Ibai Azparren
ZISJORDANIAKO MARRAZAINA

Hanine Abou Mariam, Jerusalem eta Ramallah artean partidak arbitratzen dituen emakume palestinarra

Hanine Abou Mariam palestinarrari unibertsitatean Heziketa Fisikoko ikasketak hasi zituenean piztu zitzaion arbitrajearekiko interesa. Lizentziatu ondoren, emakumezkoen lehen mailan eta gizonezkoen hirugarren mailan futbol partidak arbitratzen dituzten bi emakumeetakoa bat da orain.

Kamiseta fluoreszentea jantzita eta besoan Palestinako bandera txiki bat duela, Hanine Abou Mariam Jerusalem eta Ramallah arteko Zisjordaniako Al Ram hiriko kantxa sintetikoaren alboetako batean korrika dabil. 21 urteko gazte hau emakumezkoen lehen mailan eta gizonezkoen hirugarren mailan partidak arbitratzen dituzten bi emakumeetako bat da, erresistentziaren eta ahalduntzearen sinbolo.

Palestinako borroka nazionalean emakumeen parte-hartzea aspaldikoa dela esan daiteke. Mediterraneo itsasoaren eta Jordan ibaiaren haranaren arteko lurraldearen erresistentziaren aurpegi asko emakumezkoenak dira. Menderatze eta zapalkuntza nazionala, patriarkala eta klasekoa eragiten duen sistema baten pean bizi diren emakumeenak. Esparru pribatuko matxismoaren aurka borrokatzeaz gain, emakumeen erresistentzia tradizionalki baztertu izan dituen eremu publikora ere hedatu da, eta Mariamek egin duen bezala, espazio horiek ere konkistatuz doaz.

Duela hiru urte gizonezkoen futbol partidan arbitro lanak egin zituenean, porrot egitearen beldurra nagusitu zitzaiola aitortu dio AFP agentziari. Emakumea, palestinarra eta epailea, zale zein jokalarien inpotentziaren itu eta, Eduardo Galeano parafraseatuz, akats guztien koartada, zorigaitz guztien azalpen. Baina beldur horiek bide eman zioten nazioarteko arbitro diren palestinar emakume gutxietako bat izateko anbizioari.

Mariami unibertsitatean Heziketa Fisikoko ikasketak hasi zituenean piztu zitzaion futbolarekiko interesa. Horrekin batera, arbitrajerako grina ernatu zitzaion. Behin lizentziatuta, futbol partidak arbitratzen hasi zen, marrazain lanetan. «Hasieran huts egiteko beldur nintzen, baina epaile nagusiak eta gizonezko kideek lagundu egin zidaten», azaldu du gazteak. Partida bakoitzaren aurretik, berak adi-adi entzuten dio epaile nagusiari, jokoaren kontsignak libreta batean marraztu ahala. 90 minutuz, baloia begiekin jarraitzen du, bandera gorriari eta horiari gogor eutsiz.

Mariamek hilean zazpi bat partidatan parte hartzen du eta 30 dolar inguru jasotzen ditu norgehiagoka bakoitzeko (24 euro inguru), bere taldekide gizonezkoen kopuru bera. Duela lau bat urte, Palestinako federazioak emakumeen arbitrajea baimendu zuen. Kleriko kontserbadore batzuk emakumeentzako irekiera horren aurka agertu ziren hasieran, baina jardunaldi eta urteek aurrera egin ahala kontrako ahotsak itzaltzen joan dira.

Nolanahi ere, Haninek bere familiaren babesa izan zuen. Ramallahetik gertu dagoen Burham herri txikian bizi dira. «Nire senideek beti lagundu eta babestu naute, beraiengatik nago gaur hemen», azaldu du gazteak, eta badirudi Palestinako futboleko buruzagien babesa ere baduela. «Bai, noski, konfiantza osoa dugu haiengan; emakumeak gaituta daude», azpimarratu du Ibrahim Ghrouf Palestinako futbol federazioko arbitrajearen arduradunak, eta beste 30 emakume Mariamen pausoei jarraitzeko prestakuntza jasotzen ari direla zehaztu du.

Horientzat guztientzat, istorio honetako protagonista barne, Hiba Saadia da duda gabe inspirazio iturri, emakumeen nazioarteko topaketak antolatu zituen lehen palestinarra, egun Arabiar Emirerri Batuetan bizi dena. Baita Yasmine Nirokhek ere, egun nazioarteko txapelketak zuzentzen dituena. Halere, haien izenak Interneten bilatuz gero, AFPk Mariami buruz duen informazioan baino ez dira agertzen.

Kirola egitea eskubidetzat hartzen du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco), baina emakume askok zapuztu egin behar izan dute profesional izateko ametsa, beren herrialdeetako legedia eta ohiturak direla eta.

Qatarko Batzorde Olinpikoak 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan lehen aldiz sartu zituen emakumeak herrialdea ordezkatu zuen taldean. 2022ko Munduko Futbol Txapelketarako obretan 6.500 langile baino gehiago hil izana –“The Guardian” egunkariak azaleratu duenez– albo batera utzita, FIFAk antolatutako Kluben Munduko Txapelketako finalaren garaikurrak ematerakoan Joaan bin Hamad Al Thani xekeak arbitro ziren emakumeei egindako mespretxuagatik ere seinalatu dute Qatar. Saudi Arabian, emakumeek debekatuta dute futbolean jokatzea edo igeri egitea. Duela gutxira arte ez zuten futbol partidak ikusteko estadio batera sartzeko eskubiderik ere estatu espainolak eta frantsesak armaz hornitzen duten herrialde horretan.

Hala ere, feminismoak futbolera eta arbitrajera ere iraultza ekarri nahi du, eta gogoeta sakona eragin. Bitartean, Hanine Abou Mariamek, bere aldetik, munduko estadio onenetako belarra zapaldu nahi du. Ezohikoa dirudi, normala bihurtu arte. «Nire ametsa arbitro ospetsu bihurtzea da, baina lehenbizi marrazain gisa», nabarmendu du irribarre lotsati batekin.