Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Ezkerreko puritanismoa

Azkenaldian diskurtso desberdinak bueltaka dabiltza emakumeen objektualizazioaren inguruan. Eszena gainean dauden emakumeei buruzko komentario eta hausnarketek eraman naute lerro hauek idaztera. Irudietan ikusten ditugun emakume batzuk beren izaera sexuala erakusten ikusten ditugu eta askok ez dute begi onez ikusten halako jarrerak azaltzea. Deigarria da eskuin zein ezkerreko zenbait diskurtsok bertan topo egitea eta antzeko argudioak izatea.

Desiragarri agertzeak sortzen du halako mugimendu bat. Diskurtso hauentzat hala agertzeak objektu izatera garamatza, hainbeste urtetan egindako borroka zakarrontzira botatzera, atzerapauso larri bat. Objektu izateak subjektuak garela ukatzen duela uste da eta gure askatasuna kolokan jartzen duela. Aske izateko modu bakarra subjektu izatea omen da eta inola ere ez, “objektu” bezala agertzea. Gure sinesmenen ezaugarrietako bat dikotomietan mugitzea da: zintzoak eta gaiztoak, ona eta txarra, burua eta gorputza, kultura eta biologia, beltza eta zuria, objektu eta subjektu... Adibideak milaka aurki ditzakegu eta gai honetan ere, dikotomiaren indarrarekin egiten dugu topo. Objektu izateak, bestearen desiraren zain egotera eramaten duelakoan, harreman dependiente batera, norbait izatetik zerbait izatera igarotzen garelarik. Subjektuak izateak, ordea, pertsona aktibo bilakatuko gintuzke, independenteak, autonomoak, osoak.

Horrela, diotenez, desiragarriak garela erakusteak objektualizatzen gaitu. Horrela erakusteko modu batzuk gehiago gaitzesten ditugu beste modu batzuk baino. Ez da berdina gure gorputza biluztasunean erakustea edo intelektualki argiak garela erakustea. Gorputza bigarren planoan jartzen dugu oro har, sentsualitatea kritikatu eta jakintza goraipatu. Beste dikotomia bat. Baina, nork ezarri ditu parametro horiek? Zergatik da arrazoia gorputza eta bere plazerak baino hobea? Nola izan gaitezke subjektuak bakarrik? Desiragarriak garela edo izan nahi dugula erakusteak zergatik gutxiesten gaitu?

Badirudi ezkerreko mugimendu hauen nahia berriz ere gure gorputzak estaltzea dela, gure sentsualitatea ezkutatzea, desiragarriak izateko nahia ukatuz. Eta ez hori bakarrik, beraien ideologiatik kanpo dauden emakumeak epaitzen jarraitzea beren gorputza erakusten dutelako, sedukziora jolasten dutelako, haien ustetan beraien gorputza merkantilizatzen dutelako. Askatasunaren izenean, gizonen parametro berdinetatik epaitzen dugu, beraiek ezarritako eredua oinarritzat hartu eta gure artean epaitzen jarraitu, baina ez dugu oinarria bera ezbaian jartzen.

Izan dudan irakasle batek esaten duen bezala, guztiak gara etengabe subjektu eta objektu, interdependenteak, desirak ditugu eta desiragarriak izan nahi dugu. Agian, betebeharren aurka borrokatzea da bidea, esanahiak eraldatzea eta bakoitzak nahi duen bezala gorpuztea, oinarriak birsortzea, gure artean lehiatzeari uztea eta epaiak zakarrontzira botatzea. •