Iker Barandiaran

Ukatzaileak

Erabat famatua eta gorrotatua bilakatu da ukatzaile edo negazionista hitza. Hasiera batean covid-19 delakoaren existentzia ukatzen zutenek jaso zuten izen hori, baina bertsio ofizialak izen horren pean sartzen duen jendearen multzoa handitzen doa nabarmen; badago horretan interes jakin bat.

Deabruaren parekoa da dagoeneko esamolde hori, eta aurretik beste deitura batzuekin gertatutakoa errepikatu daitekeen beldur naiz. Hain zuzen ere, euskal aferan antzekoa gertatu zen: terrorista delakoak gutxi batzuk eta ia galbidean egotetik bertsio ofiziala pasatu zen esatera gizarteko zati handi bat horren parte zela. Izan ere, badu zentzurik bizitzari eta aisialdiari eusteko ahaleginak egiten dituzten gazteei ere negazionista deitzea? Agian hala deitu beharko genieke baita ere poliziaren inpunitatea eta basakeria onartzeko gai ez direnei…

Gaixotasun hau eta berorren kudeaketa argudiatuta hartu diren neurriekin asko eta asko gara kritiko, jende ugari, baina negazionistak, hain zuzen ere gaixotasun horren existentzia edo arriskua ukatzen dutenak, askoz gutxiago dira. Dena dela, egoera hau askoz gehiago luzatzen bada, beldur naiz ez ote diren gehiago izango, hain handia delako jendearen ezjakintasuna, ganorazko erreferenterik ez dugulako, manipulatuak izateko txoriburuak garelako eta, ez dezagun ahaztu, bizi dugun eskubide murrizketa itzela delako.

Jatorriko negazionista delako horiek hiru multzotan banatuko nituzke: egoera ezohiko eta guztiz desegonkor honi etekina atera nahi dioten ultraeskuindar eta katoliko jendilajea batetik; hippy, naturazale eta sistemaren aginduei historikoki kontra egin dioten taldeen multzoa bestetik; eta, azkenik, bat-batean –orain lozorrotik iratzartu balira bezala– sistemarekiko oso kritikoa den jende berria, baina ez espresuki gaztea.

Lehen multzokoek ondo baino hobeto dakite zer dagoen jokoan, itsaso nahasian arrantzan egin nahi dute beraien interesen alde jendea batuz. Bigarren taldearen kasuan, bat egiten dut oinarrizko printzipio eta helburuetako batzuekin, baina lehen multzokoek –justu horretan eragin nahi izan dute– engainatu dituztelakoan nago: sistemari kontra egiteko gonbita egin diete, baina poliki-poliki haien eremura hurbilaraziz. Nik neuk zuzenean bizi izandakoa da antisistema diren hurbilekoei entzutea Trump-ek gauza onak egin nahi zituela.

Eta, azkenik, iratzartu berrien talde izendatu dudanak kapitulu propioa merezi du. Inongo eta ez-dakit-nongo konspirazio kontakizunak sinistu eta barneratu dituzte, eta kontrastatu gabe iturri beretik datozen beste guztiak irentsi eta defendatzen dituzte.

Non bizi izan zarete orain arte? Hedabideek esaten dutenak beti izan du eta izango du interes bat atzean; gobernu eta polizien hizkuntza ohikoena jazarpena da; pertsonen bizitzek ez dute baliorik kapitalarentzat… Zerrenda luzea da, baina zoritxarrez oso zaharra. Hortaz, nora begira egon zarete orain arte, bestelako bidegabekeria guztien aurrean?

Kritikotasuna guztiarekiko izan behar da; bestela, ez da benetako kritikotasuna. Eta has gaitezen, mesedez, (adibidez) munduko uraren kudeaketa salbatzeaz baino, gure esparru hurbilagoan aldatu ditzakegun gauzak lantzen: esaterako, Amazon-i inongo erosketarik ez egiten, gure herrietako negozioetan gastua egiten, zentzugabeko AHT gelditzen eta horrek xurgatuko duen dirutza itzela gizarteak beharko dituen gauzetara bideratzen… •