Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Iragana

Batzuetan, gauza txikietara begira jartzen naizenean, iragana ikusten dut. Argazkiekin gertatzen zait; bizkarrezurra ubelduta eta hankak erreta dauzkan gorpu baten argazkiarekin, adibidez. Baita izenekin ere. Enrique Rodriguez Galindorenarekin, esate baterako. Iragana erakusten didatela iruditzen zait. Iragan sarkor bat, iragan kutsakor bat, dutxatu ondoren zabaltzen den lurrunaren gisako iragan bat. Ispiluak ixten eta arnasbideak lanbrotzen dituen iragan bat. Edo alderantziz. Ulertuko didazue, noski. Gela-bete iragan izen batean, argazki batean bildua eta kolpera lehertua eta hedatua. Eta gauza txiki batetik hitz handiak ateratzen dira bat-batean; hormak ukabilez jotzen dituzten hitzak, sudur-ahoak plastikoz estaltzen dizkiguten hitzak, biriketara uraren itomenaren moduan itsasten diren hitzak. “Tortura”, adibidez. Eta dutxatik atera berritan egin ohi dugun gisan, gure biluztasuna estali eta komunetik ihesi abiatzen gara arnasaren edo arropa garbien bila. Eta handik minutu batzuetara, izena edo argazkia atzendu-uste zaigunean, komunera itzuli eta hantxe jarraitzen du lurrunak, zoko guztiak estaliz.

Parranda gau baten osteko arroparena gertatzen baita batzuetan: etxera iritsitakoan sumatu ez genituen usainak nabaritzen ditugu biharamunean. Tabakoa, alkohola, izerdia. Denak nahasian, bezperan baino sarkorrago, oihal artetik ihes egin nahiko balute bezala. Arropari begira jarri eta jada ez dugu arropa soilik ikusten: gaua ikusten dugu, bezperako elkarrizketak, musika, eromena, pozak, beldurrak. Dena oihal zati batean.

Horixe gertatu zitzaidan Galindorekin ere. Izen batek praktika bat ordezka dezake. Badira izen horren atzean ezkutatzen diren izen gehiago ere. Ekuazioko X-ak eta Y-ak. Eta urteak pasa diren honetan, gure begiek ez dute izen bat soilik ikusten; gela oso bat ikusten dute, lurruna dariola. Ur zikinez betetako bainera bat eta arnasak zulatu ez duen poltsa. Elektrodoak eta zigarrokinak. Bi gorpu karez estaliak. Hori dena da tortura, baina ez hori bakarrik. Norbaitek emandako aginduak ere badira, baina ez hori bakarrik. Egin ez diren gauza asko ere tortura dira: soto beltz batean jarri ez den kamera edo epaileak entzun ez duen testigantza. Auzi-medikuak bete ez duen txostena eta politikari batek erantzun gabe utzitako galdera. Eta polizia kolpeka Hondarribiko aireportuan. Oihuak eta jipoiak Tolosako hilerrian. Ia bi hamarkadatako isiltasuna. Astindu gabeko Intxaurrondo-ak. Hori ere bada tortura.

Ihes egin nahi diogun arren, iraganak hortxe jarraitzen du. Merkataritza zentro batera bidean eskuinaldera uzten dugun bidezidorraren gainean dagoen hesiak ezkutatzen duen leku horretan. Orain beste batzuk omen dira bezatu beharrekoak; beste hizkuntza batzuk, beste gorputz batzuk. Baina jakin nahiko nuke zer gertatzen den ezer gertatzen ez den lekuetan. •