Iñaki Soto

Piztia politikoak eta beste animalia batzuk

Aristotelesek «zoon politikon» kontzeptua bota zuenean ez zen gaur egun zenbait politikarik duten animalia senaz ari. Hein batean, adimen tradizionalari kontrajartzen zaion sena da hau. Politikagintzan betidanik inozo arrakastatsuak ugariak izan diren arren, sen hau gero eta garrantzitsuagoa dela dirudi. Piztia politiko hauek, sarri, mugak agerian dituzten pertsonak dira. Irabazi eta agintzen dute, ordea, eta itxura guztien arabera argiagoak diren arerioak bata bestearen atzetik txikitzen dituzte. Beren interesak ederki defendatzeko gai dira. Zenbaitetan, interes ergelak badira ere.

Erabat libre geratu osteko bere lehendabiziko hitzaldian, Lulak brasildarrei Bolsonaroren «erabaki ergelik» ez onartzeko deia egin zien, hain zuzen ere. Aldi berean, Madrilen, Ayusok politika ergel horren adibide ona izan daitekeen diskurtsoa botatzen zuen. Ayuso eldarnioak dituen politikariaren eredu izan daiteke. Piztia politikoa ere bada, ordea. Aurrean dituen Gabilondo eta Errejon «azkarren» aldean, Ayusok «inozoa» dirudi, «ezgai eta barregarria» izateraino. Patriarkatua ere bizi-bizi dabil juzku hauetan. Ergela azkarrei behin eta berriro irabazteko gai dela dirudi, ordea. Ikusiko dugu.

Ziur asko, ikuspuntu honek adimenari buruzko ikuspegi atzeratu batekin zerikusia du. Argi dago adimen mota desberdinak daudela, mundu guztiak dosi desberdinetan dituela eta horien arteko orekak edo desorekak direla formula partikularrak sortzen dituztenak. Ez da adimen emozionalaren eta intelektualaren arteko aldea soilik. Gainera, adimenak landu eta hezi daitezke, garatu edo atzera egin dezakete. Eta ez daude isolatuak, lehian eta lankidetzan beste adimen batzuekin uztartzen dira.

Egia da alor honetan hezkuntza nahiko genukeena baino astiroago aldatzen dela. Baina aspaldi ari da aldatzen, behetik gora gainera. Adimena ikuspuntu akademikora mugatzea akatsa dela aspaldi dakigu. Etikan eta politikan, Greziatik, gutxienez.

Platonek abiatutako jakintsuen gobernuaren aldeko ildoak, ordea, bide luzea egin du. Gaur egungo adituek zenbait politikariri buruz egiten dituzten balorazioetan sarri ez dituzte alderdien tradizio eta dinamikak sartzen, ezta hautesleen pertzepzioak ere. Adituek esan beharko dute, baina nik oroitzen dudan arte, «klaseko lehendabizikoen alderdien» balantzea hondamendi elektorala da.

Politikagintzan nagusikeria ez da preziatua. Ezkerrak gehiegitan praktikatu du. Azkarrak bagara, guk ere piztiak beharko ditugu. Ergelak ez diren piztiak, jakina. Izan ere, kaskarkeriaren aurrean ezin dugu amore eman. Ildo honetan, Fred Millerrek Aristotelesen ikuspuntu politikoaren gaurkotasuna azpimarratzen du. Bere ustez, Aristotelesek garrantzia du «filosofia politikoaren kezka iraunkorrei buruzko eztabaida sakon eta bizigarrien bidez garatzen den idealismoaren eta realpolitik-aren arteko sintesi nabarmena eskaintzen duelako». Betiko auzi horien zerrenda ematen du: «Giza izaerak politikan duen zeregina, norbanakoaren eta estatuaren arteko harremana, moraltasunak politikan duen lekua, justizia politikoaren teoria, zuzenbide estatua, konstituzioen analisia eta ebaluazioa, printzipioen garrantzia politikagintzan, aldaketa politikoaren eta iraultzaren kausak eta konponbideak, eta moral mailan hezitako herritartasunaren garrantzia» [https://stanford.io/3rBqwRY]. Piztia eta zintzoa izatea ez da sekula erraza izan. •