Xole Aramendi Alkorta
Elkarrizketa
Laura Penagos
Aktorea

«Arrazakeria mota asko daude hemen eta leku guztietan, zoritxarrez»

Pozarren dago Laura Penagos. Aspaldiko nahia betetzeko aukera eskaini dio Artedramak, euskaraz lan egitekoa. Agertokiz agertoki, Euskal Herria ezagutzen ari da, gainera.

Atzerrian lurra garratz” antzezlanak (Artedrama) Laura Penagos kolonbiarraren bizipenak eta hausnarketak ditu abiapuntu. Galderak. Deserriaren eta arrazakeriaren gaineko hausnarketak entzungo ditu, besteak beste, ikusleak agertokian. Euskaldunon jarreraz, garbi dio: «Hemengo erakundeetako ordezkariak eta langileak ere euskal herritarrak dira, eta haietako askok eta askok oinez oin jarraitzen dute etorkinak biktima edo borrero bihurtzen gaituen estatu arrazista baten gidaliburua».

Euskarak ireki dizu Artedramarekin lan egiteko atea.

Jakina baietz, Artedrama plataforma eszenikoak euskaraz egindako antzerkiaren aldeko apustu irmoa egin du, hau baita bere lan hizkuntza. Plazer handia da haiekin lan egitea. Are gehiago, Iasone Paradaren, Irantzu Azpeitiaren eta Mikel Unamunzagaren lana miresten dut, harritzen nau haien lana kudeatzeko moduak, batez ere kulturak bizi duen garai zail honetan; hirurak sortzaileak dira, haien lana gabe “Atzerrian lurra garratz” ez litzateke posible izango. Beti daude hor, gure alboan, eta hortik intimitate handia sortzen da, antzezlana talde lan bihurtzen duena, denok baikara agertoki gainean egoteaz harago doan sormen prozesuaren lekuko. Ederra da Iasone Parada ekoizlea bere mahaian agertoki ondoan lanean ikustea; hau Kolonbian pentsaezina izango litzateke. Mikel Unamunzaga argi eta teknika lanetan eta Irantzu Azpeitia Euskal Herrian barrena emanaldiak saltzen. Denetarik egiten dute, izugarria da, eta, hala ere, honek kultur arloak egun bizi duen prekaritatea islatzen du.

Orain arte ez bezala, sorkuntzatik lan egiten ari zara.

Lau urteko antzerki ikasketak egin nituen, eta jaso nuen formazioa teknikoki oso zurruna izan zen, baina esango nuke “ofizioa” oso ongi irakatsi zidatela. Ofizioa esaten dudanean, ez dut antzezle “ona” edo “ez ona” izatea esan nahi, baizik eta kontua dela agertokira nondik sartzen naizen, zer egiten dudan sartu baino lehen, zer agertokitik atera eta gero, zer harreman dudan nire gorputzarekin, nire ahotsarekin... zer konpromiso dudan. Gustatuko litzaidake esatea antzerkian aurretik, bitartean eta ondoren gertatzen den guztia dela ofizioa. Hala ere, konturatu naiz “Atzerrian lurra garratz”-en prozesuan hasieran agertoki gainean antzezle “instrumentala” izan nintzela, eta uste dut egoera hau egitura oso bertikala denean gertatzen dela, zuzendariak ez digunean sortzeko edo ikertzeko espaziorik uzten, une oro gure lana nola egin behar dugun esaten digunean, baina Amancay Gaztagaña zuzendariak nire unibertso pertsonala erabiltzera gonbidatu ninduen, eta sortzeko espazioa eman zidan. Sentitzen dut berak giltza garrantzitsua eman didala nire lanean hazteko eta sorkuntzaren ateak irekitzeko. Bizipen honetan egiaztatu dut antzezle sortzailea bazara, teknikak, gorputzak, ahotsak eta buruak sortzeko beste modu bat dutela antzezle lanean.

