Mirari Martiarena Iraola

Hamabost urte

Duela urtebeteko kontuekin gabiltza bueltaka. Pandemia hasiera, itxialdi bete-betea, kale hutsak. Nik lehengo urtean non eta nola nengoen bezain ongi gogoratzen dut nola nengoen duela 15 urte: kirofano batean. Egun zehatza ez dut gogoan, baina bai martxoa zela.

Autoestimua lur azpian zuen 19 urteko neska nintzen. Askotan kontatu dut jende aurrean titiak handitu zitzaizkidala beste batzuek esan zidatela. Ni ez nintzen konturatu, baina konturatu nintzenean sentitu nuen benetan nire bularren karga, bereziki emozionala. Ateratzen zidaten argazki bakoitzean besterik ez nuen ikusten: titi handiak. Bularretakorik ez erabiltzetik neurri bereziko bularretakoak behar izatera pasatu nintzen. Ez zegoen nire lagunek erabiltzen zituzten moduko top koloretsurik niretzat. Burlaren bat edo beste ere jaso nuen eta nerabezaroan hori eramatea ez da erraza.

Orduan hasi nintzen argazkiak gorrotatzen, nire titi handiak bakarrik ikusten nituelako. Orduan hasi nintzen beltzez janzten, ahalik eta gutxien nabaritu zitezen. Orduan hasi nintzen nire bizkarra okertzen, tente ibiltzeak gustuko ez nuen hori nabarmentzera behartzen ninduelako. Orduan hasi nintzen esaten ama izan ondoren bularretako ebakuntza egingo nuela. Entzun, irakurri edo esan zidatelako bularrak txikitzeko ebakuntzaren ondoren ia ezinezkoa dela ama izandakoan haurrari bularra ematea.

Esperantza horrekin eta helburu horrekin egin zuen denborak aurrera, ebakuntza hori buruan nuela bizi nintzen. Baina 19 urte nituela nire gorputzarekin nuen erlazioak okerrera egin zuen. Bularrek pisuagatik behera egin zuten eta bularretakorik gabe ia zilborreraino nituen zintzilik. Titien azpian izerdia, hezetasuna, usain txarra. Geroz eta bizkarreko min gehiago, geroz eta konplexu gehiago, geroz eta okerrago. Nire gorputzak, nire titiek nazka ematen zidaten. Ispiluaren aurrean jarri eta negar besterik ez nuen egiten.

Egoera jasangaitz horretan etxeko sukaldean gurasoei laguntza eskatu nien. Negar zotinka ebakuntza egin nahi nuela. Lagunduko zidatela esan zidaten eta beraien babes osoa izan nuen. Aste gutxiren buruan ospitaleko gela batean nengoen, medikua errotuladore batekin bularrean ebaki beharrekoak margotzen. Ondoren operazio gelara, ebakuntza egin, esnatu eta non nengoen konturatu nintzenean beldurtu egin nintzen. Beldurtu egin nuenagatik edo egin zidatenagatik. Dena ongi atera zela esan zidaten eta harrituta zeudela titi bakoitzetik kilo bat kendu zidatelako. Ez omen zen ohikoena hain gaztea eta ama izan gabe hainbesteko pisua kentzea.

Ebakuntza ondoren zaintza lanak behar izan nituen. Amak eguneroko dutxaren ondoren medikuak esan bezala lehortzen eta sendatzen zizkidan zauriak. Josturak ikusi nituenean izutu egin nintzen eta amari kargu ere hartu nion aurpegia ez zitzaiolako aldatu ere egiten hainbesteko zauriak ikusten zituenean. Aitak bazkariak prestatzen zizkidan eta ahizpek nire kapritxoak betetzen zituzten.

Nire bularrekin nuen harremana hobetu zen, autoestimuarekin batera. Orbain batzuk baditut oraindik, betiko izango direnak, baina ikusteak ez dit minik ematen. Laztandu eta maite ditudala esaten diet. Orain aste batzuk arte ez diet gurasoei benetan eskertu orduan egin zutena. Batetik ekonomikoki suposatu zuenagatik eta bestetik norbere umea lur jota ikusteak eman behar duen minagatik. Gure alaba zara, hori zen egin behar genuena. Eta zortedun sentitu nintzen hitz horiek entzundakoan, duela hamabost urte bezalaxe. •