Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Joseba Attard
Diseinatzaile grafiko eta ardi moztailea

«Nire nortasuna erabat bete ahal izateko euskara falta zitzaidala sentitzen nuen»

Hamabost urte dira jaiotzen ikusi zuen Ingalaterratik Euskal Herrira etorri zela. Euskara falta zitzaion euskal herritarra zela esateko eta horretara etorri zen, euskara janztera. Marka identitatean eta logotipoen diseinuan espezializatuta dago eta ardi moztailea ere bada. Oraintxe beren «bizitzako proiektua» eraikitzen ari dira bera eta Joanna emaztea, Eako Bedaroa auzoan. Laurehun urteko baserri batean atontzen ari dira ametsa.

Zure izena Joseba Attard da, ezta? «Galdera sakona da hori –barrez–. Nire pasaportean jartzen duenez Joseph, baina hemen denek Joseba deitzen didate eta Euskal Herrian nagoenez, erabaki nuen errazagoa zela Joseba izatea eta kito».

1979. urtean jaio zen Ingalaterran, Cotswolds eremuan dagoen Cheltenhamen. Ama Elorriokoa da eta aita, «erdi Ingalaterrakoa eta erdi Maltakoa». Hiru anai-arrebatan bigarrena da eta bera jaio zenean aita artzaina zen. «Mila bat ardi zaintzen zituen, baina ez ziren bereak, etxalde erraldoi batean lan egiten zuen. Ardi tartean jaio nintzela esan daiteke eta oso ohituta nago inguru horretara».

Berak lau urte zituela aitak lanbidea aldatu zuen, goi mailako nekazari eskoletako irakasle hasi zen eta aitaren ofizioa tarteko, etxe aldaketa asko izan zituen haurtzaroan, hara eta hona ibili zen familia. «Ingalaterran nekazari eskolak goi mailako lanbide heziketaren parekoak ziren, etxalde izugarri handiak, ez zeukaten antzik hemengo baserriekin; pentsa 500 behi, 300 txerri, milaka ardi, laurehun hektareatik gora zerealeko larreak, traktore eta makineria ugari... Bertan ikasleei irakasten zieten nola garatu ogibide bat nekazaritzan. Bertan, campusean, berrehun ikasle inguru bizi ziren eta gure familia ere etxalde eskola horietan bizi zen».

Bera haurra zen garaian ba omen ziren Ingalaterran era horretako hogei bat eskola. «Ez dauka antzik Euskal Herriko baserriekin. Hemen baserriak familiek kudeatzen zituzten nagusiki eta beren neurrian ekoizten eta saltzen zituzten produktuak, maila txikian, lokalean. Erresuma Batuan askoz ere intentsiboagoa zen eredua, eta askoz handiagoa».

Desberdintasuna ez dago ustiategien tamainan bakarrik, baita lanbidearen beraren prestigioan ere. «Nire amari adibidez beti lotsa pixka bat ematen zion bere senarra artzaina zela esateak. Garai hartan, eta baita oraindik ere, estereotipo oso markatuak daude artzainen eta nekazarien inguruan Euskal Herrian. Ingalaterran ikuskera askoz modernoagoa da, ondo ikusia dago eta negozioa da. Ingalaterrako etxaldeen jabeak gehiago dira negoziatzaileak baserritarrak baino. Jardun horrek dirua ematen badu ondo eta bestela albora uzten dute eta kito. Euskal Herrian, ogibide latza eta gogorra den arren, asko lotzen da sustraiekin eta badu ikuskera erromantikoagoa. Eta horrela joan da txikitzen eta txikitzen. Jaurlaritzak, adibidez, gero eta txikiago bihurtzen du hartzen dituen neurriekin. Nekazaritza sustatzeko neurriak direla esaten du, baina ez da horrela. Ingurura begiratu besterik ez dago, dena da eukaliptoa eta nekazariek borrokan aritu behar dute laguntzak jasotzeko».

