Miren Azkarate Badiola

Nire diruarekin ez

Zerbaiten erreferentetzat du EITBk Galindo guardia zibila, zehazki ETAren aurkako borrokaren erreferentetzat dute etxe publiko horretako albistegietako kazetari batzuek. Horrela esan dute lasai-lasai orain egun gutxi albistegietan, hitz horiekin. Eta beste behin ere, nahiz eta sekulako astakeria izan, ez da ezer gertatu, ez da ezer mugitu, denak bere horretan jarraitzen du!

Kazetari eta euskal herritar xume bezala ere, betidanik iruditu zait EITBk publikotik ezer gutxi duela; hau da, kate pribatu baten moduan funtzionatzen duela alderdi politiko zehatz batera lerratuta eta historiaren zati bat kontatzen duela, ez osoa eta, beraz, ez duela egia islatzen. Baina berez ez luke horrela izan behar, berez denona baita eta publikoa den heinean, hau da, denon (nirea barne) diruarekin funtzionatzen duen enpresa izanik, mota honetako albisteek erabat lekuz kanpo egon beharko lukete eta onartezinak dira.

Onartezina da bi gazteren bahiketa eta erailketagatik epaitua eta kondenatuta dagoen gizon bati erreferente deitzea. Onartezina da, frogatua ez baina guztiongatik jakina denez torturatzaile handienetarikoa izandakoa erreferentea izatea. Eta erabat onartezina da guztiona den ente publiko batek hori esatea albistegietan. Kazetari horrek, bere nagusiak eta aurkezleak hori pentsatzen badute, aurrera, haiek ikusiko dute zein duten erreferentetzat beren bizitzetan. Baina kate publiko batek ezin du hori adierazi! Ezin du aldebakarreko biktimentzako errespetua eskatu eta gainontzekoak umiliatu, iraindu eta zapaldu. Eta hitz horiek esatearekin EITBko albistegietako langile zaretenak torturatu guztioi eta bereziki Intxaurrondotik pasatu zirenei sekulako mina egiten ari zarete. Aski da! Torturatzaileek duten inpunitate berdina duzue zuek edozer esateko ala? Nire diruarekin ez! •