Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

«PERDONE...»

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Berrogei urte joan dira, gaur zortzi, atxilotu eta hil zutenetik. Zuzenbide estatuaren eta haren lege eta aparatuen aldetik, justiziarik eza eta inpunitatea baino ez du jaso; lege eta aparatu horien etsaien aldetik, oroipena eta maitasuna.

Ez zen lehena izan, ezta azkena ere, guztien zorigaiztoko ordezkari izan litekeen arren, atxilotua eta torturatua ia sinonimo diren herri honetan. Zuzenbide estatuaren ohitura hori jasan dutenen zerrenda amaigabe horretako lagun batzuen inguruko auziaren barrunbe laiotzetan arakatzen du “Paperezko hegoak” dokumentalak. “Egunkaria auzian”, hain zuzen. Samara Velteren eta Josu Martinezen lanak, epaileaz haragoko erantzukizunen eta operazioaren benetako xedearen bila, lekukotasun ugari eta itxieraren osteko albistegi eta tertulietako pasarteak bildu ditu: «Aquí cuando se cerró 'Egunkaria' mucha gente… 'aaah, un periódico!'. No, perdone, esto era un arma tan arma como pueden ser las pistolas».

«Igelak» esan zien Alfonso Sastrek “Egunkaria” baino lau urte lehenago itxi zuten beste egunkari batean argitaratutako artikulu batean. Sarritan erabiltzen du formula adeitsu hori haien korrokak: «Perdone, no son personas, son terroristas». Torturatua ez da gizakia igelen zuzenbide estatuan, eta tortura, gezurra ez bada, justifikaezina ez baina hutsegitea izan liteke torturatua etakidea ez denean.

Kazetaritza? Analisia…? Ez ezazula barkatu, baina hori lan zikina da, DGS edo Intxaurrondoko sotoetakoa bezain. Xabier Izaga Gonzalez