Testuinguruari begiratuta, Attardek ederki ulertzen du baserrietan erreleboa ematea hain zaila izatea. «Euskal Herria ederra da, paregabea. Baina azala pixka bat hazkatuz gero bizirauteko sekulako lanak dituzten baserriak eta baserritarrak topatzen dituzu. Badaude proiektuak, badago lan handia egiten duen jendea, baina nekazari mundua galbidean dago».

Diseinuaren munduan urratsak

Esan bezala, Joseba Attard ardi tartean jaio zen, arkume baten pare, eta inguru horretan hazi zen. «18 urte nituela Plymouth-era joan nintzen Geografia ikastera. Etxetik zortzi ordura joan nintzen, ahalik eta urrutien. Eta hori nahi nuen hain justu independentzia eta autonomia lortzeko. Ez nuen asteburuetan etxera bueltatu nahi amak arropa zikinak garbitzeko. Ikasketak bukatu eta bertan geratu nintzen».

Unibertsitate garaian lagunekin musika talde txiki bat zeukan eta gitarra jotzen zuen bertan. Baina ez zen taldean zuen egiteko bakarra. «Kontzertuetako kartelak egiten nituen eta webgune bat ere sortu nuen. Garai hartan oso gauza berria zen, duela 22 urte oso jende gutxik zeukan webgune bat. Ikasketak bukatu eta lan gabe nengoen, oso ondo zer egin ez nekiela. Egunkari batean lan eskaintza bat ikusi nuen, argitaletxe batean diseinatzaile bat behar zuten. Bizikletan joan nintzen elkarrizketara, berandu ailegatu nintzen, izerditan, poltsikotik atera nuen nik egindako kartel bat eta webgunearen lotura eman nien, horixe bakarrik. Baina haiek nigan zerbait ikusi zuten eta orduan hasi zen nire diseinu ibilbidea. Bertan lanean hasi nintzen eta izugarri ikasi zuen. Bost urte egon nintzen, oso gustura diseinatzen. Enpresan gero eta ardura gehiago eman zizkidaten eta azkenerako nik eramaten nuen estudioaren ardura».

«Euskara falta zitzaidan»

Attardek beti izan du barruan galdera bat piztuta. «Opor garaian gu Elorriora etortzen ginen, aitona-amonengana. Londresen hiru anai-arrebak autobus batean sartu eta bakarrik etortzen ginen. Aitak paper bat sinatzen zuen, etxetik ez genuela alde egin esaten zuena. 10-11 urte nituenerako bakarrik etortzen nintzen anai-arrebekin. Guretzat itzela zen, beti opor garaian etortzen ginen, udan, Gabonetan, Aste Santuan. Beti lotzen genuen Euskal Herria jaiarekin, aisialdiarekin, giro onarekin... Nik betidanik maite izan dut Euskal Herria. Ingalaterran toki askotan bizi izan ginen, beti hara eta hona ibili ginen, eta jendeak nongoa nintzen galdetzen zidanean, ez nekien ondo zer erantzun. Eta azkenean Euskal Herrikoa nintzela esaten hasi nintzen, hemengoa sentitzen nintzelako eta haiengan kuriositatea piztu nahi nuelako».

16-17 urte zituela sentitu zuen baieztapen hori egin ahal izateko, Euskal Herrikoa zela lasai ederrean esan ahal izateko, euskaraz ikasi behar zuela. «Amak ez zigun euskaraz egiten eta Elorriora oporretan etortzen ginenean gazteleraz moldatzen ginen, Ingalaterran eskolan gaztelera ikasten genuelako. Aititak eta amamak euren artean euskaraz egiten zuten etxean, baina gurekin gazteleraz. Gainera, gure aitita ez zen batere ondo moldatzen gazteleraz. Barruan ar hori neukan, nire nortasuna erabat bete ahal izateko euskara falta zitzaidala sentitzen nuen. Eta horregatik pentsatu nuen egunen batean aukera izanez gero, Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta bertan geratuko nintzela».

