Iker Barandiaran

AGAKO

Gaur, larunbata, aurkeztuko ditu AGAKOk –Arrasateko Gazte Asanbladak– berau eratu zeneko 30. urteurrena gogora ekartzeko eta horren harira antolatutako egitarauaren lanik nabarmenenak –izan ere, pandemia urte osoan zehar dihardute ekintzak egiten, bestelako tamainakoak, baina ekintza ugari egiten–. Pandemia betean hasi ziren gazteak asanblearismo eta herri antolakuntza horren borroka, lanketa eta lorpen pilaketa borobil, nahaspilatsu eta aberasgarri honi forma ematen, eta lortu dute! Laster izango dugu horren guztiaren berri.

Gero eta gehiago nabarmentzen diren ahotsen kontrara, gaur egungo gazteak –garai guztietakoak bezalaxe– asmo handikoak dira eta badakite, lortu nahi dutena zaila bada ere, borrokatzen, ia guztia kontra izan arren. Halakoak izan ginen gu ere, eta halakoak izango dira etorriko direnak, ez izan zalantzarik. Nahiz eta adinaren eta sasi-nostalgiaren ikuspuntutik sarritan hala ez dela pentsatu. Hala pentsatzen badugu ez ote da, hain zuzen, jada ez garelako gazteak…

Armiarmak egin ohi duen moduan, poliki baina etenik gabe, egitasmo honen inguruan saretu dituzte belaunaldi desberdinak eta haien testigantzak batu dituzte oraindik ikusteko betarik izan ez dudan dokumental batean. Bertan jaso dituzte AGAKOren aurrekari, AGA (Arrasateko Gazte Asanblada) izenpean, 80ko hamarkadan herrian gazte asanblada bat eta «Europan inoiz izan den gaztetxe handiena» (haien hitzetan, eta ez da berez urrun ibiliko) –eta borbortiena, gehituko nuke nik– herrian zerotik martxan jarri zuten gazte haien ahotsa eta asmoa. Bertan harilkatu dute hamarkada gris, ideologizatu-askea eta irakaspen askotariko hura gerora etorritako 90eko hamarkada koloretsu, kontsumista eta gatazkatsuarekin, zein bigarren milurtekoko loraldi eta kontzientziazio mailakatuarekin. Pozik nago ni –eta seguru beste asko ere bai– behingoz gaur egungo gazteek AGAKOren beraren aurretiko hazia –ez zen guztia AGAKOrekin hasi!– ere jasotzeko jakin-mina izan eta ahalegina egin dutelako eta esperientzia aurrekari hari merezi duen garrantzia ematea nahi izan dutelako orainera ekarrita. Ezin dugu oraindik emaitza epaitu, baina bai balioan jarri gazteen inplikazio eta nahien trazabilitate horien bilakaera testuinguruan kokatu nahi izana.

Herrian izan diren hiru gaztetxeekin lotutako liburu bat ere badago labetik ateratzekotan, egina dute jada, zeina apalagoa den intentzio eta jomugan, baina trazabilitate horren baitan helburutzat duena hiru hamarkada eta erdian herriko gazteriaren parte nabarmen –edo behintzat ekimentsu– bat zertaz kezkatu, zerekin ilusionatu eta amorratu den ulertzeko kontakizuna tematika desberdinetan banatuta plazaratzea. Ezin orriotan hamarkada luze eta intentso hauetan bizi izandako buruhauste eta garaipen guztiak jaso, baina gustura hartuko dugu esku artean!

Horrez guztiaz gain, eta Arrasaten musikak –are gehiago edozeinen gaztaroan– (izan) duen pisu nabarmena saihetsezina denez, hitzak idatzi, musikatu eta bideoklipa ere sortu dute gaur egungo AGAKOko kideek herriko hainbat eta hainbat musikari eta artistaren laguntzarekin.

Balio beza honek guztiak, bizi izandakoa jasotzeko eta transmititzeko bidea emateaz gain, lortutako guztia balioan jarri, halaxe bizi, lortutakoa ospatu eta aurrean dagoen bidea, malkartsua beti eta ilusionagarria are gehiago hauspotzeko! •