Nerea Goti
JAZARPEN ISTORIO BAT

«Subnormal» komikitik pantaila handira doa Iñaki Zubizarretaren «infernu» hura

Ezaguna da saskibaloiaren munduan izan zuen ibilbi- deagatik eta ez dio bullyingaren aurkako borrokaren ligan jokatzeari uzten. Ez da erraza izan baina 11 urterekin bizi izan zuena kontatu du «Subnormal» komikian. Orain, pantaila handira eraman nahi du istorioa helburu batekin: «Umeen gauzak direla esateari uztea».

Hamaika urte zituen sufritzeari uzteko bere buruaz beste egiteko zorian egoteraino heldu zenean. Mutil handia zen. Ezaugarri fisiko hura edo beste edozein izan zitekeen beraren kontra joateko aitzakia. Klasean hasi zen dena. Ikaskide batzuen erasoen jopuntu bihurtu zen, eta are larriagoa, irakaslearen babesa jaso beharrean haren mespretxua ere jasan zuen, infernua biribiltzeko.

Orduko zaurien markak baditu oraindik Iñaki Zubizarreta helduak, baina itxita daude. Amorrua baztertuta, ikuspuntu positibo eta eraikitzaile batetik eskola jazarpena pairatzen duten haur eta gazteei laguntzen saiatzea bizitza helburu bilakatu da berarentzat. Bide horretan “Subnormal” komikia sortu du Panini argitaletxearekin. Fernando Llorrek gidoia egin du eta Miguel Portok istorioa marraztu du.

Saskibaloi jokalari profesionala izan zenak haurtzaroaren bukaeran bizi izan zuen istorio gordina kontatzen du bertan, eta orain pantaila handira jauzi egiteko bidean dago.

Komikia pasa den abuztuan argitaratu zen, baina eskola jazarpenaren aurkako hamaika ekimenetan sartuta, agenda topera dauka oraindik Zubizarretak. Ahots indartsuko gizontzarrak entzun zezakeen onena entzuten du azken boladan, “Subnormal” izeneko komiki hori sekulako laguntza ematen ari zaie psikologo eta psikiatrei. GAUR8ri kontatu dionez, jasotzen dituen mezu guztietan zoriondu egiten dute, eta eskerrak eman ere bai, lana beste batzuei laguntzeko oso baliagarria delako.

Egiazko pasadizoak

«Sekulako ibilbidea izaten ari da; hezkuntzan eta medikuntzan erabiltzen ari den erreminta sortu dugu», esan digu ikasgelan hainbestetan entzun behar izan zuen iraina bera lerroburu hartu duen komikiaz.

Bineta horiek den-dena kontatzen dutela azaldu du. Egiazkoak dira jasota geratu diren umiliazioak eta jipoiak, baita amildegira salto egiteko zorian egon zela kontatzen duen pasartea ere. «Nire bizitzako gertaerak dira eta komikiak transmititzen duen guztia egiazkoa da, erabat, oso fikzio gutxi dago. Hartu dugun lizentzia bakarra sare sozialen ingurukoa izan da: nire garaian ez zeuden baina beharrezkoa zen egungo gazteen munduarekin konektatzeko».

Iraganaren zati horretara begiratuta, Zubizarretak argitu digu «astakeria guztien» lehen lerroko protagonistak ez zirela izan bere gelakideak, nagusiagoak ziren mutilak eta tutorea baino. «Eraso fisikoak, irainak, mehatxuak, umiliazioak... eta irakaslearekin, kanporatze batekin taldetik erabat urrundu ninduen», dio eta bere ahotsean beste tonu bat sumatzen da.

Irakasle horren aldetik «etengabeko umiliazioak» baino ez zituela jasotzen gogoratzen du. Azterketa bat gainditzen ez zuen bakoitzean, gutxiegia ikaskide guztiei banan-banan erakusten zien. Irakasle hark ez zion Iñaki izenarekin deitzen, erasotzaileek erabiltzen zuten ezizen bera erabiltzen zuen. «Ez daukat astirik ergel bati erantzuteko», esaten ziola gogoratzen du.

