Itzea Urkizu Arsuaga

Lotsaizun batzuk

Azken boladan nire autobiografia zatiekin betetzen dut tarte hau; kontziente naiz. Kontua da sekula ez diodala koaderno bati ezer gehiago eskatu: izan dadila nire entzulerik fidelena. Eta, burutik eskura eta boligrafotik paperera doan bide horretan, zaila da leialtasun betiereko hori apurtzea. Sarrera hau, beraz, ez da neure burua zuritzeko saiakera bat besterik, autofikzio merkean erortzera noala nolabait abisatzeko.

Idatz nezakeelako munduaz, bertan gertatzen ari denaz, edo azken urtebetea ezer eskatu gabe ematen ari zaigun titularren bazkaz. Idatz nezake, esaterako, Espainiako Parlamentuan eztabaidagai izango duten trans legeaz. Eta gustura kontatuko nuke, batzuk genero autodeterminazioaz hau eta bestea hausnartzen ari diren bitartean, farmaziako langileak ia ukatu egin zidala, lehengoan, arrosa koloreko txupete bat gure semearentzat erostea. Tamalez, zenbaitetan antipodetan daude eztabaida teorikoak eta errealitate soziala. Esan gabe doa txupete arrosa aukeratu nuela, eta berak jakintzat emandako kaka zahar horri erantzun irmoago bat emateko gogoz geratu nintzela. Lotsa nirea, eta lotsaizuna berea.

Eta, hara hor, aitzakia perfektua, aktualitateko edozein gai alboratu eta txoko honetan terapeutarenean lantzen ditudanak kontatzeko: bai, lotsatia naiz. Ni naiz, pandemiaren erruz aurpegiko adierazkortasuna kendu diguten arren, maskarek nolabaiteko segurtasun soziala eman diezaguketela pentsatzen duten pertsona horietako bat. Durangoko Azokan, miretsitako idazleari sinadura eskatzera izerditan gerturatzen dena. Izaera irekiagoko norbaiten aldamenean, makulua eskuetan sentitzen den herrena; lotsati arnegatua, lotsati ia guztiak bezala.

Askori azaleko kontua irudituko zaio, baina lotsa erraietako hesi imajinario bat da, bizitzak hartzen duen bidean. Zerbait egin nahia eta ezina, askotan. Gogoari balazta bat jartzea da, eta gero horrek sor dezakeen frustrazioa saltsan jatea.

Baina ez hori bakarrik. Lotsati izatea da mila eta bat aldiz entzun behar izatea lehorra zarela. Le-ho-rra, hiru silaba zital horiek biltzen duten balorazioa inori eskatu izan bazenio bezala. Ai ama, justu kontrakoa izan nahiko zenukeenean. Paradoxikoki, lotsa gutxi dutenek esan ohi digute lotsatioi zein lehorrak garen.

Tira, nortasun zati honek sortu dizkidan ile urdinek bezain ondo daki lotsati on batek zertaz ari naizen. Beste bost koaderno bete nitzake anekdotikotzat jo izan ditudan baina bizitza emozionala baldintzatu didaten gertaerak zerrendatuz. Gehiegitxo litzateke, ordea.

Orain kiroldegiko gimnasioan ari naiz, ideia zurrunbilo hau guztia errepasatzen, Nathy Pelusoren “Puro Veneno” kantua belarrietan dudala. Euforiak hartu nau eta, bat-batean, Incansables txaranga irudikatu dut, Aroztegieta kalean, inauteri gauez, doinua interpretatzen. Zoramena. Postal idiliko horretan dantzan ari gara, pozik, baina nik gehiago mugitu nahiko nuke gorputza; kartsuago eta libreago. Ispiluari egingo niokeen bezala. Baina, tira, patriarkatuak ezartzen dizkigun balaztena beste baterako utziko dut. •