Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ikastea asmatze hutsa ote da?

Aldian behin, norbaiten eskola bizipenak ezagutzeko parada izaten dugu. Oraingoan, «Jakin» aldizkariko 166. alean, Berastegin (Gipuzkoa) 1932an jaiotako Jesus Altuna Etxabe arkeologo, paleoantropologo eta arkezoologoarenak irakurri ahal izan ditugu.

Ume zelarik, 36ko gerra ondorengo hartan, eskolan euskaraz ikasten zuten irakaslea euskalduna zutelako. Maisua kanpora bidali, eta haren ordez kanpotik euskararik ez zekien beste maisu bat ekarri omen zieten.

Mutil koskorretako eskola garai hartaz oroitzen du nola “lau erregelak” kantatuz ikasi zituzten. Matematikako problemetan, buruketetan, sartzean hasi omen ziren arazoak. Altunak kontatzen duenez, «ulertzen ez genuen testu batean bi zenbaki ikusten genituen. Lehenbizi batu egiten genituen. Maisuaren mahaira hurbildu eta hark ‘bien’ edo ‘mal’ esaten zigun. Bietariko lehena bazen, kontent itzultzen ginen, ongi egin bagenuen bezala, hura asmatze hutsa besterik ez zelarik. ‘Mal’ esaten bazigun, negarrez itzultzen ginen, gure artean esaten genuela: ‘Erresta in beharko yu’. Zenbaki handiari txikia kentzen genion, eta berriro zoria aldeko ote genuen probatzera. ‘Mal’ hura, hala bazegokion, gogorra zen. ‘Multiplicar izango dek’ , eta oroitzen naiz ‘multiplicar’ hitza astiro esaten genuela, berria baitzen guretzat, eta hura ahoskatzeko kontuz ibili beharra zegoen. Horrela ere ez izatera, haserre itzultzen ginen esaten genuela: Maisu bizar aundi onekin etzeok asmatzerik. Dibidir dek’. Batzuetan aurrenekoan asmatzen genuen, bestetan bigarrenean edo are laugarrenean ere».

Lehen begi kolpean pentsa liteke hizkuntza arazo bat izan litekeela matematikako problemen ebazpen zuzena zori kontua bilakatu duena. Izan liteke, horrek ere badu-eta bere eragina, dudarik gabe.

Zer gertatzen ote da, ordea, buruketak ama hizkuntzan eskaintzen dizkiegunean? Orduan ere, maiz antzematen ditugu ikasleak buruketaren testuan zenbakiak, zifrak, bilatzen. Haiek aurkitutakoan, zenbakien arteko konbinazio dantzari ekiten diote askok, Altunaren moduan, irakaslearen ahotik “ongi” entzun edo haren boligrafo urdinak proposatutako ariketaren ondoan “balekoa” adierazten duen zirriborroa egin arte.

Euria erruz egin du Altuna eta bere gelakideek Berastegiko eskola txiki hartan zoria probatzen zutenetik. Gaur egun, artean, kexa nahikoa orokorra izaten da irakasleen artean ikasleen zori bilaketa hori; estrategiak egunerokotasun erabatekoa duela, alegia.

Burura datorkit aspaldian horretaz ohartua dagoen laguna, eta denbora luzean antidotoak saiatzen ari dena, haien artean buruketaren testuan agertutako zenbaki guztiak idatziz jartzearena, adibidez.

Baina alferrik. Irakasleak martxan jarritako ekimen bakoitzeko ikasleek asmatzen dute atakatik nola atera, eta ahal delarik, eskainitako testuen letra pila saihestu eta ezkutatzen duten mezuaz ahalik eta azkarren nola jabetu saiatuz.

Oso ohikoa da, hortaz, testu baten aurrean ikasleen galdera: «Zer egin behar da?». Eta irakaslearen erantzuna: «Irakurri al duzu?».

Altunaren eskola ibilerek irakaspen ederra eskain diezagukete. Nago ikaste/irakaste prozesuaren funtsa ez ote den maizegi irakasle bizar handi haren “bien”-aren bilaketan ardaztu, zori kontuak aldeko ditugun probatzea, hain zuzen.

“Asmatu eta harik eta azkarren” lema hartuta gabiltzan bitartean, erremediorik gabe irakaskuntzaren mamiak ‘bien’ ala ‘mal’ izaten jarraituko du. Zori kontua proposatutako erronkak, azterketak, edo dena delakoak gainditzea. •