Antton Izagirre

Egon ala egin

Ehun eta berrogeita hamar urte bete berriak dira Parisko Komuna eratu eta Parisen gobernu iraultzaile eta sozialista izan zenetik. Bi hilabete besterik iraun ez zuen hura, askoren ustez, langileen boterearen ezarpenaren praktika gogoangarri eta bakarrenetakoa izan zen.

Gertaera haren oroitzapenak, gaurko gure gizartean askotan bete-betean hartzen gaituen teoria eta praxiaren arteko dilemak harrapatuta nauka. Esango nuke gure artean badela kapitalismoa aukera bakartzat, ezinbesteko sistematzat hartzen duen giza multzo zabala. Guztia haren eraginpean izateaz gain ezinbestean garapena posible egin lezakeen sistema ordezkaezin eta eraginkorra dela pentsatu eta haren nagusitasuna aldarrikatzen dutenak. Gehienez ere, kapitalismoak eragin ditzakeen zenbait desbideratze, ondorio, albo-kalte edo gauzatze desegokiren aurrean, kapitalismo gizatiarragoa, parte-hartzaileagoa edo berdintzaileagoa izateko makillatuko dutenak.

Beste multzo batean, kapitalismoa gure artean gertatzen diren zapalkuntza, bazterketa, mailaketa eta giza esplotazio guztien eragile nagusitzat hartuko dutenak daude. Gizartean izaten diren kalte eta gainbehera guztien errua atxikitzen diotenak. Praktika oro haren morrontzan irudikatzen dutenak. Garapena bera kapitalismoaren mesedetan ari den susmopean dutenak. Behetik gorako iraultzaz teorizatuko dutenak.

Bikoiztasun honetatik kanpo ez ote dago mundurik?

Ziur nago orain arteko garapenak sorturiko gizakion gainbehera ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta ekologikoarekiko kritika abiapuntu ezin hobea izan daitekeela oinarri desberdin batzuetatik gizakiaren ongizateari eta etorkizuneko garapenari heltzeko. Ziur aski etorkizun hori herri proiektu txiki, xume, kolektibo ugariren egitetik etorriko da eta inoiz ez determinismo hutsean egotetik. •