GAUR8
ERREFUXIATUEN EGOERA

Lesbos eta Samoseko kanpamentuen egoera larritu egin dela dio MSFk

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak alarma piztu du, neguak eta kanpamentuen egoera tamalgarriak Greziako uharteetako errefuxiatuen osasun fisiko eta mentala larriagotu baitute. Ideia suizidak zituzten 50 adingabe tratatu zituen 2020an, eta aurten, dagoeneko, beren buruaz beste egiten saiatu diren hiru haur artatu ditu.

gara-2021-02-25-Reportaje

Txarrera doa errefuxiatuen egoera. 2015eko migrazio krisiak gerratik edo pobreziatik ihesi zihoazen errefuxiatuz lepo dauden kanpalekuz bete zituen Europako mugak. Ez zen gauza berria, eta ez da iraganeko kontua, milaka pertsona baitaude oraindik eremu horietan harrapatuta. Covid-19aren krisiak eta neguaren etorrerak errefuxiatuen arazo fisiko eta mentalak areagotu besterik ez dituzte egin.

Turkiatik oso gertu dagoen Samos greziar uharteko kanpamentua horren adibide bat da. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak (MSF) salatu duenez, 3.500 pertsona pilatuta daude 648rentzat sortutako kanpamentuan. Erakunde mediko-humanitarioaren arabera, gehienak basoan inprobisatutako dendetan bizi dira, zentro ofizialetik kanpo, eta ez dute ez behar adina dutxarik, ez osasun instalazio eta berotzeko babesleku egokirik.

Antzekoa da Lesbos uharteko (Samosetik iparraldera) Kara Tepeko kanpalekuaren egoera; izan ere, MSFren datuen arabera, 7.000 asilo eskatzaile eta errefuxiatu baino gehiagok –tartean 2.500 haur (urtebete baino gutxiagoko 150 haur baino gehiago)–, kanpin dendetan bizitzen jarraitzen dute, negu gogorraren eraginpean, gauean 8 gradutik beherako tenperaturarekin.

Gainera, ez dago higiene eta osasun instalazio egokirik. Guztira, 350 komun inguru daude kanpamentuan, eta 36 dutxa kabina baino ez daude, egunean 9 orduz baino funtzionatzen ez dutenak.

«Ura hotz dago, denda barruak bustita. Dena dago heze, baita mantak eta berokiak ere. Horrek guztiak beste estres faktore bat gehitzen die pertsonek kanpamentuetan dituzten zailtasunei», adierazi du Katrin Glatz-Burbakk Lesbosko MSFko haur psikologoen taldeko osasun mentaleko jardueren arduradunak.

Zerbitzu eta baliabiderik eza

Egoera horretan dago Farizeh, 33 urteko emakume afganiarra, hiru seme-alaba adingabe dituena eta lau hilabeteko haurdunaldian dagoena. «Hotz asko egiten du eta, horrezkero, ez gara dendetatik ateratzen egunez ere. Ez dago berokuntza sistemarik eta manta batzuk baino ez ditugu hotzetik babesteko. Askotan, arropa eta mantak bustita egoten dira, euriagatik edo hezetasunagatik. Egin dezakegun gauza bakarra denda barruan geratzea da, pazientzia izatea eta arropa lehortzeko eguzkia atera arte itxarotea. Ez dago elektrizitaterik janaria prestatzeko eta dena zikina eta lokatzez beteta dago», adierazi du Farizehk MSFk argitaratutako ohar batean.

Farizehk gaineratu duenez, bertan ez dute haurrentzako janaririk eta berokirik, eta kanpamentuan ez dago haurren jolaserako jarduerarik, ezta eskolarik ere. «Hemendik atera eta duintasunez bizi nahi dugu», gaineratu du.

Antzeko egoeran bizi da Mariam. 24 urte ditu eta duela urtebete eta bi hilabete iritsi zen Lesbosera, Afganistandik, «segurtasuna aurkitu eta bizitza berri bat hasteko itxaropenarekin». Aldian-aldian MSFren klinika bisitatzen du, duela gutxi bere lehen semeaz erditu baitzen. Familiak nazioarteko babesa jaso du jada, baina gobernuz kanpoko erakundeak adierazi duenez, oraindik ez dakite noiz eta nola eramango dituzten uhartetik kanpo. Bitartean, Moriako kanpamentuko sutearen ostean eraikitako zelai berrian jarraitzen dute, Kara Tepen.

