Juantxo EGAÑA

36ko Gerra ikusi eta jaso zuten argazkilariak

«Regards» aldizkariaren 176. zenbakiaren kopia, Robert Caparen argazkiekin. FRANTZIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA
«Regards» aldizkariaren 176. zenbakiaren kopia, Robert Caparen argazkiekin. FRANTZIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA

“Regards” aldizkariak –Frantziako Alderdi Komunistatik hurbil zegoenak– 1936ko gerra islatu zuen bere orrialdeetan, bereziki Euskal Herrian izandakoen berri emanez, Robert Capa eta David Seymour Chim-en erreportajeekin. Irudiek argazkilaritza egiteko modu berri bat erakusten zuten, enpatia eta hurbiltasuna gerra bizitzen eta bereizi gabeko bonbardaketak jasaten ari ziren emakume, gizon eta haurrekiko, eta horien ondorioekiko. Horiek guztiak saiakera gisa erabiltzen ziren, Italiako Abiazioak Gerra Zibilean izan zuen parte-hartzeari buruz idatzitako egunerokoek erakusten dutenez. 1937ko maiatzaren 6an, ”Regards”-eko 173. zenbakian, Gernika eta Durangoko bonbardaketen argazkiak agertu ziren, baita Jose Antonio Agirre lehendakariari Bizkaiko frontean ateratako beste batzuk ere, «Peuple martyr, peuple indompté» izenburupean. 1937ko maiatzaren 27ko 176. zenbakia, Robert Caparen argazkiekin, «Bilbao sous le feu» izenburupean kaleratu zen. Argazki-erreportaje horrek Alemaniako hegazkinen bonbardaketa bereizi gabeak salatzen zituen: emakumeak seme-alabekin korrika; emakumeak Bilboko defentsetarako lur zakuak garraiatzen; haurrak babeslekuen aurrean; jendea suak itzaltzen; eta Bilboko defendatzaile-zaintzaileak, prismatikoekin, hegazkin su-eragileak iritsi zirenean. Irudi hauetako batzuk “Ce Soir” arratsaldeko egunkari paristarrak ere jaso zituen.