«Ikasturte osoan zehar jolastokira irten gabe zigortu ninduen, baztertu egin ninduen, isolatu egin ninduen. Hor hasi ziren isiluneak, eta benetan esaten dizut egoera hori heldu batentzat gestionatzea zaila bada, ume baten kasuan horrek deuseztatu egiten zaituela», kontatu du Zubizarretak.

Eskolan gauzak horrela zeuden bitartean, etxean egoera ez zen erraza, une gogor batetik pasatzen ari zen familia. Urte batzuk lehenago, egun berean anaia bi hil zitzaizkien. Iñakik kontatzen du hiru urte gazteago zen anaia bizitzarekin zuen lotura handienetako bat bilakatu zela, baina etxekoen minari ez zion bere mina gehitu nahi izan. «Ez nituen gurasoak kezkatu nahi, nire errua gauzak isilpean gordetzea izan zen», gogora ekarri du. «Isilik egote horiek hilgarriak izan daitezke».

Honakoa azaldu du: «Desesperazioa da. Pertsona batek bere buruaz beste egin nahi izatearen arrazoia ez da ez duela bizi nahi, baizik eta itzelezko emozio zama duela eta sufritzeari utzi nahi diola».

Komikia egiteko, gordeta zituen oroitzapen guztiak berreskuratu behar izan ditu eta ariketa horretan sufrimenduaren itzalak itzuli dira Zubizarreta helduarengana. Gidoilariarekin egindako lana lazgarria izan zela dio, ez zekielako «osatuta ez zeuden zauri batzuk» bazeudela. Gogoratzean, berriz zabaldu eta hondoa ere ukitu zuela onartzen du.

Hala ere, komikian lan egiteak balio izan dio «benetan non eta nola» zegoen jakiteko. Nabarmentzen du laguntza handia izan duela, atzean daukan lagun talde handiari zor dio indar dosi eskerga. «Ez naute jausten utzi», azpimarratu du. «Egun esan dezaket komiki hori bizitzaren oparia izan dela eta terapia bat, barruan neukan ume lur joarekin konektatzeko aukera izan dut eta lan gogorra izan da», adierazi dio GAUR8ri.

Emozioen lanketa ez da erraza, eta ideiak eta sentimenduak antolatu, emozioen kontrolean trebatu eta egoera ezberdinei aurre egiteko nolabaiteko entrenamendua jarraitu behar izan du. Barruko haur mindu hori ez da desagertzen baina zentzua eman behar zaio horri guztiari aurrera jarraitzeko, eta plano horretan argi azaltzen du amorrua eta pentsamendu negatiboak baztertzen ikasi behar dela.

«Pentsamendu horiek guztiak zure kontra itzultzen dira. Hor daukazun haurra galtzen ari zara. Haurrak argizko izakiak dira eta maitasuna eman behar zaie, ez zentzu ‘pasteloso’ batean, baizik eta maitasunarekin, konexio heldu baten ikuspuntutik, non berreskuratu behar den lehenengo gauza norberaren buruzaletasuna den», azaldu du.

Ilusioa lapurtzen dizute

Garrantzi handia ematen dio Zubizarretak gatazken kudeaketari. «Hori da kudeatzen ikasi dudan beste gauza bat, eta izaera nabarmen leundu dut. Ikusi dut gatazkekin ez dudala ezer lortu, istorio txarrak baino ez ditut lortu eta ikusi dut ezin diodala boterea eman nire onetik ateratzen nauen pertsonari, bestela kontrolatzen eta menderatzen zaituzte», ohartarazi du.

Ez dago datu askorik pandemiak eragindako egoera berriak eskola jazarpen kasuetan izan ditzakeen inpaktuen gainean, baina osasun emozionalaren inguruko kezka gero eta handiagoa da. Hainbat erakundek eta elkartek antsietate eta depresio kasuen olatu handia espero dute krisialdiaren eraginez eta alarma egoeraren mugen eta isolamenduaren ondorioz.