Fikzionatu egin duzue, baina zure bizipenak eta sentipenak ditu oinarri obrak. Lehen gidoia zuk idatzi eta Ander Lipusi erakutsi zenion. Hari gustatu, eta aurrera.

Ikastaro batean ezagutu nuen Lipus. Elkarrekin proiektu bat sortzea proposatu nion. Aspaldi nuen buruan ideia. «Deserriari buruz, arrazakeriari buruz, emakume izateari buruz hitz egiteko beharra dut», esan nion. «Horrez gain, ia-ia hamar urte daramat hemen, eta oraindik ezin dut antzerkia profesionalki egin», aipatu nion.

Hasieran neure burua zuzentzeko asmoa nuen, eta Lipusek noizean behin laguntzekoa; orduan berak Kubatik idatzi zidan esateko Joseba Sarrionandiak “Atzerrian lurra garratz” izenburua iradoki ziola, eta gustatuko litzaiokeela Amancay Gaztañagak zuzentzea, bera Ekuadorren jaioa delako, kristoren sentsibilitatea duelako eta, gainera, gai hau emakume batek soilik zuzendu zezakeelako. Amancay Gaztañaga ezagutu nuenean, berehala sentitu nuen berarekin lan egin nahi nuela; bere eskarmentuak, energiak eta maitasunak liluratu ninduten. Ardatza nire testua izan zen, dramaturgia Amancayk proposatu zituen egoeretan oinarritutako inprobisazioetatik sortu zen, eta Miren Amurizak orraztu zuen idatzia.

Hamabi urte daramatzazu gure artean, Iruñean hasieran, Etxarrenen orain. Zenbat izan du gozotik eta garratzetik zure migrazio prozesuak?

Migrazioa prozesua da, iragankorra da, ez da betiko. Bizipen ezberdinak bizi izan ditut: batzuk, politak; beste batzuk, gogorrak edo garratzak. Arrazakeria mota asko daude hemen eta leku guztietan, zoritxarrez. Hasieran, paperak egiteko, arrazakeria instituzionala bizi izan nuen, eta oso sistematikoa da. Gero beti dago begirada bat, keinu bat, hitz bat hemengoa ez zarela gogorarazten dizuna. Okerrena da ez dugula kontzientziarik, eta normala iruditzen zaigula; argia eman behar diogu gure alde ilun honi. Gure pentsamendua deskolonizatu eta desikasi beharra dugu. Gaur egun, arrazakeriarekin zerikusia duten bi gauza errepikatzen dira behin eta berriz: bat, hemen jaioa ez naizelako, hemen, Euskal Herrian, zer gertatzen den ez dudala ulertzen esatea; eta, bestea, nik euskaraz hitz egiten dudanean, euskaldun batzuek gazteleraz erantzutea.

Bizipen onak ere bizi izan ditut: beste kultura bat ezagutzea, euskara ikastea, harreman berriak egitea, janari ezberdina dastatzea, itsasoa hurbil izatea –ze gure herria Bogota ondoko goi-ordokian eta itsasotik oso urrun baitago–, zenbait euskaldunek euskaraz hitz egiteagatik euskaldun gisa onartzea, eta, batez ere, antzerkia euskaraz egitea; pentsa, Artedramarekin egingo dudan bira honek ia-ia Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera emango dit.

Atzerrian pausoa ez dela hain irmoa esan nahi du izenburua eman dion XVI. mendeko esaerak. Hala sentitu duzu?

Nik uste dut herri jakinduria islatzen duela. Euskal Herrian historikoki migratzaile izan zarete, eta esango nuke haien bizipenetatik sortua dela esamolde hori. Egia da nik bizitza maite dudala, asko gustatzen zaidala bizitzea, bizitza bizitzeko dela, eta inoiz ez naiz errezeloz ibili ez Kolonbian ez hemen. Jakina, garrantzitsua da moldatzea eta non bizi garen ulertzea. Bizitzak berekin ditu erronkak eta erabakiak hartu beharra leku guztietan, nabaritzen da erosotasunetik ateratzen garenean ziurgabetasunak beldurtzen gaituela. Bizitzan eta geure buruan konfiantza edukitzen ikasi behar dugu.

