Aitor AGIRREZABAL
{ analisia }

Erreferenduma kozinatzen

Erreferenduma antolatzeko lege proiektuak galdera eta data zehazten ditu eta beste gako batzuk isilpean gorde. Lehen aldiz, ez du Londresen baimenik aipatzen.

Eskoziako Gobernuak astelehenean aurkeztu zuen bigarren erreferendum bat antolatzeko lege proposamena eta, adierazi zutenez, maiatzaren 6ko hauteskundeetatik Edinburgoko Parlamentuan gehiengo independentista aterako balitz, martxan jarriko lukete, galdeketa behin covid-19ak sortutako pandemia gainditutakoan egiteko.

Titular gisa, honek aurrerapauso garbi bat dirudi, baina sakonean aztertuta oraindik ez du 2014ko galdeketak bezalako oinarri sendorik agertzen.

Alde nabarmen eta agerikoena Londresen jarreran dago. Orduan, Eskozia eta Erresuma Batuko agintari ziren Alex Salmondek eta David Cameronek “Edinburgoko akordioa” sinatu zuten, britainiar Gobernuak eskoziarrari erreferenduma egiteko ahalmena eman ziona. Orain, baina, Boris Johnsonen jarrera guztiz bestelakoa da. 2014koa belaunaldi batean behin bakarrik egingo zen galdeketa zela argudiatuz, uko egin dio behin eta berriro Nicola Sturgeonekin antzeko akordio bat sinatzeari. Erabakitzeko eskubidea, publikoki behintzat ukatu gabe, ez dela «une egokia» argudiatzen du Johnsonek, eta galdeketa egiteko urte aproposena 2054a dela esateraino ere iritsi da.

Lider independentistek ez dute 2017ko udazkeneko Kataluniaren antzeko agertokirik aurreikusten, baina lege bideak jorratzen ere hasi dira, oraingoz nahiko itzalean eta etorkizuneko mugimenduak kozinatzen. Sturgeonek «agindu argi» baten esperantza baino ez du zehaztu, berriz ere hauteskundeei begira.

Sukaldeko lan horietan, azken urtean eman ditu zeharkako pausoak Edinburgoko Gobernuak. Blokeo horri, modu batean edo bestean, aurre egiteko, Eskoziako Parlamentuak bi lege-proiektu onartu ditu, subiranismoak ulertzen duenez, independentziari buruzko erreferenduma egiteko oinarriak ezartzeko. Lehena erreferendumen lege proiektua izan zen, 2020ko urtarrilaren 29an lege bihurtu zena; Eskozian etorkizuneko bozketak nola egingo diren zehazten duen esparru bat ezartzen du horrek. Era berean, Eskoziako hauteskundeen lege proiektua iazko otsailean onartu zen. Sturgeonen Gobernuaren arabera, bi lege-proiektu horiek edozein erreferendum egiteko arau orokorrak eta Eskozian egindako erreferendum guztiei aplikatuko litzaiekeen boto-eskubidea ezartzen dute.

Sturgeonen SNP alderdiak maiatzaren 6ko hauteskundeetan jarri du ikusmira eta gehiengo independentista ateratzea erreferenduma antolatzeko «agindu argia» izango litzatekeela adierazi du. Arazoa, baina, argudio hori bera Brexitarekin eta Erresuma Batuko hauteskundeekin erabili zuela da, eta orduan jasotako «agindu garbia» ez dutela gauzatu leporatzen dio independentismoaren inguruko sektore gero eta handiago batek. Kataluniako prozesua «prozesizmo» bilakatu zen bezala, Eskoziako kasuak bide berari jarrai diezaiokeela uste du sektore horrek. Hori haustera ere badator astelehenean neurrira egindako iragarpena.