Zubizarretak ez daki zehatz-mehatz zein eratan laguntzen duen komikiak, baina uste du lagun dezakeela barruan gordeta dagoen hori azalarazten, biktimen isolamendurako joera eta jasandakoak kontatzeko dituzten zailtasunak ikusita. «Jazarleek biktimei egiten dieten lehenengo gauza da barruko lengoaia lapurtzea; komunikatzeko gaitasun hori kentzen dizute beldurra sortuz, ziurtasunik eza areagotuz, ilusioa lapurtuz eta, batzuetan, bizitzeko gogoak ere kenduz», azpimarratu du.

Saskibaloi jokalari ohiak dioenez, bullying kasuetan erasotzaileak eta jazarle pasiboak daude, jazarpenaren lekukoak izanik gelditzeko ezer egiten ez dutenak. Bere ustetan, komikian oso ondo islatuta dago horien jokabidea. «Oso era esplizituan eta eragingarrian erakusten da zer den eskola jazarpena eta agian balio izango du haurren kontuak direla esateari uzteko, ondorioak bizitza osoan ordaintzen direlako, motxila bat daukazu».

Psikologian eta psikiatrian terapia grafikoan erabiltzen ari dira “Subnormal” komikia, baita hezkuntza munduan ere.

Behin baino gehiagotan onartu du saskibaloian aritzea funtsezkoa izan zela aurrera egiteko. Kirolak «bizitza salbatu» ziola adierazi zuen duela urtebete GARAk egindako elkarrizketa batean. Orduan nabarmendu zuen jokabide positibo batekin eraikitzen direla gauzak eta jarraitzen du pentsatzen hitzen botere berezian. Emozioen kudeaketaren ikuspuntutik eta barruko zauriak osatzeari begira, «gauza positiboak eraikitzeko dugun tresna da hitza, eta ondoan dauzkagunak indartzeko».

Botere hori praktikan jartzen du gazte askorekin. Azken urteetan ez dio utzi hitzaldiak eskaintzeari. Masajeak ematen dituen kontsultan egiten duen lanaz aparte etengabeak dira gazteak laguntzeko mezuak. «Mezu pila bat daukat, herrialdekoak eta kanpokoak eta oso urrun ez bada denbora hartu eta haiekin edo familiekin egotera joaten naiz, eta bestela era telematikoan egiten dugu: ez naizela paperezko pertsonaia bat erakutsi nahi dut, ez ditut promesak bakarrik ematen», kontatu du horrenbeste betetzen duen arlo horretaz.

Bepro fundazioarekin lan egiten du, kirolariei emozioen kudeaketan laguntzen eta arazoak dituzten gazteekin jarduten. «Amore ematea ez da inoiz aukera bat», da leloetako bat. Azpimarratzen duenez, bera da ikusten den aurpegia baina atzetik sekulako taldea dabil lanean.

Gazteekin duen harremanaz, GAUR8ri azaldu dio kezkatzekoa dela duten erreferenteen gabezia. Hala ere, argi dauka gazteak ez direla arazoa, baizik eta guk eraiki dugun mundua. «Gazteekin zaudenean, oinarri onak ematen dizkiezunean eta bidea apur bat zabaltzen diezunean, helduok baino hobeto moldatzen dira, haiekin egotea bizitzaren oparia da, arazoa gu gara eta ematen diegun mundu nahiko toxikoa».

Arazo ugari dagoela uste du, lehiakortasun handitik hasita, sare sozialen erabileratik igarota eta hainbeste informazio eta erabilera duen teknologia heldua ez den pertsona baten eskuetan egotea. «Fronte asko daude zabalik».

“Subnormal” komikian kontatzen den istorioa ez da horretan geratuko. Bereziki eskertzen du Jose Luis Cordoba Paninikoak egindako ahalegina, «apustu arriskutsua izan zelako». Lanketarekin pozik dago Zubizarreta, ondoan izan dituen profesional biek erakutsitako profesionaltasun eta sentiberatasunagatik.

Azpimarratu duenez, gidoilariak sekulako lana egin du eta marrazkilariak hitzik ez duten binetetan jakin du oldarkortasuna islatzen.