Zer izan da Euskal Herrira etortzearen gogorrena? Eta ederrena?

Bizipenak hazteko dira, hau da nire filosofia. Zer izango nintzateke hemen bizi izan ditudan gauza eder guztiak gabe? Zalantzarik gabe, hemen denetarik bizi izan dut, eta eskerrak ematen ditut, zeren hauek erakutsi didate nire bidea. Bizipen hauek neure barnera begirarazi didate, hauek eraman naute kontzientzia hartzera, neure burua ezagutzera. Amodioa eta lagunak ekarri dizkidate, eta, batez ere, hainbeste maite dudan antzerkiaren bidean jarri naute.

Egia da deserriak eta baldintza batzuek ez didatela bizitza erraztu, baina, aldi berean, egun batean nire herria uztea erabaki nuen eta koherentzia eta ardura izan behar dudala sentitzen dut.

Arrazakeria, deserria… mahai gainean jartzen dira antzezlanean. Euskal herritarrok nola hartzen zaituztegu kanpotik zatoztenak?

Hemen, Euskal Herrian, errealitate ezberdinak daude, munduari begiratzeko forma ezberdinak daude, leku guztietan bezala, eta ni errealitate hauetan ibili naiz. Zalantzarik gabe, hemengo erakundeetako ordezkariak eta langileak ere euskal herritarrak dira, eta haietako askok eta askok oinez oin jarraitzen dute etorkinak biktima edo borrero bihurtzen gaituen estatu arrazista baten gidaliburua. Gaia oso sakona da, geruza asko ditu. Bestetik, bere besoak zabaldu dizkidaten pertsona maitagarriak eta atseginak aurkitu ditut. Izan ere, gaur egun hemen familia handia dudala esan dezaket, eta horrek pozten nau eta sustraiak eta lurra ematen dizkit.

«Noiz arte naiz atzerritar?» galderak tokia du antzezlanean. Nola sentitzen zara etorkin deitzen dizutenean?

Zer da hemengo izatea? Zer da kanpoko izatea? Zer da migratzaile izatea? Nola hitz egin norberarenaz? Nola hitz egin besteenaz? Aspaldi ez dit axola jendeak nola deitu nahi didan; garrantzitsua ni nola sentitzen naizen da, eta gaur egun euskaldun sentitzen naiz. Oro har, etiketek aspertzen naute, aukeraz betetako mundu batean preso bihurtzen zaituztelako. Izenak, abizenak, paperak, mugak, harresiak, beltza, zuria, ezkerra, eskuina, goia, behea, iparra, hegoa… mundua mugaz beteta dago gure burua mugaz beteta dagoelako. Nik uste dut egoera hau aprobetxatu behar dugula; jendarte berria behar dugu, elkarrekin sortzaile izango garen jendartea, gure talentuak garatzeko aukera emango diguna, betiere mundu honetako iragatean dugun erantzukizuna aintzat hartuz.

Euskara ikastea pentsatu zenuen Kolonbiako zure etxean, lehen aldiz entzun zenuenean. Zerk erakarri zintuen?

Bi euskaldun ezagutu nituen, gurekin gazteleraz hitz egiten zuten, baina berehala konturatu nintzen haien artean beste hizkuntza batean hitz egiten zutela. Euskara entzun nuenean, zerbait sentitu nuen plexu solarrean; bai, zur eta lur geratu nintzen. Neure buruari galdetu nion zer ote zen. Orduan, ea zer hizkuntza zen galdetu nien, eta haiek euskara zela erantzun zidaten. Euskarak liluratu ninduen, zerbait sekretua zirudien, lurrean jaio eta azalera ateratzean haizeak indarrez bultzatzen eta zabaltzen duen zerbait. Energia boteretsua sentitu nuen, esango nuke arbasoen energia sentitu nuela, eta horrek bihotzean gainezka egin zidan.

