Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

MIGRATZAILEEN KANPORAKETAK ERRAZTEKO LEGE BERRIA TXILEN

Txileko presidente Sebastian Piñerak Migrazio Lege berria sinatu du. Haren hitzetan, helburua etorkinak Txilera «modu ordenatu» batean iristea da eta «gure etxea –Txile– ordenan jartzea. Txiletarrok ez dugu nahi gaizkileak, narkotrafikatzaileak, kontrabandistak eta gure legeak errespetatzen ez dituztenak herrialdean sartzea». Lege berri honek mugan krontol zorrotzagoak ekarriko ditu eta kanporaketa administratiboak erraztuko ditu. Oposizioak horren kontra egin du eta etorkinen eskubideen alde lan egiten duten gizarte mugimenduek beren kezka azaldu dute. «Araudi honek eskumenezko ahal handia ematen du eta aginte judizialetik kanpo espazio zabala ahalbidetzen du. Etorkinen eskubideak urratu ditzake, ez baitie aukerarik ematen azaltzeko zergatik sartu diren Txilen bide legaletatik at eta ez die aukerarik ematen babesa eskatzeko», ohartarazi du Waleska Uretak, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuaren zuzendariak. A. Lertxundi