Orain, filmaren proiektuan buru-belarri dabil Iñaki Zubizarreta. Finantziazioa bilatzen ari dira “Subnormal” titulua edukiko duen film luzerako. Behin baino gehiagotan azaldu duenez, tituluak ez dauka inongo konnotaziorik, «barrutik apurtu» zutenek erabiltzen zuten iraina da, istorioa bere gordintasun osoarekin aurkezteko.

Bitartean, gidoian ere ari dira lanean eta edukiari buruz, GAUR8ri aurreratu dio pelikula komikia baino askoz harago joango dela. Haurtzaroko pasarteak eta helduarokoak nahastuko ditu, ondorioak erakusteko.

«Badaukagu lehen gidoi bat baina buelta pare bat eman nahi diogu, ez dugulako produktu huts bat nahi, baizik eta komikia bezala hezkuntzarentzat eta medikuntzarentzat euskarri bat izan daitekeen tresna garatu nahi dugu», zehaztu du egitasmo berriaren inguruan. Baina egitasmoak ez dira hor bukatzen, gida didaktiko baten sorreran ere buru-belarri dabiltza, eta Zubizarretak argitu duenez, ahalik eta eskuragarrien izatea nahi dute.

 

Isiltasuna eta sare sozialen anplifikazioa

Jazarpen kasuetan laguntza lortzeko, gertatzen ari den hori kontatzea da gakoa, baina biktimentzat bizitzen ari diren sufrimendu hori azaltzea ez da beti erraza. Beldurraren aurpegi guztiek isilarazten dute egoera, eta teknologia berriek ez dute laguntzen, erasoen dibertsifikazioa eta anplifikazioa ahalbidetzen baitituzte.

EH Kids Online nazioarteko ikerketa taldeko partaideak diren Maialen Garmendia eta Carmelo Garitaonaindia EHUko ikertzaileek ohartarazi dute gaiaren inguruan, biktima gehienek ez dietela helduei kontatzen, ez gurasoei ez irakasleei. Otsailaren bukaeran argitaratutako artikulu batean jakinarazi zutenez, 2018ko inkesta baten arabera, estatu espainoleko adin txikikoen %70ek erantzun zuten esperientzia negatiboren bat izanez gero lagunen batekin hitz egiten zutela, %46k aitarekin edo amarekin eta %11k irakaslearekin egiten zuten bakarrik.

«Etxeetan askotan adin txikikoen isiltasuna da nagusi, ez dute jazarpena kontatzen gurasoek Internet kenduko dietela pentsatzen dutelako», salatuz gero erasotzaileen ankerkeria areagotuko dutela uste dutelako edo esateak ezertarako balioko ez duela uste dutelako.

Ikertzaileen esanetan, online eta aurrez aurre gertatzen diren jazarpenak lotuta daude sarritan. «Kasu askotan, ziberjazarpena aurrez aurre hasi den jazarpenaren jarraipena da, eskolan gehienetan». Zer gertatzen da ziberjazarpenarekin? Sare sozialek duten anplifikazio ahalmen handiarekin biktimaren babesgabetasuna eta kalteak areagotzen dituztela.

Garmendiaren eta Garitaonaindiaren analisiak erasotzaileen errealitateari ere begiratzen dio. Aipatzen dutenez, hainbat ikerketak baieztatzen dute jazarleak ez direla askotan erasoen ondorio larriez jabetzen. Ehuneko handi batean, «ondo pasatzeko» baino ez dute egiten, jolas moduko zerbait balitz bezala, dituen ondorio larriez konturatu gabe. Beste askok biktima gorrotatzen dutela onartzen dute, zehaztutakoaren arabera.

Halere, EHUko bi ikertzaileek diote seme-alabek online dituzten arriskuei eta kalteei buruz gurasoek duten pertzepzioak errealitatea gutxiesten duela. 2019ko ikerketa baten datuak aipatzen dituzte, 9 eta 17 urte bitarteko hiru gaztetik bat «aurreko 12 hiletan offline edo online jazarpen gertaeren biktima» izan zela adierazten baitzuen. Erdiek esan zuten erasoak telefono eta Internet bidez izan zirela, gogoratu dute arazoaren neurriaz ohartarazteko.