Baina ez hori bakarrik. SNP-ren inguruan dabilen zurrunbiloa estaltzera ere iritsi zen lege proiektua. Alderdiaren barneko bi sektore guda gero eta agerikoagoan murgilduta daude, Sturgeonek eta bere inguruak Alex Salmonden aurkako sexu eraso salaketetan izan zuten paperaren harira. Eta asteartean Edinburgoko Parlamentuko batzordeak Sturgeonek gezurra esan zuela ebatzi zuen, kode ministeriala hautsiz. Egun bat lehenago James Hamiltonek egindako ikerketa independenteak, ostera, Sturgeon errugabetu zuen eta lider independentistaren irudiari babes zabala eman. Premier eskoziarra da Erresuma Batuan irudi onena duen politikaria, inkesten arabera, eta saltsa honek hori ilundu zezakeen arren, azkenerako indartuta atera da. Ikusi beharko da, beraz, saltsa horrek guztiak nola eragiten dion SNPri maiatzeko hauteskundeetan. Hala ere, gehiengo independentista, itzuli handirik ezean, nahiko bermatuta dago, Alderdi Berdearen babesarekin. Maiatzaren 7tik aurrerako joko-zelaia markatuko du.

Esaten ez dena

Eta hori sendotzeko mezu gisa ere uler daiteke erreferendum berri baterako aurkeztutako lege proiektua. Horrek balizko galdeketako galdera zehaztu du: «Eskoziak nazio independente bat izan beharko lukeela uste duzu?». Eta erantzuteko bi aukera. Bai ala ez. Galdera zehatz eta argia eta erantzuna ere halakoxea izatea du helburu. 2014an erabilitako boto paperaren galdera eta forma bera jasotzen ditu. Eta aipatzen du, nolabait, Eskoziako jendeak ondo ulertu zuela galdera hura, horrek konfiantza handia ematen duela eta, beraz, egokiena izaten jarraitzen duela.

Datari dagokionez, Eskoziako egungo Gobernuak argi utzi du independentziari buruzko erreferenduma datorren legegintzaldiaren lehenengo erdian egin beharko litzatekeela, covid-19aren pandemia kontuan hartuta. Hau da, 2023. urtea amaitu baino lehen. Nolanahi ere, hurrengo Parlamentuak erabaki beharko du data zehatza.

Interesgarriena, aldiz, lege proiektuak esaten ez duen hori da, agian. Orain arte, Eskoziako gobernuburu Nicola Sturgeonek kosta ahala kosta Westminsterrekin adostu nahi izan du bozketa, eta Boris Johnsonek ez du baimenik eman nahi izan, duela 7 urte bozkatu zutela argudiatuta. Izan ere, 1998ko Eskoziako Legeak Eskozia eta Ingalaterraren arteko batasunarekin zerikusia duen kontu oro Westminsterren esku utzi zuen. Holyroodek, berez, ez du erreferendumera deitzeko eskumenik. Horren aurrean, alde batetik, 30. atala deitzen zaionaren agindu baten bidez botere hori eman diezaioke Eskoziako Parlamentuari, Alex Salmondek eta David Cameronek 2014ko erreferenduma ahalbidetzeko sinatu zuten akordioan bezala.

Deigarria da, beraz, lege proiektuak inondik inora ez aipatzea Londresekin akordio hori lortu beharra dutenik. Eskozian gero eta gehiago dira Westminsterren baimenik gabe galdeketa egin nahi dutenak, nahiz eta jakina den 2014an bizitakotik urruti gera litekeela eta beste independentista askoren artean zalantzak sortzen dituela. Asmoen inguruko abisua izan liteke edota balizko negoziazio mahai batean posizioa indartzeko neurtutako mugimendu estrategikoa.

Gauzak horrela, maiatzaren 6ko hauteskunde hitzordua izanen da hurrengo geltokia. Bertatik ateratzen den Gobernuak eskura izango du Eskoziari etorkizun berri baten atea zabaltzeko giltzak ematea edota Johnsonen hormaren kontra talka egiten jarraitu eta hasierako irteera-laukitxora itzultzea.