«Bigarren haurdunaldiaren lehen hilabeteak oso zailak izan ziren. Udan bero gehiegi egiten zuen eta oso zaila zen dendatik kanpo mugitzea. Irailean, sutearen ondoren, haurdunaldiko unerik zailenak igaro nituen. Egun batzuk eman genituen kalean bizitzen, urik eta janaririk gabe, eta segurtasunik ezaren sentsazio etengabearekin. Batzuetan, gose nintzen, eta negar egiten nuen», dio Mariamek, eta Moriako zelai zaharrean abortu bat jasan zuela gaineratu du.

Kanpamentu berriaren egoera ez da hobea, eta neguaren etorrerarekin larritu egin da. Gazte afganiarrak azaldu duenez, ia ez dute argindarrik, sorgailua hondatuta dagoelako. «Gau batzuetan hotz gehiegi egiten du eta ezin dugu lorik ere egin. Kasu horietan, gure haurra ere esna egoten da gau osoan. Haurra bero mantentzeko egin dezakegun gauza bakarra beti gure ondoan edukitzea da, eta ahal dugun arropa eta manta guztiekin estaltzea. Hotza dela eta, haurra garbitzea saihestu behar dut. Erabat kezkatuta gaude. Gainera, asiloa eman digutenetik, ez dugu laguntza ekonomikorik jasotzen. Horrek esan nahi du ezin dugula haurrarentzako arroparik edo janaririk erosi», adierazi du.

Haurren suizidio saiakerak

Gainera, MSFk azaldu duenez, ehunka pertsona daude egoera mediko edo mental larrian harrapatuta, eta egoera horrek txikienen artean suizidio saiakerak eragin ditu. Iaz, Mugarik Gabeko Medikuek 50 haur tratatu zituzten ideia suizida larriengatik, baita suizidio saiakerengatik ere, eta aurtengo urtarrilean, erakunde mediko-sanitarioko psikologoek beren buruaz beste egiten saiatu ziren hiru haur artatu zituzten.

«Itotzen saiatu dira, pilulak hartu dituzte edo eskumuturreko zainak mozten saiatu dira. Kanpamentuak are gehiago gaixotzen ditu haurrak. Honek ezin du horrela jarraitu. Ez da trauma larriak dituzten haurrentzako lekua», azaldu du Glatz-Burbakkek, eta haur horiek «oraintxe» ebakuatu behar dituztela gaineratu.

«Benetan mingarria da inolako itxaropenik ez duten baldintzetan bizi diren haur hauek ikustea. Askok amore eman dutela esaten digute, ezin dutela gehiago jasan, mina arindu eta sufritzeari utzi nahi diotela. Eta kanpamentuetako baldintzekin ez daukate sufritzeari uzteko modurik».

Horregatik guztiagatik, Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak asilo eskatzaile guztiak, bereziki ahulenak, berehala ostatu seguru batera eramateko eskatu die EBko eta Greziako agintariei.

 

OSASUN MENTALEKO PAZIENTE BATEN GUTUNA

Urtarrilean, MSFko psikologo batek Lesboseko errefuxiatuentzako kanpamentu batean bizi den bere paziente bati eskatu zion, prozesu terapeutikoaren barruan, pentsa eta idatz zezala zerk sentiarazten zuen hoberen eta zerk ematen zion balioa. 2019ko maiatzean Lesbosera iritsi zen 20 urteko siriar bat da, eta 2021eko urtarrilean MSFra bidali zuten osasun mentalean laguntza jasotzeko, suizidio saiakera baten ostean.

Gutunean adierazi zuenez, Lesboseko kanpamentuetatik atera eta gizartean «herritar aktibo» izaten hasteko ametsa zuen, «integratuz eta nire heziketarekin jarraituz, egunen batean abokatu izateko, pertsona zaurgarri horiek guztiak, asilo-eskatzaileak eta errefuxiatuak, defendatuko dituena».

Hala ere, eskutitza idazten ari zela «oso triste eta egoera psikologiko eta emozional txarrenean» sentitzen zela aitortu zuen. «Aspaldi galdu dut gosea, egunean bazkari bakarra egiten dut, eta batzuetan bat ere ez», gaineratu zuen idazkian.

«Lo egitea saihesten dut eta gauak esna pasatzen ditut amesgaiztorik ez izateko. Ordu gutxi batzuk bakarrik lo egiten saiatzen naiz, eta beti egunez. Leku honetatik irten eta nire anaia eta ilobekin elkartu nahi dut, hemen ni baino indartsuagoak diren munstroz betetako oihan batean bezala sentitzen bainaiz. Ahulegia naiz kanpamentuko baldintza latzei bakarrik aurre egiteko», dio 20 urteko gazte siriarrak.

Era berean, kanpalekuko borroken eta arazoen beldur zela adierazi zuen gutunean, «askotan entzun izan ditut haurrak bortxatu izanaren istorioak». Siriako espetxe batean beste preso batzuen jazarpena jasan zuela gogorarazi zuen.