Koldo Sagasti

Normalizaziorantz

Garai zoro hauetan sarritan entzun dugu normaltasun berri batean bizi garela. Baliteke horrela izatea, baina ez koronabirusaren izurritearen aurretiko egoerara inoiz bueltatu garelako, baizik eta duela urtebete eskas sinestezinak ziruditen egoerak egun normaltzat hartzen hasiak garelako. Garai batean, adibidez, eskandalurako motiboa ziren indar polizialen gehiegikeriak. Izan baziren, eta ez gutxitan, baina gehienetan gizartearen zati baten gaitzespenarekin egiten zuten talka. Bizi dugun distopia honetan, aldiz, poliziak, edozein koloretakoak direlarik ere, harrotuta dabiltza, pandemiaren aitzakian inpunitate osoz joka dezaketela jakitun. Ikusiak ditugu gure herrietako kaleetan, jarrera susmagarriko edozein oinezko talderen kontra oldartzen, nabarmenkeriaz armak erakusten, familiak etxetik kaleratzen, grebalariak egurtzen, herritarren mugikortasuna kontrolatzen... eta iritsi gara haien botere jarrera onartzera, komunitatearen osasun ongizatearen izenean.

Izurritearen aurkako borrokaren izenean iritsi gara onartzera, halaber, osasun sistema sustatzeko beharko liratekeen diru funts publikoak istiluen aurkako polizia taldeen tresneria indarberritzera bideratzea. Areago, normaltasun berriko garai anormal hauetan, irents genezakeen guztia irentsita genuela uste genuenean, iritsi gara entzutera noizbait iraultzailea izan zen erakunde politiko bateko arduradun gorenari esaten Ertzaintza normalizazio bidean dagoela, bilakaera bat izan duela, eta ezker abertzaleari botoa ematen dioten ertzainak dauden bezala, ertzain sartzen diren ezker abertzaleko militanteak ere badirela. Behinola «Ertzaintza hau ez da herriarena» esaten zutenek sinetsiko zuten, nonbait, polizia normalizatu zitekeela; baina, nago haiexek direla normalizaziorako lasterketa zoroan daudenak. «Ez dago poliziarik herriarena denik» aldarrikatzen genuenok, berriz, ezingo dugu sekula normaltasun berri hau normaltzat hartu. •