Xabier Mikel Errekondo

Euskal polizia

Polizia polizia da. Komeni zaigu ez ahaztea. Birus madarikatuaren aitzakiapean protagonismo apartekoa hartu du. Bereziki oldarkor. Agian propio gizartearen “fokua” bereganatzeko, agian covid-19aren kudeaketa negargarriaren fokua desbideratzeko. Gauza ilun askotarako baliatzen da polizia...

«Zure segurtasunerako ari gara lanean…», salatu zuen Hertzainak 80ko hamarkadan, baina «zu ere izan zaitezke polizia», izan ere, orain zure osasunagatik ari dira… (no comment).

Osasunaren alde egitea da nonbait zaindu behar lituzketen herritarren begi eta masailak lehertzea, edo langileak kaleratuak direnean ehunka familiari gainera datorkien dramaren aurrean beren tresna bakarrekin, grebarekin eta konfrontazioarekin, borrokatzen direnean aurpegi eta besoak apurtzea. Enpresarien biolentzia ez du ikusten poliziak, gutxiago poliziaren arduradun politikoek. Errobiren garaitik ez da ezer aldatu…«Gure nagusia, gaixo nagusia…», lehen bezala langileak kaltetu eta kolpatuak, orain gainera kriminalizatuak; izan ere, biolentzia da nagusiaren biolentziaz defendatzea.

Erkoreka polizia zaindariak eta Marlaska ministroak poliziaren jarduna goraipatu dute, eskerrak Urkullu lehendakariak barkamena eskatu zuen… (JuanCar errege emerituaren gero eta antz gehiago hartzen diot…); hori bai, barkamen elitista, kolpatua ez baitzen langile xumea...

Beraz, Euskal Estatu berrian zer polizia eredu sortuko genuke? Nago inportanteena Polizia Zaindaria bera dela, ze poliziak zaunka egiten du eta hozka egitea du gustuko, baina Zaindariak jakin behar du uhala ongi erabiltzen, orain luze, orain labur, baina beti-beti mozalarekin eta ongi lotuta.

Herritar hauskorrenak babestu lehenik. •