Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Gutuna

Orain dela urtebete hasi zen dena. Itxialdiaren lehendabiziko egunak ziren. Balkoirik gabeko bosgarren solairuan berunezkoa zirudien denborak. Telesailak bata bestearen atzetik isurtzen zituen telebistako pantailak. Autolaguntzako artikuluek eta konfinamendu osteko mundu hobea iragartzen zizkidaten mezuek dantzan zerabilten telefono mugikorra. Bizilagun aspertuak azaltzen zitzaizkidan leihoz bestaldera: egongelako pilates ariketak eta balkoian emandako kontzertuak. Hiruretan pantailagoa zein ote zen hausnarrean ari nintzela txirrin hotsak aztoratu ninduen. Postaria zen.

Zail da objektuak zehazki zahartu diren uneaz jabetzea. Modernoa zenak noiz galtzen duen distira; bizitza aldatu behar zigun asmakizun horrek noiz utzi ote zion bizirik egoteari. Kaseteari gertatu zitzaion. VHSari ere bai. Tuentiari, zer esanik ez. Eta baita gutunei ere. Horregatik, oraindik ere lekuz kanpo sentitzen naiz postari batek atea jotzen duenero; “Correos”-eko moto hori betierekoa auto marka berrien artean nola.

Urtebete da, beraz, gutun hura esku artera iritsi zitzaidala. J.I.-rentzat zen gutuna. Lurrin denda batek bidalitako oparia, aitaren egunaren aitzakian. Sarrerako mahaitxoan utzi nuen. Ez nuela ukitu behar iruditu zitzaidan, ez zela nirea, beste norbaiten bizitzan sartzea zela. Hilabete batzuk baino ez ziren pisu honetara iritsi nintzela. Agentzia batekin kontratua sinatu eta berehala etorri nintzen, kaxak ondo beteta. Agindu bezala, jabeak etxea hustua zeukan, ustez. Han hasi nintzen nire gauzak apal eta armairuetan sartzen. Eta, halako batean, armairu zoko batean ezkutatuta, kartoizko kaxa bat. J.I. Ez ikusiarena egin eta nire arropak jarri nizkion gainean. Eta bizitzak bere erritmo eroan egin zuen aurrera. Gutun hura iritsi zen arte. J.I.

Bi gau igaro nituen lorik hartu ezinda. Gutuna mahaitxotik deika ari zitzaidala iruditzen zitzaidan. Azkenean, egunsentian, ohetik jaiki eta nire zuzentasun senari aurre eginez, gutuna zabaldu eta probarako lurrina gordetzen zuen plastikoa ireki nuen. Lurrinaz eskumuturra igurzteari ekin nion. Ni baino gizon heldu eta sofistikatuago batena behar zuen usain hark. Konfinatuta nengoen, auskalo zenbat egunetarako. Beraz, plastikoa guztiz apurtu eta gorputz osoan zehar barreiatu nuen lurrina.

Gutun gehiago ere iritsi dira geroztik. Aldizkariak, banketxeko jakinarazpenak, supermerkatuko kupoiak, lurrin gehiago... Hilabeteak pasa ditut zalantzan, ea ni bizi naizen etxe honetan edo etxea den nigan bizi dena. Geroz eta gutxiago ardura dit leihoz bestaldeko munduak. Azkenean, armairu zokora ere iritsi da nire sena. Kontu handiz kutxa zabaldu eta arropaz beterik dagoela ohartu naiz. Banan-banan probatu ditut jertse, galtza, alkandora eta abarrak.

Gustukoenak aukeratuta, kalera atera da J.I. •