27 urte zituela etorri zen une hori. Joanna, orain emazte duena, eta biak etorri ziren Ingalaterratik Euskal Herrira. «Joanna ni baino ausartagoa da eta argi zeukan hona etorri nahi zuela. Gasteizen ingeleseko irakasle bezala lanpostu bat eskaini zioten eta etorri egin ginen. Guk garbi genuen, hala ere, etorkizunean guraso izan nahi genuela eta gure haurra hazteko toki on bat nahi genuela. Eta Euskal Herria horretarako toki aproposa iruditu zitzaigun». Hamabost urte daramate Euskal Herrian bizitzen eta alaba bat daukate.

Kaixo, agur, eskerrik asko eta ondo segi. Ez omen zekien beste hitzik euskaraz duela hamabost urte hona iritsi zenean. Durangoko AEKn ikasi zuen. «Etorri aurretik bi lan elkarrizketa nituen antolatuta bi diseinu enpresatan. Bata Bilbon eta, bestea, Durangon, lehen Di-da izena zuen enpresak eta, orain Sorland. Eurekin hasi nintzen lanean, haien helburuetako bat euskararen defentsa baitzen. Ni justu horregatik etorri nintzen; euskara ikasi nahi nuen, jaietan jartzen diren pankartak ulertu, jendearen aldarrikapenak ulertu...».

Euskal Herriari begira jarrita, «argi eta garbi» ikusten eta entzuten zuen oihuka dagoen herri bat. «Bitxia da, askatasuna oso hitz ederra da. Askatasuna eskatzen dugu, baina eremu bati lotzeko, Euskal Herriko mugek markatzen duten eremu horri. Askatasuna eskatzen dugu kaiola batean egoteko, eta kaiola hori da Euskal Herriko mapa. Ez dakit, zer pentsatua ematen du...».

Hamabost urtean aldatu da Euskal Herriari begira jarrita ikusten eta entzuten duena. «Niretzat lehen Euskal Herria eremu geografiko bat zen. Orain gehiago ikusten dut herria, herritarrak, jendea. Herrialde bat herri barik ez da ezer. Herritarrek egiten dute herria, euskal people».

Bizitzako abentura berria

Di-da agentzian –orain Sorland izenekoa– hamaika komunikazio kanpaina egin zituen bertako bazkide izan zen hamar urteetan. «2006tik 2016ra egon nintzen bertan diseinatzaile eta bazkide bezala. Une batean aldatzeko beharra sentitu nuen. Emazteari esan nion: ni hiltzen naizenean hilarrian zer jarriko dute? ‘hemen dago Joseba, logotipo batzuk egin zituen eta tipo jatorra zen’. Nire bizitzan zerbait gehiago egin nahi nuen, mundua jaso nuena baino hobetoxeago utzi. Diseinuaren munduan aurrera joateko aukera edo gaitasun gabe geratu nintzen. Madril edo Londresera joan nintekeen, komunikazio enpresa handiago batera, baina hori ere ez nuen nahi. Bere proiektuetan erabat sinisten duen jendearekin lan egitea gustatzen zait, ez diot nire denbora kapitalismoari eman nahi. Eta puntu horretan emaztea eta biok hausnartzen hasi ginen, zer-nolako bizimodua nahi ote genuen. Faltan sumatzen nuen hazi nintzen giroa; etxaldea, animaliak, natura, kanpoko bizimodua... mundu horretan bizi nahi genuela erabaki genuen. Dena utzi eta baserri bat topatzea erabaki genuen, bertara bizitzera joan eta hainbat ekintza martxan jartzeko; Joannak ingeleseko klaseak eman, ni surflaria ere banaiz eta ikastaroak antolatu, landa eremuan bizi, ortua, animaliak, egonaldiak... erosketa zerrenda baten antzekoa egin genuen, nahi genuen guztiarekin. Azkenean Eako Bedaroa auzoan baserri bat erosi genuen».

