Xabier Mikel Errekondo

AstraZeneca eta Ursularen kuleroak

Armiarmak amaraun erraldoian nola, koronabirusak atrapatuta dauka mundua. Agintariek hala diote. Baina film dramatikoenean bezala, baditugu salbatzaileak, farmazia laborategiak. Beraiek dira askatuko omen gaituzten txertoen jabeak, beraiek dira urrean aberasten ari direnak. Baina herritarron iritzia hainbeste (EiTB-) kanalizatu ondoren ziur naiz gehiengo zabal batek justifikatu egiten duela laborategien aberaste lizuna.

Eta bitartean, Europar Batasuneko (EB) buru Ursula Von der Leyen minduta dago, AstraZenecari ikerketarako 336 milioi euro aurreratu ondoren akordatutako 400 milioi dosiak ez direlako iristen zehaztu epeetan. Aitzitik, enpresak adierazi du beste kantitate askozaz txikiagoak bidaliko dituela, lasai asko. Iruditzen zait AstraZenecak ahalguztidun-putzekin Ursula maitea kulero-bistan jarri duela eta gonak bildu ezinik dabilela oraindik, masailgorrituta.

Pelikula dirudi, Ursula eta europar agintarien inkonpetentzia agerian, eta AstraZenecako zuzendari exekutibo Soroit jaun bihozgabea besaulkian erdi etzanik Cohibatzarra erretzen, algaraka.

Argi dago, Ursulak kontratuan ez ditu bermeak zorrozki zehaztu, europarrongana txerto dosien zenbatekoak adierazitako datetan iristeko, eta zioa biotatik bat baino ezin da izan: edo Ursula eta EBko enparauek inozentzia infantilaz jokatu dute hil ala bizikoa omen den partida, edo lobby farmazeutikoarekin duten konplizitatezko harreman biziatuaren ondorio kontzientea izan da.

Batagatik edo besteagatik Ursula maiteak lotsak tapatu beharrean gonari eusten jarraitzen du, baina nago datozen erabakiak barne-errabiaz dituela hartuko, larru beltzean estu jantzita eta fusta eskuan.

“Ederren” esku dago gure osasuna! •