Maite Ubiria Beaumont

Ultraeskuinaren joko zelaian beroketa arriskutsua eginez

Frantses estatuan euro baten truke menuak jarri ditu Gobernuak unibertsitateko ikasleen eskura. Gazte anitzentzat bazkari beroa jateko aukera bakarra karitatezko erakundeetara jotzea baita pandemia garaian. Parisetik mundu zabalera barreiatu diren “gose ilaren” bideoak errebolta sortzeko modukoak badira. Hala ere, arrakala sozialari karitatearen parametroen arabera erantzun dio Emmanuel Macronen gobernuak, irudi horiek argitara eman duten hausturari sakoneko arraposturik bilatu gabe. Adierazgarria izan da, bestalde, “salba ditzagun ikasle pobreak” leloa mereziko lukeen kanpainari gehitu zaion bertze osagai mingotsa.

Frederique Vidal Unibertsitate ministroak «islamo-ezkertiarrei» mozorroa kentzeko agindua eman du, ikerketa zientifikoaren ikur den CNRS gurutzada horren «kolaboratzaile» bilakatu nahian. Esku batekin, euro baten truke plater bat; beste eskuarekin, maccarthysmoaren errezeta berregosia.

Gerraurreko urteetan sustatu zen giro goibel, nahasia, garratz, suntsitzaile irudikatzen ari da gero eta gehiago urgentzia estatuaren itzalpean garatu den aro ilun honetan. Osasun larrialdiari buru egiteko aitzakiaz onarturiko agindu kate amaiezinak guztiz murriztu du joko zelaia, bide batez eztabaida publikoa muturreko parametroetara eramanez.

Elkarrizketaren ordez bakarrizketen –asko jota buruz burukoen– eskema nagusitu da, pentsamendu kolektiboaren eraikuntzari enegarren oztopoa ezarriz. Horrela, aitortu gabe ere, kanpainaurrea irudikatzen hasia da macronismoa. Dagoeneko telebista platoetara jo du, Presidentetzarako hauteskunde kanpainari begira berotze ariketak egiteko. Gerald Darmanin Barne ministroa sparring lanean jarri du Macronek. Are, boxeo emanaldi batekin aski ez, bi antolatu ditu, diglosia katodikoa profitatuz. Konplexurik gabeko eskuina eta eskuin mutur ofiziala aurrez aurre telebista publikoan. Gerald Darmaninen eta Marine Le Penen arteko borrokaldi xuria 1,9 milioi ikuslek jarraitu zuten. Eroso jardun zuten ustezko aurkariek. Lehenak migrazioa, islamismoa eta oro har «segurtasunaren erronkaren aurrean» Gobernuak harturiko ekinbide irmoa erakusteko baliatu zuen saioa; bigarrenak, irudia leunduz sinesgarritasuna irabazteko.

2017an Macronen aurka izandako debatean eginiko akatsak zuzendu eta bere programa errealitatean txertatzea izan zuen xede Le Penek. Benetako borrokaldiaren zain bere patroia izanen dela eskuinaren lemazain bakarra argi uztea zen, berriz, Barne ministroak zuen misioa. Biek ala biek lehen hurbilpenari etekina atera zioten, batak besteari aparteko minik egin gabe, biok bazutelako zer irabazi joko eremua finkatuz. 2022ko hauteskundeetan lehen itzulia tramite hutsa balitz bezala bi lehiakideen arteko eskema indartzeko balio izan zuen saioak.

Alta, gidoia nonbait motz geratu zelakoan bigarren emanaldia heldu zen. Oraingoan, aldez aurretik kimatutako joko eremuari lokatza gehituz. Birritan arrazakeria, eta zehazki islamofobia, sustatzeagatik kondenatua izan den Eric Zemmour ultraeskuin katodikoaren izarrak bere etxean, teleerrealitatearen doktrina eztabaida politikora etenik gabe eramaten duen kate pribatuan, gonbidatu gisa hartu zuen Gerald Darmanin. Hartara, muga eta arau zorrotzez beteriko garaian, legea kontzeptu lauso bat balitz bezala azaldu zen ikusleriaren aurrean, inpunitatea eskaintza politikoan txertatuz. •