Iruñera ailegatu eta ikasten hasi zinenean, negar malkoak ere bota zenituen. Gero, berriz hasi zinen, baina orain diozu ez dela hain zaila.

“Ilargi”, “eguzki”, “zeru”, “izar”, “lore” hitzak eta zenbaki batzuk ikasi nituen Kolonbian. Hemen, euskaltegira joan nintzen euskara ikastera, eta lehen urratsa zorigaiztokoa izan zen. Klasea bukatu eta gero frustrazio handia sentitzen nuen, ez nuelako ezer ulertzen; noizean behin negar egiten nuen, alproja sentitzen nintzen; gainera, klasean bazen oinarri bat zuen jendea, eta horrek oso urduri jartzen ninduen, ezin bainintzen besteekin komunikatu. Hainbat aldiz entzun nuen euskara oso zaila dela dioen mantra, hainbat aldiz errepikatu nion neure buruari, eta, azkenean, bigarren urratsa hasi eta utzi egin nuen. Denborarekin konturatu nintzen hizkuntza ez dela zaila, benetan zaila hitz egiteko aukerak aurkitzea dela, akatsik gabe hitz egitea dela, benetan zaila sekula ez saiatzea dela, eta ikasteari ekin nion berriro.

Kolonialismoak zuen hizkuntza (chibcha) desagerrarazi zuen, eta horrek piztu zizun hizkuntza gutxituekiko sentsibilitatea.

Zer desagertzen da hizkuntza bat desagertzen denean? Zer da lurralde bat? Zer da memoria? Zer da ahanztura? Zertarako oroitu? Lur honek indarra eta argia eman dizkit neure buruari galderak egiteko.

Hemen egonda, aurrez aurre ikus dezaket Kolonbia, artifiziorik gabe, baina beldurrez beteta. Orduan, hutsa besterik ez nuen aurkitu. Hala ere, Teseoren alaba bezala, labirintoan barneratu nintzen, baina ez ihes egiteko, minotauroa garaitzeko baizik. Bai, gure hizkuntza, chibcha, desagerrarazi zuten, eta hutsunea hain da handia, ezen oraindik ez baikara jabetu ardura horretaz. Gaur egun, mundu globalizatu eta homogeneo honetan, miraria dirudi hizkuntza txiki batek bizirautea. Horregatik maite dut euskara, eta hizkuntza gutxiagotuak miresten ditut.

«Ez dut sentitzen asimilazioa denik euskara ikastea, hau nire aukera da, kontzientea», diozu. Beste migratzaileen artean uste hori al dago?

Zorionez, euskaraz hitz egiten dugun “kanpotarrak” asimilatuak gaudela entzutea tokatu izan zait, eta zorionez esan dut, zeren uste horrek nire bihotzari argia eta kontzientzia ematen dizkio euskaraz hitz egiteko eta euskal kultura maitatzeko. Nire bizipenean inoiz ez da izan inposaketa, eta zentzu horretan arreta handia jarri dut, lehen aipatu bezala, gure herrian arbasoak hustu baitzituzten. Egia da chibcha, aimara, kitxua, eta abar hitz egitea gustatuko litzaidakeela, baina hemen bizi naiz, eta bihotzetik eta maitasunetik euskaraz hitz egitea erabaki dut. Emakume mestizoa naiz, esan dezagun “migratzailea”, ez dut pribilegiorik, baina ez naiz biktima, eta koherentziaz bizitzen saiatzen naiz. Kolonbiarra naiz, beti izango naiz, baina egun batean ez naiz kolonbiar sentituko, eta uste dut zilegi dela. Ez dut inor konbentzitu nahi. Mundua horrela sentitzen dut, besterik ez.