Isidro Esnaola

Osasun publikoa patente pribatuen menpe

Merkataritzarekin lotutako jabetza intelektualeko eskubideen alderdiei buruzko akordioa (TRIPS) 1994an sinatu zen Munduko Merkataritza Erakundean (MME). Izen luze eta bihurri horrek arau oso garrantzitsuak biltzen ditu. Hasteko, akordioak MMEko sinatzaile guztiak behartzen ditu bere gidalerroak jarraitzera jabetza intelektualari dagokionez. Horretaz gain, hitzarmenak eskubide horien iraupena zehazten du, besteak beste. Adibidez, copyright terminoak gutxienez 50 urtez luzatu behar dira. Era berean, patenteak «asmakuntzek» eman behar dituzte «teknologiaren eremu» guztietan, baldin eta baldintza guztiak betetzen badituzte, eta gutxienez 20 urtez bermatu ahal izango dira. Ikusten denez, denbora oso luzean babesten dira jabetza intelektualarekin lotutako eskubideak; ez soilik ekarpena saritzeko, errentetatik bizitzeko adina baizik. Egia esan, akordioak interes publiko jakin batzuetarako salbuespenak ere onartzen ditu baina, koronabirusaren aurkako txertoekin gertatu bezala, salbuespen horiek ez dira automatikoak eta adostu egin behar dira.

Azaroaren 20an Eswatinik, Indiak, Kenyak eta Hegoafrikak proposamen bat aurkeztu zuten MMEan eskubideen salbuespen bat hitzartzeko, baina momentuz ez dute babes nahikorik lortu. Proposamen horren aurkarien artean, «Mendebalde industrializatu» osoa dago, Europar Batasuna barne. Proposamenaren sinatzaileek salatu zuten multinazional farmazeutikoek aldebiko akordio murriztaileak sinatu dituztela. Hitzarmen horiekin zera lortzen dute, hain zuzen ere, ekoizpena enpresa gutxi batzuei ematea eta, horrela, txertoen eskaintza artifizialki murriztea. Modu horretan chauvinismoa indartzen da eta ekitaterik eza areagotu egiten da. Mundu mailako txertaketa kanpaina nola doan ikusi besterik ez da egin behar.

Mendebaldeko herrialdeak borondatezko urratsen alde agertu dira, Modernak egindakoa adibide gisa jarriz. Enpresa horrek esan zuen ez zuela eskatuko txertoarekin lotutako patenterik. Iragarpen horrek, iluna izateaz gain, ez ditu barne hartzen txertoa sortzeko beharrezkoak diren eta jabetza intelektualaren bidez babestuta dauden beste informazio eta teknologia modu batzuk, hala nola lerro zelularrak eta ezagutza teknikoak. Hein horretan, mugimendu tranpatia da eta horren atzean babestu dira patenteak askatu nahi ez dituzten estatu guztiak. Eta horrela, hamaika dira multinazionalek erabiltzen dituzten trikimailuak patenteak ez askatzeko; ez soilik txertoekin lotutakoak, sendagaiei, diagnostikoetarako erreaktiboei edo beste produktu batzuei dagokienez ere berdin. Inork zalantza bazuen, gure osasuna patenteen mende eta multinazionalen esku dago. Testuinguru honetan, oso bitxia da ikustea nola murriztu diren populazioaren eskubide zibilak pandemiaren aitzakiapean, baina larritasun hori ez da jabetza intelektualaren arlora zabaltzen.

Orain egun batzuk OMEk esan zuen txertaketa kanpaina motel zihoala. Halere, EBk ez du jarrera aldatu. Nolanahi ere, patenteak askatzearen eskaerak zabaltzen jarraitzen du: “Nature” aldizkariaren editorial batek hori eskatu du duela egun batzuk. Trumpi eta Bolsonarori berdin zaie jendea, eta hori adierazten dute. EBko agintariek diote jendeaz arduratzen direla, baina ardura dien gauza bakarra multinazionalen ongizatea da. •