Laurehun urteko baserri zahar bat egoera nahiko tamalgarrian, erdi erorita, teilatua apurtuta, sasiz betetako zortzi hektarea... Duela lau urte hasi ziren Joseba eta Joanna beren bizitzako abentura berrian. «Lehen urteak oso gogorrak izan ziren. Baserrian ez zegoen ur berorik, ez zegoen komunik eta jurta batean bizi ginen, Mongoliatik ekarritako haima modukoa. Baserri alboan jarri genuen eta bertan bizi izan ginen lehen urtean. Bitartean, etxe ondoko untxitegia konpondu genuen, txabolatxo bat. Bigarren urtea untxitegian eman genuen. Eta hirugarren urtean pasatu ginen baserrira bizitzera. Hiru txerritxoen ipuina bezala, orain dagoeneko harrizko etxean gaude. Eta oraindik otsoa ez da etorri».

Olabe Project

Olabe Project izena du martxan jartzen ari diren proiektuak. «Bizitzari 180 graduko bira eman eta gero, gure ametsa eraikitzen ari gara, benetan egin nahi duguna egiten. Gu martxan gaude denbora guztian, baina proiektua ez dago bukatuta. Finantzaketa arazoak ditugu, oraingoz ez dugu laguntzarik jaso eta dena crowdfunding bitartez, sare bat osatuz... ari gara egiten. Hiru urtetan 800 lagun baino gehiago pasatu dira hemendik, laguntzera. 35 herrialde desberdinetako jendea etorri zaigu; AEBak, Argentina, Suitza... Proiektuan eta gugan sinisten duen jendea etortzen da. Denetarik izan dugu; Belgikako eskautak edo AEBetako elizako borondatezkoak. Askotariko lanak egin ditugu denon artean. Errazagoa litzateke lan horiek denak egiteko norbait kontratatzea, baina horrek ez dauka istoriorik, hor ez dago zer kontatua. Gure asmoa da hemen aterpetxe bat zabaltzea, 40 bat lagunentzat. Ikastaroak eta tailerrak eskaini nahi ditugu bertatik, landa eremuarekin lotuta. Jendea libre eta pozik sentituko den topagune bat eraiki nahi dugu hemen, Bedaroan».

Ardi moztailea

Joseba Attard poliedrikoa da, askotariko ertzak eta aurpegiak dauzka. Ardi moztailea ere bada. «Gure aita berandu hasi zen ardiak eskilatzen, 37 bat urte zituela. Umetan beragaz joaten nintzen. Artzainen egutegian oso une garrantzitsua zen ardiak mozteko sasoia eta nire egitekoa izaten zen artilea biltzea. Ingalaterran balio handia dauka artileak, hemen ez dauka baliorik, artzainek bota egiten dute, lurperatu edo erre. Ingalaterra herrialde hotzagoa da eta etxe guztietan daude alfonbrak eta moketak, baita komunean ere. Artilea erabiltzen da horretarako, baita ere arropetarako, isolamendurako... hainbat aukera ematen ditu. Egia da Ingalaterrako ardi arraza desberdina dela eta artile bigunagoa daukala. Baina Euskal Herriko arrazek artile latzagoa daukate eta ez dauka hainbeste baliorik. Horrek ez du esan nahi txarra denik, alderantziz, ezaugarri oso interesgarriak ditu, baina bestelako irteera batzuk topatu behar zaizkio».

