> Durangoko martxanterei omenaldia

Martxanterak Durangoko Andra Mari elizaren atarian jartzen ziren emakume saltzaileak ziren, goxokiak eta jostailu txikiak saltzen zituztenak. Bihar, urte askoan Andra Mari elizako arkupean saltzaile ibilitako figura ezagun horiek omenduko ditu Durangoko Udalak. Belaunaldien artean «oso maitatuak» izan zirela nabarmendu du Udal Gobernuak.

Omenaldi ekitaldia bihar 13.00etatik aurrera egingo da. Bertan, xafla baten gainean egindako Boni Macarron martxanteraren irudiaren margolana aurkeztuko dute, elizpean jarrita geratuko dena. Leku horretan saltokia zabalik izan zuen azken martxantera izan zen. Urteak eman zituen goxokien postuan, batzuetan hamar orduko lanaldiak egiten. Ekitaldian, udal ordezkariekin batera, Macarronen senideak ere egongo direla jakinarazi dute.

«Ikur bat»

Martxanteren figuraren inguruan, durangar askorentzat «ikur» izan direla azpimarratu dute Udal Gobernuko iturriek. «Gure oroimen kolektiboaren parte dira», esan zuten duela hilabete batzuk, omenaldiaren proiektua azaltzean.

Ez da, gainera, egitasmo berria. Aurreko legealdian, oposizioan zegoen EH Bilduk askotan baldintza gogorretan egungo Durango egiten lagundu duten «klase herrikoiko emakume langile» horien lanaren balioa nabarmentzeko mozioa aurkeztu zuen.

> «Señora Sariketa», 14 emakume bertsolari

I. Señora Sariketak 14 emakume bertsolari jarriko ditu lehian, larunbatean Aramaion hasita. Beste bi saio izango dira: Mutrikun, apirilaren 24an, eta Lesakan, maiatzaren 8an.

Lehen bi saioetan 14 bertsolariek hartuko dute parte. Saio bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira finalerako, eta lau horietaz gain «‘señora izateagatik’ dagoeneko sailkatuta dauden beste bi bertsolari ariko dira», azaldu dute, baina «ez dugu jakingo nortzuk diren eguna iritsi arte». Saioek, beraz, intriga puntu bat izango dute.

Aramaioko kanporaketa kultur etxean egingo da, 17.00etan. Mutrikukoa Kalbarioko ermitan eta ordu berean jokatuko dute.

> «Nahi dugun lurraldea» jardunaldiak

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak “Nahi dugun lurraldea” izenburuko jardunaldiak antolatu ditu Nafarroako Erdialdeko paisaiaren inguruan gogoeta egiteko.

Joan den asteazkenetik hilaren 21era arte egiten hasi diren lau saioetan herritarrek gertu duten inguruneari buruz duten iritzia jaso nahi da. Jardunaldi telematikoak izango dira eta parte-hartzea zabalik dago lurraldean ordezkaritza duten eragile guztientzat eta norbanakoentzat.

Deialdi horrekin nahi den lurraldearen inguruko hausnarketa bultzatu nahi dela esan dute, paisaiaren kalitatearen inguruko helburuak eta horiek betetzeko behar diren neurriak eta ekintzak zehazteko.

> Toni Cantoren «Sotosalbos»-a ez da baleko

Toni Cantoren kasuak Javier Marotorena dakar gogora. Honi ondo atera zitzaion senataria izateko Sotosalbosen erroldatzeko jokaldia, baina Cantok oraingoz ez du lortu bere ‘Sotosalbos’ partikularra.

Aktoreak San Pedroren papera interpretatu zuen, hiru ukazioak barne: alderdi laranjaz –Ciudadanos–, bere aulkiaz eta politikaz beraz arnegatuz, baina gero bere «zazpi bizitzak» agortzen jarraitzea erabaki zuen eta Isabel Diaz Ayuso peperoaren hauteskunde zerrendara sartu zen Madrilgo Komunitateko hauteskundeei begira. Horretarako, bere jaioterri Valentziari ere uko egin behar zion eta irribarrea galdu gabe larru hori ere aldatu zuen. Beranduegi, baina. Cantok martxoaren 22an bideratu zuen aldaketa hori, baina hautatua izateko 2021eko urtarrilaren 1erako egin behar zuen, hauteskunde epeak kontuan hartuta indarrean dagoen legeriaren arabera.

> «Aktiba zaitez» eskola jantokietan

EAEko ikastetxeetan «Aktiba zaitez» kanpaina abiatuko dute Ausolan enpresak eta Basque Team fundazioak, jantokiaren ordutegian jarduera fisikoa sustatu eta ohitura osasungarri eta arduratsuak bultzatzeko. Ekimena ikasturte honen azken hiruhilekoan izango da.

Bazkaldu aurretik edo ondoren, Leticia Canales surflariaren, Odei Jainaga xabalina jaurtitzailearen eta Maialen Chourraut eslalomeko piraguistaren mezua entzun eta haiek proposatuko dituzten erronkei ekingo diete ikasleek.

Kanpainak hiru ardatz nagusi izango ditu: itsaspeko bizitzaren zaintza, zero gosea eta ur garbiaren eta saneamenduaren garrantzia.