Maite Ubiria Beaumont

Grazia aldia agortzen ari zaio Euskal Elkargoari?

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi barne dituen Euskal Elkargoaren sorrera «inteligentzia amankomunaren emaitza» izan zela aldarrikatu zuen martxoaren 20an Baionan erakundeak egin zuen herriarteko kontseiluan Jean-Rene Etchegarayk. Hiru lurraldeotako herriak ordezkatuak dira Ipar Euskal Herriko lehenengo erakunde garaikide den kolektibitatean. Elkargoko 232 ordezkari ez dira sufragio unibertsalaren bidez hautatuak izaten. Hots, bere sorreratik zeharkako demokraziaren doinupean ari da bere partitura idazten elkargoa; frantses Estatuak hesitutako larrean lurraldearen logikari hala-hola eusten. Alta, azkeneko bilkuran irudikatu zenez, mugak agerikoak dira. Errazkerian erortzeko arriskua hartuta, bileran jokabide bi irudikatu zirela erran genezake: alde batetik, elkargoa sendotuz hurrengo urratsa egin aitzin egunerokotasunaren –eta berez denboraren– kudeaketara atxikiak direnak; eta, bestetik, oztopoak bidetik ahalik eta azkarren altxatu eta ondoko fasera igaro nahi duten ordezkariak. Bi eremuetako argudioak entzun ondoren, fintze lan baten beharra sumatu zen, ordea, estrategiak errailetan jartzeko orduan. Bi arima baizik ez dira elkargoan? Zalantza izpirik gabe, ez. Izan ere, Iparraldeko erakundean 158 herritako auzapez edo udal ordezkariak esertzen diren heinean, zuri-beltzezko potreta egiteak azterketan hanka sartzeko aukerak biderkatzen ditu.

Erakundeak hurrengo urterako arautegia onartu zuen aforo apalarekin eta ohi baino giro ozpinduagoan garatu zen bilkuran. Hala ere, bere barne oreka delikatuari erantzuten dion funtzionamendu araua gehiengo zabalaz onartu zen. Are, bata bestearen atzean aurkeztu ziren proposamenak onartu ziren, nahiz eta konfiantza galerari loturiko zauria larriagotzeko arriskua irudikatu zen hainbat gaitan. Exekutiboak sostengu sendoak dituela erakutsi zuen, baina ahots kritiko batzuk entzunda «grazia aldia» amaitzeko bidean dela pentsa daiteke. «Dena, denon artean» leloak ezaugarritu zuen erakundearen zutabeak ezartzeko garaia da. Lau urte beranduago, egitura horren beharra ikusten ez zutenak ere statu quo berri horretara egokitu dira, seguruenik konbikzioz baino gehiago paisaiatik desagertzeko arriskua saihesteko.

Bileran argiki azaldu zen demokraziarena izango dela jorratu beharreko hurrengo etapa. Barne funtzionamenduari buruz entzun ziren kexak, finean, ibilmoldeari buruzko hutsuneak lehenbailehen betetzeko premiatik harago joaten baitira. Baieztapen bat: Euskal Elkargoak ez ditu asetzen Angeluko auzapez Claude Olive lemazain duen eskuin errepublikanoa eta ez baionarrei axola dieten udal kalapitak elkargoaren eremura sarri esportatzen dituen ezkerreko oposizioa. Zerbait argi dago: garai zailetan herri kudeaketan dauden auzapez abertzaleek kakofonia horretatik aldenduta gehiago dute irabazteko galtzeko baino.

Pandemiak eragindako legealdian gaude, elkartasun politikak indartzeko aroan, alegia. Herritarren eskutik zaintza antolatzearekin batera, bistan da, larrea mugatzen duten hesolak altxatu beharko dira, tokiko loturak indartuz eta aliantza politikoak sustatuz. Denontzat bada egin beharra, baita alderdientzat ere, trantsizio demokratikoa garatzeari begira. •