Amaia Nausia Pimoulier

Genealogia feminista eraikitzeko bideak

Emakumeen presentzia historian aintzat ez hartzea edo gutxiestea genero indarkeriako beste modu bat besterik ez da». Gerda Lerner historiagile feministaren esaldia da eta “Patriarkatuaren sorrera” (Katakrak) liburuaren sarreran jasotzen ditu hitz hauek. Hainbestetan esan zaigunez emakumeoi guk ez dugula historiarik egin, ez garela hizki nagusidun Historiaren protagonistak izan, sinetsi egin dugu. Baina zehaztu beharko genuke zer-nolako historian ez dugun parte hartu. Egia da historiografia androzentrikoak garrantzia eman dien eremuetan ez garela gehiegi agertzen: historia politikoan, militarrean edo instituzionalean. Salbuespenak salbuespen, noski, egon badaudelako erreginak eta goi klaseetako emakumeak euren aztarna utzi dutenak. Baina, orokorrean, gu itzaleko protagonistak izan gara. Horregatik da horren garrantzitsua historiografia feminista eraikitzea; itzal horiek argiz betetzeko, protagonistak izan garen eremuak aldarrikatzeko.

Ez dut oraingoan azalduko emakumeak zergatik izan ginen kanporatuak eremu publikoetatik eta nola, mendez mende, heziak izan ginen eremu pribatuko ardurak gureganatzeko (zaintzarekin zerikusia zuen horren guztiaren ardura), nahiago dut bazterketa honen arrazoiak alde batera utzi –beste artikulu baterako emanen luke– eta irtenbideetan begirada jarri. Zer egin dezakegu gure memoria berreskuratzeko? Nola ohartarazi belaunaldi berriei gure garrantziaz, gure ekoizpen historikoaz? Genealogia feminista eraikiz. Eta hori modu oso ezberdinen bidez eraiki daiteke. Bide bat izan daiteke ikerketa historikoari begirada feminista gehitzea, esan bezala, historiografia androzentrikoak garrantzia eman ez dien eremu horiek aldarrikatuz: etxeari, zaintzari, historiaren bazterretan gelditzen ziren guztiei, ezagutza ez-formalaren ahozko transmisioari, antolakuntza komunalari, hizkuntza ez-formalari, eta abar, eta abar. Lagungarria litzateke ere gure aurrekari feministen historiak berreskuratzea, horrek ere genealogia eraikitzen duelako: historian emakumearen eredu idealaren kontrako erresistentzia erakutsi zuten emagaldu, sorgin, ama gaizto, emakume “hiztunegi”, “itsusiegi” eta borrokalari guztien bizitza anonimoak aldarrikatuz, eta ezagunak diren eta horren ezagunak ez diren feminista historikoen izenak berreskuratuz.

Badago hirugarren bide bat ere, norberak egin dezakeena: bakoitzaren genealogiaren azterketa. Bigarren abizenaren aldarrikapenetik hasita, noski. Nik aspaldi sinatzen dut nire bi abizenekin, esan ohi dudalako nire aitaren bezain amaren alaba naizela. Gure buruak gutxiesteko patriarkatuak erabiltzen duen estrategia izaten da neskatilei emakume erreferenterik ez eskaintzea eta tranpa horretan ere erortzen ohi gara gure arbasoen artean emakumeen papera gutxiesten dugunean, etxekoandreak “baino ez” direlako izan, adibidez. Garrantzitsua da, beraz, gure gertuko emakumeak ongi ezagutzea, ongi ulertzea eta gure identitatearen eraikuntzan izan zuten papera aldarrikatzea. Hori ere bada memoria feminista eraikitzeko bidea. •