Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Planik gabe

Ziurgabetasuna» eta «pandemia» batera iritsi zaizkigun hitzak dira, beldurrari lotuak. Ziurgabetasunari egin zaion kanpaina negatiboa ezjakintasuna nagusitzen den egoera baten agerraldiarekin dago lotuta, noiz eta biharamunari aurpegia jartzeko zailtasuna topatu dugunean, aurreikuspenik gabeko egunei aurre egitea tokatu zaigunean. Baina nago ziurgabetasunaren hautemate jakin honek ekonomia/merkatu ikuspegiaren eragin zuzena duela, diru inbestimenduentzat funtsezkoa baita etorkizuna kontrolpean izatea. Bizitzaren organikotasunarekin zerikusian diren arloetan, aldiz, ziurgabetasunak bere espazioa du, halabeharrez.

Gizarte modernoaren espazio antolakuntzak ere, ziurgabetasuna itotzeko joera du, zer-non-nola aurrez ezarritako plan batean zedarrituz. Espazioaren gaineko kontrola udalerri eta lurralde mailan jokatzen da, hirigintza tresna juridikoaren eskutik. Galdera da, ea tresna hau –Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO)– ez ote den zaharkitua gelditu. Itxiegia, zurrunegia, geldoegia delako, lurralde ikuspegi mugatuegia duelako. Bizi dugun garaiari erantzuteko gai ote da?

60ko hamarkadan planik gabeko hiriez jardun zenean, kontrol esparrua biztanleriaren gain uzteko nahiarekin eztabaidatu zen, plan bertikalegiak eta goitik beherakoak salatuz. Plan bat izatea, norabide bat izatea besterik ez da. Eta biharamunerako norabidea elkarrekin egindako eraikuntza bada, herrigintzarako tresna politiko boteretsua da dudarik gabe. Planik gabeko lurralde bat aldarrikatzea baino gehiago, plan bati errealitatera egokitzeko moduak eskatu beharko genizkioke. Norabide jakin baten eraikuntzan, hainbat egoerak eta ezbeharrek bidea birbideratzea eskatu dezakete; planak berak aurreikusi behar du bere arau multzoan doitzeko beharrari nola ekin, baldin eta zehaztutako helburuak betetzen ez badira. Egokitzeko eta berrikusteko eta proposamen berriak eskaintzeko egoera beste une kolektibo boteretsu bat izan daiteke, jakintza kolektibo handia suposatu lezakeena eta erabakien gaineko erantzukizun kolektiboa eraikitzeko bidea. Elkarrekin pentsatu, hausnartu, eztabaidatu, erabakiak hartzeak kolektiboki lurraldearen politika egitea esan nahi du, eta kolektibotasunaren eraikuntza “continuum” bat denez geroztik, denboran zehar egosten denez, ezinbestekoa da planari unean uneko gertakizunak jasotzeko espazioak –ziurgabetasuna– gaineratzea tresna bizi bat izan dadin.

Planak udalerri espazio jakin baterako eginak direnez, beste udalerriekin elkarkidetza gutxi suertatzen da. Baina pareko gatazka baten aurrean (izan etxebizitza turistikoa, baserrien etxe banaketa berriak, basoen kudeaketa, birgaitze soziala...), leku bakoitzeko xehetasunak ezberdinak izan arren, informazioa eta hausnarketak konpartitzea laguntza handia izan daiteke arazoa bideratzeko garaian, eta arazoari lurralde mailako irakurketa bat gaineratuko lioke. Arazo baten aurrean indarrak biltzea lurraldegintzaren giltza izan daiteke.

Finean, plan batek denboran eta espazioan egokitzeko moldakortasuna izango balu, lurraldeari buruzko erabaki esparru handiagoa biztanleriaren gain izateko aukera zabalduko luke. •