> Memoria antifaxistaren aldarrikapena

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak asteartean PPk Madrilgo Kongresuan aurkeztu zuen proposamenari emandako erantzuna historia eta memoria antifaxistaren ikasgai bihurtu zen. PPk «totalitarismo nazia eta komunista» parekatzen zituen bere proposamenean.

Matuteren mintzaldia Estatu osoko jendeak sare sozialetan gehien txalotu eta partekatu dutenetako bat izan da. Twitterren milioi erdi erreprodukzio baino gehiago izan ditu.

Francok eta Adolf Hitlerrek Hendaian egin zuten bilera gogoratu zuen Matutek, baita Sobietar Batasunaren aurka naziekin borrokatzera bidalitako División Azul delakoa ere. Bi-biak, naziak eta faxista espainiarrak, «Stalingraden txapeldunorde» sailkatu zirela esan zuen. Ondoren, Julian Grimau, Enrique Ruano eta German Rodriguez komunisten istorioak eta Manuel Fraga ministro frankista eta PPren sortzailearen papera errepasatu zituen. «Zuek, Alderdi Popularreko jaun-andreok, proposamen bat aurkeztu duzue gaur frankismoaren biktimak umiliatzeko, horietako asko komunistak izanda, Hirugarren Reicharen ideologia kriminalarekin parekatu nahian», esan zien. Egia, justizia, erreparazioa eta memoria nahi badute, komunismoa dela-eta ez desenkusatzeko eskatu zien, eta beren etxea garbitzen hasteko.

Zenbait euskal eta espainiar poeta komunista aipatuz bukatu zuen.

> Elia, Elhuyarren itzultzaile berria

Elhuyarren itzultzaile automatikoak Elia izena izango du aurrerantzean eta, horretaz gainera, «berrikuntzak dakartza azalean eta mamian», dio fundazioak. Izan ere, sei hizkuntza dakizkien itzultzaileak erabileran ere egin ditu aldaketak, eta duela urtebete baino lau aldiz azkarrago itzultzen ditu dokumentu formatudunak.

Tresna «malguago eta erabilerraz» horren helburua iaz izan zituen datuak (1.776.767 bisita eta 12.180.660 itzulpen eskaera) hobetzea da. Bestalde, Elia webgunean zein telefonoan deskargatutako aplikazioan erabil daiteke. Android nahiz iOS sistemetarako bertsioak daude, eta doan deskargatzekoak dira.

> Korrikako oroitzapenak, sareetan partekatuta

Oroitzapenez eta etorkizunerako konpromisoz beteta iritsi da aurten Korrika. Ezin errepideetara atera, baina sare sozialetara egin du salto azken egunetan. Joan den astean zen abiatzekoa, 10 egun eta gau luzez Euskal Herriko auzo, herri eta hiriak euskarari eta euskararen bidez lotzeko. Hala ere, osasun egoerak behartuta, 2022ra atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek.

Beraz, kale eta errepideetan ez, baina mugimendua sortu du Korrikak sare sozialetan. Askok partekatu dituzte duela bi urteko eta aurreko edizioetako oroitzapenak.

Batzuek, umorez, entrenatzeko urtebete gehiago dutela nabarmendu dute. Beste batzuek hunkituta gogoratu dituzte azken Korrikako uneak. Halaber, etorkizunera begira, lanean jarraitzeko hautua berretsi dute.

> Ekin, langileen eta makinen arteko interakzioa euskaraz

Lengoaia naturala eta makinen arteko interakzioa garatuko duen Ekin proiektua INDEUS euskal enpresen plataforman aurkeztu eta euskarazko dokumentazioa eskatu dute, proiektua garatzeko behar den corpusa osatzeko. Vicomtech, EHU, Tekniker, Ikor, IMH eta UZEI erakundeek bultzatzen dute langileen eta makinen arteko interakzio mekanismoak garatzeko proiektua.

Azpimarratu dutenez, adimen artifizialeko teknologia «aurreratuenak» erabiliko ditu, «langileen eta makinen artean hizkuntza naturaleko interfazen garapena errazteko».

«Teknologia horiekin ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko eredu neuronalak optimizatuko dira», azaldu dute. Horrez gain, «makinetan bertan kokatutako gailu elektronikoetan integratu ahal izango dira, bai eta automatismoetan ere, hedapenek eragin ditzaketen pribatutasun, segurtasun eta latentzia arazoak saihesteko».

> Tubacexeko grebalariekiko elkartasuna

Kultura eta kirol arloko hainbat lagun ezagunek elkartasuna helarazi diete sare sozialen bidez Tubacexeko langileei, kaleratzeak gelditu nahian 40 egunez greban baitaude.

Itziar Ituño aktoreak «besarkadarik beroena» bidali eta «borroka barik ez da ezer lortzen» esan die. Vallecasko Ska-p taldeko Roberto Gañan Pulpul-ek «Madrildik, munduko elkartasun guztia, indarra eta animoa» helarazi die. Gatibu-ko Alex Sarduik «eusteko» eskatu eta itxaropen mezu bat bidali du: «Dena konpondu daiteke, borroka!». Kirol mundutik, Kerman Lejarraga Europako boxeo txapeldun izandakoak elkartasuna adierazi eta «borroka bide bakarra» dela azpimarratu du.