Nerea Goti
PLASTIKOAK ETA IRRATIA

Naiz Irratiko «Gelditu makinak» saioa eta kontinente tamaina hartu duen arazoa

Naiz Irratiko «Gelditu makinak» saioak jada kontinente baten tamaina hartu duen arazo bati heldu dio: itsasora heltzen diren hondakinak. Ertz ugariko gaian sakontzeko, hondakin horien ikerketan aritzen diren adituekin hitz egin dute. Eider Mendibururi eta Gurutz Modragoni zabaldu dizkiete mikrofonoak, baina ez haiei soilik.

Eli Pagolak gidatzen duen irratsaioak plastikoen gainean jarri du lupa. «Itsasoan dagoen horrekin zer?» galdetzeko, Eider Mendiburu eta Gurutz Mondragon ikertzaileei zabaldu dizkie mikrofonoak. Birziklatze sistema ezberdinak daudela azaldu zuten, eta arazoak hartu duen dimentsioaren aurrean beharrezkoak direla neurriak, baina bide eraginkorrenetako bat seguruenik norberaren kontsumo ohituretan «txip» aldaketa egitean datzala.

Euskal ikertzaile biek itsasoetako hondakinen bigarren erabilerarako baliagarriak diren azterketak egin dituzte. Ez dira beraiek izan gaiaren inguruan irratian gonbidatu bakarrak. Amaia Mendoza ikertzailearekin plastikoen iraunkortasunaz eta materialek erabilerarekin duten loturaz ere hitz egin dute saioan.

Eider Mendiburuk PET motako plastiko hondakinak aztertu ditu, alegia, plastikozko ur botilak, eta zehazki itsasoan luzaroan pilatutakoak aztertu ditu. Gurutz Mondragonen ikerketa ildoa, aldiz, arrantzan erabilitako sareetan zentratuta dago.

Gehienok «plastikoa» ikusten dugun tokian, izaera eta portaera ezberdinetako polimeroen familia zabal bat ikusten dute adituek, portaera ezberdinetako materialak. Bien esanetan, ozeanoetan bukatzen duten plastikoen kantitate beldurgarrien aurrean birziklapena irtenbide txiki bat izan daiteke, baina etxe bakoitzaren egunerokoan «txipa aldatzea» soluziobide osoagoa litzateke.

Plastikoen familia zabalean sartu aurretik, mahai gainean dauden ikaratzeko moduko datuen errepasoa egin zuen saioak. Urtean pertsona bakoitzak batez beste 50 kilogramo plastiko hondakin sortzen dituela zehaztu zuten; azken hamar urteetan, gainera, kontsumoaren igoera izugarria izan da: 2010ean 265 milioi tona zenbatu ziren eta 2020an, 360 milioi.

Kalkulatzen da urtean bost eta 13 milioi tona artean doazela itsasoetara. Plastikoak duen pisu txikia kontuan hartuta, pentsatzekoa da zer-nolako bolumenaz hitz egiten ari garen, Mendiburuk nabarmendu bezala.

Zenbaki astronomiko horietan sakonduz, kontsumitzen diren plastikoen %60 baino ez dela jasotzen argitu zuten. Horrek esan nahi du %60 edukiontzietara heltzen dela, baina gainerako %30aren kasuan, arrastoa ez da hain argia; argi dagoen bakarra da horren zati handi batek itsasoan bukatzen duela. Haize korronteek eta euriteek hondakin horiek ibaietara eraman eta ozeanoetara heltzen direla. Mondragonek azaldu bezala, ozeanoak eremu zabalak dira, non ez den bisualki ikusten, baina plastikoak etengabe biltzen ari dira.

Pilaketa prozesu horretaz, erantsi zuen «ozeanoetan korronte gutxi dagoen tokietan» plastikoak metatzen doazela. «Ez direnez mugitzen, metatzen jarraitzen dute eta plastiko uharte edo manta batzuk sortzen dira», argitu zuen.

