Nerea Goti
Elkarrizketa
Sofia Marroquin
EAE-ko GGKE-en koordinadorako presidentea

«Populazio guztia zentzuzko epe batean txertatzea bermatu behar dugu, batez ere ahulenak»

Izurritean garapenerako lankidetzak ez du etenik izan. Orain, txertoen banaketa bidezkoa egin behar da, baina ez hori bakarrik, Sofia Marroquinek dioenez

Ondo hornitutako politika publikoekin eta konprometitutako gizarte batekin, hobeto funtzionatzen du denak larrialdi batean», nabarmendu du Marroquinek. Garapenerako lankidetzak pandemian egin duen lanaz eta txertoez hitz egin du GAUR8rekin. Laguntza ez da bakarrik urrutiko herrialdeetara joan, hemen ere bazegoen nori lagundu.

Nolakoa izan da garapenerako lankidetzan aritzen diren erakundeen lana pandemian?

Oso konplikatua izan da. Alarma egoera ezarri zenean eta mundu guztia etxean sartu zenean, lehenik eta behin komunikazio arazo bat izan genuen. Asteak aurrera joan ahala, herrialde gehienek konfinamendua izan zuten eta, ondorioz, izan genuen arazo nagusietako bat zen ez genekiela zer gertatzen ari zen beste aldean, komunikazioa oso zaila baitzen. Egiten genituen proiektuen ia %80 birformulatu egin behar izan ziren, hezkuntza proiektuak, proiektu produktiboak, osasunekoak... ezin baitziren pentsatu bezala egin. Lan guztia birbideratu eta urrutitik egin behar zen. Gero, gure lanaren zati bat erakunde publikoen bidez egiten denez, administrazio publikoarekin ere lan egin behar izan zen, bai Eusko Jaurlaritzarekin, bai aldundiekin, bai zenbait udalekin, dirulaguntzen sare osoa errealitate berrira egokitzeko. Ezin zen planifikatu bezala exekutatu, eta aurrekontuetan doikuntzak egin behar izan ziren. Egin ahala irtenbideak bilatzen joan gara.

Hemen, ikastetxeekin lan egiten zuten erakunde batzuek ere zero minututik egin zuten lan, eta batzuek beren lana birbideratu zuten okerren zeuden familiei laguntzeko.

Eta atzerrian zeuden kooperanteen kasuan?

Atzerriratutako langile gehienak beren lanpostuetan geratu ziren, ez zen aberriratze masiborik izan, une horretan ere ez baitzekiten oso ondo zenbaterainoko arazoa zen. Gehienak beren postuetan geratu ziren, zenbait herrialdetan hemen baino askoz zorrotzagoak izan diren konfinamenduetan, eta eskatzen ziren neurriak betez.

Nolakoa izan da hemen bertan emandako laguntza?

Batez ere, eskola laguntza eman da, tabletak eta bitarteko elektronikoak eskainiz edo familiei Interneterako sarbidea emanez. Beste erakunde batzuei ere eman zaie laguntza, aldi berean, pertsona ahulekin lan egiten baitzuten, funtsak lortuz, diruz lagunduz maskarak eros zitzaten edo elkartekideei alokairu gastuetan edo oinarrizko beharretan laguntzeko aukera izan zezaten. Izan ere, jende asko, batez ere ahulena, ABEE-etarako eskubiderik ez zuena, lan finkorik ez zuena edo “beltzean” lan egiten zuena, diru sarrerarik gabe geratu zen lehen unean.

Larrialdiko laguntzen transferentzia batzuk egin behar izan ziren, familia batzuek lehen unetik gutxieneko diru sarrerak izan zitzaten.

Txertoen banaketa bidezkoa izan dadin dei berezia egin duzue.

Merkatua agintzen ari da txertoa nork jaso dezakeen. Ikerketa finantzatu duenak txertoak izango ditu, baina bermatu behar dugu populazio guztia eta, batez ere, ahulena, zentzuzko denboran txertatuko dela. Zenbait adituren arabera, herrialde batzuetan txertaketa ezin izango da egin 2027ra arte, eta hori ezin dugu onartu. Ez da gauza berria, herrialde gehienetan ez dago bermeak dituen osasun unibertsal bat. Lehenik eta behin, txertoei patenteak kendu beharko genizkieke, hau da, laborategiek mozkin marjina bat izan behar dute, inbertitu egin dutelako, baina, aldi berean, diru publiko asko jaso dute, eta osasuna ez litzateke negozioa izan beharko. Oreka hori bilatu behar da, errentagarritasunaren eta populazio guztiarentzako irisgarritasuna bermatzearen artean. Badakigu Hegoafrika bi bider eta erdi gehiago ordaintzen ari dela Europan erosten ari garen txertoa, Israel bezalako herrialdeak, adibidez, askoz azkarrago jartzen ari dira txertoak... merkatu bat da, baina eskubidea izan beharko luke.

Txertoak denok salbatzeko sinboloa irudikatzen du orain, baina mundu mailako ordena ere pertsona guztien osasunaren erantzunkide bihurtu behar dugu. Herrialde batzuetan koronabirus indize oso txikiak dituzte, Burundin edo Tanzanian kasu, eta inbertsioak egin behar badituzte ez da duten kezka nagusia. Horregatik esan dugu txerto hauek lantza-punta direla, baina jarraipena, txertoak eta medikamentuak behar dituzten beste gaixotasun piloa dagoela.