Gurasoak duela hamar urte jubilatu eta Elorriora etorri ziren bizitzera, amaren jaiotetxera. «Aitak bere eskilatzeko tresneria ekarri zuen Ingalaterratik Euskal Herrira eta han eta hemen hasi zen ardiak mozten. Moztailearena oso lanbide exijentea da, gogorra fisikoki, eta aitak ikusten zuen uzteko garaia gerturatzen ari zitzaiola. Bazkari batean bota zuen, ‘ze pena, ni erretiratzen naizenean zeinek hartuko du erreleboa’. Eta nik esan nion nik hartuko nuela bere lekukoa, ikasi eta hasiko nintzela ardiak mozten».

Ardiei ilea moztea lan gogorra da, sasoi onean egotea eskatzen du. «Esaten dute egun batean 8-9 orduz eskilatzea maratoi bat egitearen parekoa dela. Trebetasuna behar da, sasoian egon behar duzu. Teknika lantzeko ardiak eskilatzea beste modurik ez dago eta eskilatzaile ona izateko milaka eta milaka ardi moztu behar dituzu».

Aurten beteko du zazpigarren kanpaina. «Baserriz baserri joaten naiz ardiak moztera, batez ere artalde txikiak. Gero eta jende gehiago dago artalde txikiak dituena eta gero eta gutxiago artalde handiekin. Artalde handiak daudenean, beste eskilatzaileek deitzen didate eta taldean joaten gara. Pozik joaten naiz, besteekin beti ikasten delako zerbait. Polita da, baina ez da oso errentagarria».

Maiatza eta ekaina izaten da ardiei ilea mozteko sasoi indartsuena. Ekoizpenerako artaldeak urtean bitan eskilatzen dira, udaberrian eta neguan. «Ardiak bai edo bai eskilatu behar dira, haien ongizaterako egiten da. Pisua, euliak, beroa, gaixotasunak... horiek denak ekiditen dira».

Euskal Herritik kanpo ere ibili izan da, Ingalaterran, Alemanian, Estatu frantsesean. «Gustatuko litzaidake Galesera joatea eskilatzera. Haurtzaroko parte handi bat ipar Galeseko mugan eman nuen eta izugarri gustatuko litzaidake hara bueltatu eta bertako ardiak eskilatzea. Gainera galestarrak dira munduko eskilatzaile onenetakoak, Europan erreferenteak dira».

Oso egun bereziak

Diseinatzetik ardiak moztera eta tartean beste hamaika lan. Joseba Attarden eskuek askotariko lanak egiten dituzte egunean zehar. «Gaur egungo nire egunak oso politak dira. Pozik nago hartutako erabakiarekin. Goizean egon naiteke markari buruzko aholkularitza ematen enpresa indartsu bati, Fagor kasu. Sorlandentzat aholkulari lanak egiten ditut. Arratsaldean baserri batera joan naiteke ardiak eskilatzera. Tartean nire baserriko lanak, nire artaldea zaindu... Lehen hamabi ordu egoten nintzen ordenagailu aurrean eta hori ez da bizitza».

Baserrira erretiratu den arren, diseinatzaile lanarekin segitzen du, bai Sorlandentzat eta baita bere kabuz ere [www.josebaattard.com]. «Jarraitzen dut diseinuarekin eta oraintxe baditut hainbat proiektu esku artean. Gaur egun diseinatzaile grafikoarena oso boladan dago, oso lanbide modernoa da eta jende asko ari da horretan. Ni ez naiz kontsideratzen diseinatzaile grafikoa, hori eskaini ahal dudana mugatzea da, sortzaile sentitzen naiz eta saiatzen naiz oreka topatzen bisualaren eta berbalaren artean. Askotan galdetzen diet bezeroei: itsu batek nola ikusten du zure marka? Marka bat elementu bisuala baino askoz gehiago da, zure izaera, ezaugarriak, nortasuna, izen ona... horiek denak babestu egin behar dira marka eraikitzerakoan. Niri asko gustatzen zait bereziki izengintza. Niretzat marka sortzeko puntu garrantzitsuena da, izena oso gakoa da diseinu mailan. Pentsa, haur bat jaiotzen denean egiten dugun lehen gauza izena jartzea da».