Juantxo EGAÑA

IRAGAN MENDEETAKO EUSKAL EMAKUME ARGAZKILARIAK

Madame Moreno Euskal Herriko lehen argazkilari profesionaletako bat izan zen Baionan 1860 inguruan. 1936ko gerra hasi aurretik, emakume askok lan egiten zuten estudioetan edo argazki dendetako arduradun. Esate baterako, Carmen Resines donostiarra, argazki lehiaketetan sari asko irabazi eta Donostiako alkateorde izatera iritsi zena. Ricardo Martinen alargun Agustina Zugasti, Elena Regidor, Barbara Gutierrez eta Gregoria Marazuela dira gerra baino lehen Donostian argazki dendetako arduradunak izan zirenetako batzuk. Bilbon, Dolores Brouard, Josefina Garcia, Cecilia Garay, Aurelia Garcia Brouard eta Julian Tellaetxe margolariaren emazte Carmen Valet de Montano, besteak beste. Eta Donibane Lohizunen, Jacquline Konarzewska, 1944an bere argazkietan Ipar Euskal Herriko kostaldeko hiri horren askapenaren berri jaso zuena. Carmen Koch 36ko gerran Donostian finkatutako alemaniar jatorriko argazkilari talde ezagun bateko kide zen eta, gerra garaian bere anaia argazkilariak ez zeudenez, argazki estudioan aritu zen lanean, nahiz eta haren lana ez zen inoiz aitortu, ez lehen, ez orain. Altsasun, Julia Zornoza Iriarte Etxalarko argazkilari eta moldatzailea herrian barrena burua arradatuta desfilatzera behartu zuten agintari frankistek umiliazio ekitaldi batean. Argazkigintzan egin zituen lanetatik ez da ezer iritsi gaur egunera. Haren familiak gordetzen duen egile ezezaguneko argazki honetan ageri da.