Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Oldarkorrak

Eliza katolikoa eraldatzeko 95 tesiak argitaratu zituen Martin Luterok 1517an. Milurteko erdia pasatu da ordutik baina ondorioak nabariak dira oraindik arkitekturan eta hirigintzan. Erasmus urtean, Bruselan nengoela, astebeteko bidaia egin genuen Herbehereetara; leku aproposa tradizio erlijioso-kulturalen eta arkitekturaren arteko harremana ulertzeko.

Amsterdameko Java uhartean geundela, etxebizitza asko ikusi genituen eraikinen behe oinetan, gertuko merkataritza ez baita gai denak betetzeko. Harritu gintuen horrek, baina harritu gintuen, batez ere, etxebizitza horien gardentasunak. Gehienetan ez zegoen inongo trantsizio espazio edo trantsizio elementurik fatxadaren eta kalearen artean. Eskuak eta burua kristalaren kontra jarri eta etxebizitza goitik behera zelatatzeko moduko beirate ederrak zituzten, argia erruz sar zedin eta bistak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Terraza edo balkoia zuten batzuek, kaletik zentimetro batzuk gorago soilik eta metalezko baranda fin batez inguraturik. Bertan, mahai bat, aulki pare bat eta landare batzuk agerian.

Bi albo ondorio ditu honek. Lehena, ezezagunen etxeak lasai asko ikus ditzakeela oinezkoak; bigarrena, inork ez duela egiten inori ez diolako axola.

Maiz akordatzen naiz bidaia iniziatiko hartaz, eta Espainiak pertsianekin duen obsesioaz ondoren. Hori bakarrik balitz gaitz erdi: pertsianak icebergaren punta besterik ez dira, hamaika elementu asmatu eta erabiltzen baitugu etxe barruan egiten duguna ezkutatzeko. Oso katolikoa dena, bide batez esana, eta oso euskalduna, hegoaldekook bederen bete-betean egiten baitugu bat klixe, topiko edo ohitura espainiarra omen den horrekin. Esango nuke, gainera, korrelazioa dagoela ezkutatzeko grinaren eta voyeurismoaren artean.

Kanadako etxebizitza eraikin berri baten irudiak ikusi nituen aurrekoan: behe oinean etxebizitzak, barandarik gabeko terraza txiki banarekin. Terrazen eta kalearen artean euri urak bideratzeko kanal txiki bat eta kanalaren eta zoladura publikoaren artean belar zerrenda txiki bat. Lasaitasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna transmititzen zituen tokiak.

Bat-batean akordatu nintzen azken urteotan gurean egin diren garapen urbanistiko berriekin: behe oinetan etxebizitzak daudenean penitentzia egiten ariko balira bezala da: leiho txikiak izan ohi dituzte, gehi pertsianak, gortinak eta maiz barroteak –badaezpada ere–. Terraza izatekotan, bunkerizatuak izan ohi dira: kaletik metro bateko altueran, barandaren ordez hormigoizko petrila –beste metro bat–, atzean 2 metroko altuerako landareak dituztela, kasurik sotilenean. Dentsitate baxuko auzo berrietan ere antzeko: dena da hesi, petril, horma, landare igokari artifizial, auskalo zer, ez dezagun ikusi. Hori gutxi balitz bezala, auzo maldatsu batzuetan pauso bat harago doaz, orube osoa hesitzearekin batera guztiz desagertzen baitira kaletik bestela ikusiko liratekeen ikuspegi maiz ederrak. Legala bada, ez luke izan behar.

Amsterdameko auzo horietan sentitu nuenaren kontra, gure espazio berri asko deserosoak, gogorrak, oldarkorrak iruditzen zaizkit, eta bururatzen zait espazioekin dugun harremana zirkularra dela, guk egiten ditugulako haiek, haiek gu egiten gaituzten modu berean. •