra hauek zer dira? Produktu bat ala zerbitzu bat? Timmerrentzat argia da erantzuna: zerbitzua. Arriskuak gutxitzeko, aterpetxeetan lo egin ezin dutenei soilik –txakur bat dutelako edo arrazoi ezberdinengatik aterpetxean lo egin nahi ez dutenei– entregatzea erabaki dute.

Hortaz, etxegabeekin diharduten erakunde sozialak eta aterpetxeak dira txamarren jabeak. Kalean bertan, zuzeneko harremana indartuz, ematen dizkiete kale gorrian daudenei, eta egon zitezkeen birsalmentarena bezalako kezkak eta beldurrak urruntzen dira.

Bero lo egiteko jantzi bat baino ez da. Txamarra on bat, gauez, kremaileraz eta belkroz ixten den lo-zaku goxoa. Kaputxa handia dauka, erraz igotzen du lepoa, burua, aurpegia eta lepoa, denak ongi babesteko. Eta gorputz osoa babesten du. Ez da gutxi. Eta batzuentzat, daukaten dena da.