Itzea Urkizu Arsuaga

Denboraren kartografia bat

Gustatzen zait pentsatzea norbere arrastoa uztera heldu ginela, behin batez, hona. Nahita edo nahi gabe, zoriak eta bestelako faktore ukiezinek hala baldintzatuta, baina noizbait norbait izan ginela inon gogoratuko duten ziurtasunaz. Badira zuhaitzak landatzen dituztenak. Apalategietako liburuetako orrialdeetako tinta arrastoak bilakatzen dituzte, askok, behinola bizi izan zirenaren lekuko. Beste batzuei erail egiten diete izana, izate hutsagatik, eta haien izenaz gogoratzen gara horrela. Izango da plagio saiakera bat ondo irten eta gezur horretatik janez historiara pasatuko denik ere. Baina, tira, egia zera da, gehienok banketxeren bati urtetan ordaindutako zorrean uzten dugula gure efimerotasunaren arrasto bakarra, edo, bestela, genealogiaren errenkada biologikoari jarraipena emanez.

Haur bat izateko erabakiaren geruzak banan-banan aztertzen hasiko bagina, akaso motibazio nartzisistaren bat ere aurkituko baikenuke tartean: munduan gure arrastoa hezur-haragitan uzteko modu bat gehiago. Ideia hori otu, eta neure buruari egia aitortzeko saiakera zintzoan ari naiz: esango nuke ez dudala amatasuna lekukotasun biologikoak bermatzeko aukeratu. Ia ziur nago horretaz.

Aldi berean, ordea, guraso ororen senezko gogoa izan ohi da, haurren bizitzetan arrastoren bat uztea, ahal bada, zentzurik onenean. Eta burutazio dantza horretan dihardut, azken hilabeteotan: nola irten ezarritako bidetik, gure semea feminismotik hazten saiatzeko. Nola utzi marka kontziente hori harengan, ondoren berak, eragin guztietatik aske, bizitza bizigarri bat izan dezan. Uste dut kontraesanen balantzan nabilela, itzala utzi nahian, arrasto nabarmenik egin gabe. Baina ez dut orekari heltzeko beste aukerarik ikusten.

Ezin baitut ezer mingarriagorik imajinatu, bularrean dudan pertsona txiki hau, hogei urte barru, balizko bortxatzaile bat izatea baino. Pentsa, orain –nire begietara– hain biribil eta hain perfektu diren masail horiek, urte gutxi barru autoritarismoa darion ahots baten erresonantzia kaxa bilakatuko balira. Zertarako eta, edozein bazkalondo inuzentetan, bere zakilaren eta gainerako zakildunen interesekoak ez diren hizketa gaiak eten, eta bolumen handiagoz beste gairen bat mahai gaineratzeko, adibidez. Pentsa, betile luze horiek noizbait begirada lizunen babes izango balira; jazarpena apaintzeko marko. Pentsa, erraietatik atera zaidan honek erraiak pitzatuko balizkit. Nola, bada?

Erronka handiegiek burmuinean gain hartzen digutenean, komeni izaten da norbere burua besarkatzea, hain gaizki ere ez garela ari gogorarazteko. Azkar esanda, guztia erlatibizatzea, mundu honi seguruenik norabiderik aldatuko ez diogula kontziente izanda. Gure porrot eta lorpenak orbanetan zenbatzea. Gu baikara utzi nahi dugun arrastoaren, eta benetan utziko dugunaren arteko territorio hori. Gu baikara gure inperfekzio denen mapa; denboraren kartografia bat. •