Juantxo Egaña

Donibane Lohizuneko Aberri Egunean

Orain dela 50 urte, 1971ko apirilaren 4an, Aberri Eguna ospatu zen Donibane Lohizunen. Plazan ageri ziren pankartetan Burgosko Prozesuan epaitutakoak gogorarazi ziren, herritarren mobilizazioei eta nazioarteko presioari esker heriotza zigorra saihestu zutenen aurkako epaiketa hilabete batzuk lehenago izan baitzen. Egun hartan, Frantziako Poliziak bildutakoak sakabanatu egin zituen. EAE-ANVko kazeta “Eusko Lurra”-ren 179. zenbakiak jaso zuen albistea: «Donibane Lohizunen Aberri Eguna ospatu zen manifestazio patriotiko bat eginez –ikurrinak, kantuak eta gorak–, azkenean Frantziako Poliziak bortizki desegin zuena». Daniel Velezen argazkian Telesforo Monzon ageri da Donibaneko kontzentrazioan; baita, eserita, Eustakio Mendizabal “Txikia”, Jakes Abeberry, Edur Arregi, Andoni Etxarri eta Azaldeguy ere.