Antton Izagirre

Konkistatzaile horiek

Egun hauetan geure begien aurrean jarri digute “Perseverance” robotaren marteratzea eta ia salbuespenik gabe txalotu dugu zientzia eta garapenaren balentria. Zeresanik ez, euskal unibertsitateko zientzialarien abileziaz eta jakinduriaz garatutako tresneriaz hornituriko ontzia baldin bada hara bidali duguna. Zaila egingo zaio iritzi publikoari eginiko konkista zalantzan jartzea.

Imajinatzen dut antzeko zerbait izan zitekeela orain bostehun urte, gure basoetako egurraz eta gure herrietako olagizonek egindako itsasontziak lur ezezagun haietara bidaltzen zirenean, garaikoek balentria haietaz esan eta pentsa zezaketena. Zeresanik ez tartean Juan Sebastian Elkano moduko itsasgizonak munduari bira eman, Amerikak konkistatu eta itzultzen baldin baziren.

Ikusi besterik ez dago bostehun urte beranduago nola laudatu eta goraipatu dugun edo duten batzuek, gure agintariak tarteko, orduko gertakari haiek. Liburuak, filmak, hitzaldiak, filosofiak eta tesiak gizon haren ustezko egitateak goraipatzeko edo agian, zuritzeko, beste askoren ustetan.

Mende haietan munduari bira ematea izan zitekeen balentria zalantzan jarri gabe, eta hori besterik gabe txalotzetik harago ez al genuke galdetu beharko kolonizazio saiakera horien guztien ondorioaz? Edo noren zerbitzura jarri ziren abilezia eta jakinduria haiek? Oraindik ba al dago norbait indigenei onurak eta “zibilizazioa” eramateko itsas bidaiak izan zirela uste duenik?

Urte asko joan dira 1949an Ameriketako Estatu Batuetako Truman presidenteak, kargu-hartze hitzaldian, konkistaturiko lurralde haiek garapen bidean jarri behar zirela aldarrikatu zuen hartatik. Gaur da eguna kolonizatutako lurralde haien ekonomiaren ustiapenak kolonizatzaileen menpeko edo baldintzapeko izaten jarraitzen duena eta garapen aldarri hura iruzur hutsa bilakatu dena.

Egun hauetako marteratzea ere, askoren ustez, garapen horren lorpena izango da. Baina kontua zera da: norentzat izango ditu onurak? Zientzia eta garapen horrek, euskal zientzialariena tartean, munduko gosetea eta pobrezia behin betiko alboratzeko balioko du ala betikoen patrikak berotzeko? Denak ez du baleko izan behar. Garapen kontzeptua deseraikitzeko garaia da. •