Horrela sortu da Ozeano Barean dagoen plastiko uhartea, denik eta handiena, komentatu zuenez. Horren tamainaren ideia egiteko, komentatu zuen eremuak 1,6 kilometro karratu inguru dituela, «Euskal Herriko azalerarekin konparatuta, 77 aldiz handiagoa».

Birziklatzearen hierarkia

Birziklapenean enfoke ezberdinak daudela dio Mondragonek. Azaldu duenez, berrerabilera da bide egokiena, eta prozesu termomekanikoekin edo energetikoekin ia propietate berdinak dituzten produktuak ekoiztea lor daiteke.

Tratamendu kimikoa ere badago, «eta hor ditugun molekula handiak molekula txikiak bihurtu eta molekula txiki horiek berrerabili ahal dituzu erreakzio kimikoaren bidez berriz ere molekula handi bat sortzeko».

Beste eredu bat da «energiaren berreskurapen hori beroaz baliatuta egitea, edo erraustegian erretzea eta erretze horretan sortu den energia berreskuratu, metatu, pilatu eta berrerabiltzea, baina gu gehiago bideratzen ari gara mekanizazio eta kimikaren bidezko birziklapenera».

Eider Mendibururen ikerketa eremua PET plastikoen erabileran zentratu da. «Kate luzeko polimeroa» da, eta erraz bereiz daiteke ontziek dituzten zeinuei erreparatuta. Ur botilen oinarrian geziz osatutako triangelu bat ikus daiteke eta 1 zenbakia, plastiko mota hori identifikatzeko. Ur botilez gain, elikagaiak biltzeko erabiltzen diren zenbait ontzi ere mota horretakoak dira, zuritutako fruta zatiak saltzeko erabiltzen direnak edo makinetako sandwichak izaten dituztenak kasu.

Plastiko mota hori beroarekin urtu eta hotzarekin berriro solidotzen dela azaldu zuen, baina tenperatura handiak behar dira, 250 eta 360 gradu artekoak. PETaren birziklapena oso ohikoa da gaur egun. Nabarmendu zuenez, urtean 33,4 milioi PET erretxina birziklatzen da, eta arrazoia da oso plastiko erabilgarria dela, eta gainera erraz eskuratzekoa, material horrekin eginda baitaude freskagarrien botila guztiak, eta horietako asko mekanikoki eta kimikoki birziklatzen hasi dira jada.

Materialen degradazioa

Hala ere, itsasoan dauden material horiek degradazio handia izaten dutela aipatu zuen, eta horregatik, enpresentzat ez dela erakargarria itsasoko plastikoak biltzea eta beste plastikoekin batera birziklatze sisteman sartzea, «zeren horrek bukaerako produktua kalte dezake».

Uretan egotearekin bakarrik plastiko horiek propietate ezberdinak garatzen dituzte, hainbat faktoreren eraginez: eguzki erradiazioa eta izpi ultramoreak, itsasoaren gazitasuna, korronteek eta olatuek eragiten duten mugimendua eta ekosisteman egon daitezkeen elementuek eragindako marruskadura. Ez da bakarrik zikin egotea, aparteko kolorea hartzen dute, hauskorragoak dira.

Gurutz Mondragonen ikerketaren protagonistak poliamidak dira, beste plastiko mota bat, ezagunagoa den nylon materiala. Ehungintzan oso erabilia den material hori arrantzarako sareak fabrikatzeko ere erabiltzen da. Kasu honetan degradazioa ez da itsasoko PETen bestekoa, baina denbora gakoetako bat izan daiteke. Mondragonen azterlanaren atzean material horren kudeaketa egoki bat bilatu beharra dago. Itsas portuetan pilatuta dauden bolumen handiak ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Andoaingo enpresa batek horien azterketa bultzatu zuten erabilera on bat emateko zer aukera zegoen ikusteko.