Amagoia Mujika Telleria

«Zaindu zaitzatela zuen aita edo ama santisimak»

Felix Zubia medikuak oso garbi esan du noraino dagoen bere burua zaintzen ez duen jendarte bat zaintzeaz; hasi agintariekin eta segi herritarrekin, «zaindu zaitzatela zuen aita edo ama santisimak». Aspaldi entzun dudan esaldi onena da. Badakit, era berean, esaldia bota orduko haserreari profesionaltasuna gailendu zaiola eta lehen lerroan jo eta su lanean segitzen dutela Zubiak eta beste hainbeste osasun langilek. Ez dakite bestela egiten. Baina sekulako lasaitua sentitu dut Zubiak bere haserrea horrela erakutsi duelako. Zer demontre, osasun langileak oso nekatuta egoteaz gain oso haserre daude.

Haserre giro orokortua arnasten da kalean, musukoetatik gainezka egiten duena; agintarien barrabaskeriak, arauak eta mugak, mugak eta arauak, kontraesanak eta protokoloen zentzu eskasa, normaltasun falta, askatasun egarria, beldurra, ziurgabetasuna... Haserre egoteko arrazoirik ez zaio inori falta. Baina osasun profesionalen aurrean jar gaitezen tente. Zabor poltsak jantzita atera ziren ezezaguna zen birus baten aurrera bizitzak salbatzeko. Urtebete beranduago, lehen lerroan jarraitzen dute lanean. Eta norbera babesteko ekipamendua eranzten dutenean, beren lan baldintzen alde borrokan segitu behar dute. Txertatuak izateko eskean. Tristea da. Beren lana ondo egin beste kezkarik ez lukete izan behar, baldin eta agintariek osasun arloa merezi duen tokian kokatuko balute.

Zainduak izateko beharra izan dugunak oso ondo zainduak sentitu gara; telefonoaren bestaldean ahots atseginak eta pazientzia sumatu ditugu beti. Profesionalek zainduak ginela sentitu dugu.

Eta zer esan senide eta lagunei buruz. Egunero ogia atean, harakinak etxeraino ekarritako poltsak, postaz iritsitako San Blas opila... sare baten parte ginela sentitzea botika ederra izan da. Eta osasuna aldrebestuz gero Zubia eta konpainia hor zeudela jakitea, lasaitua. •