Gorka Elejabarrieta

Autonomia, hegemonia lehia eta negoziazioak

Independentistok oro har eta unibertsalki beti izan gara mesfidati autonomiarekin. Euskal Herrian, Faroen, Eskozian eta beste hainbat lekutan. Arriskutsua iruditu zaigu, independentzia eskuratzeko adina tresna ematen ez dizkigulako eta independentzia grina itotzeko helburua izan baduelako.

Europako estaturik gabeko nazio gehienetan autonomia eredu bat edo beste egon da azken hamarkadetan. Testatu da. Balantze orokorra egiteko moduan gaude eta bai, oro har esan daiteke autonomiak ez dituela independentzia eskuratzeko adina tresna ematen. Baina ez, autonomiak ez du independentismo grina ito, inon. Are gehiago subiranotasun maila bat eskuratzen duenak, bere burua antolatzeko eskubidea eskuratzen duenak, subiranotasun gehiago eskatzeko joera dauka, abertzalea izan edo ez. Autonomia eskuratu zuten estaturik gabeko herri gehienetan independentismo kopurua handitu da urte hauetan guztietan. Eskozia, Irlanda, Flandes, Groenlandia, Katalunia bera, horren adierazle dira. Horrek autonomiari diogun beldurra txikitu beharko luke. Gales ere adibide ona da, autonomia eskuratu eta zenbait urtetara, alderdi laborista unionista baita eskuduntza gehiago eskatu eta lortu dituena. Ez gara autonomistak, ezin gara autonomismoak ematen dizkigun apur horietan geratu, baina ez gaitezen tronpatu, estatuek ez dute lortu bilatzen zuten helburua eta haien baliabide nagusia izan behar zuena haien interesen kontrako tresna bilakatu da.

Independentziarako bidean aurrera sendo doazen estaturik gabeko herri gehienetan ez dago independentismoaren baitako hegemonia lehiarik. Alderdi nagusi argi bat dago. Bakarra. Irlandan Sinn Fein, Eskozian SNP, Flandesen N-VA, eta abar… Kataluniak Urriaren 1ean, besteak beste, frogatu zuen barne hegemonia lehian murgildurik dauden alderdiak egonda posible dela independentziarako bidean aurrera elkarrekin egitea. Egun Katalunian dauden arazoetako asko, aldiz, independentismoaren baitako hegemonia lehia etengabetik datoz. Batasunik eza gogor kolpatzen ari da prozesua. Badugu zer ikasi batzuengandik eta besteengandik. Independentiston arteko harremanak, alderdi, eragile eta pertsonen artekoak, etengabe zaindu behar dira. Batasuna eta elkarlana nahitaezko baldintza dira eta ez datoz berez.

Parean duzun estatua demokratikoagoa izan edo ez, autodeterminazio eskubidea onartu edo ez, prozesuaren izaera eta bidea guztiz baldintzatua egongo da, norabide batean edo bestean. Bururaino iritsiko den prozesu independentista orok, kasu demokratikoenean edo autoritarioenean ere, elkarrizketa eta negoziazioa ezagutuko ditu momenturen batean. Akordioa adostu eta gauzatzeko edo akordioa eta bide adostua baztertzeko, bietan, elkarrizketa eta negoziazioari aukera eman behar zaio. Bide hau nahikoa saiatu gabe baztertzen duenak bere burua oso posizio zailean jarriko du, etxean eta nazioartean, are gehiago bere proiektua, helburua, erdiesteko adina indar ez badauka. Era berean, oroitu estatu independentea erdiesteko behar-beharrezkoa dela nazioarteko aitortza eskuratzea. Eta bide horretan nazioarteko estandarrak, elkarrizketarena barne, bete behar dira.

Hor dugu Eskoziako adibidea, esaterako, non erreferenduma eta emaitzarekiko errespetua Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen artean negoziatu edo adostu ziren. Edo Kosovokoa, non elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko etengabeko jarrerak ekarri zuen aldebakarreko erabakiaren aldeko nazioarteko babes zabala. Prozesu guztiak dira alde askotarikoak, azken pausoa adostua edo aldebakarrekoa izanda ere.

Autonomia, hegemonia, lehia eta elkarrizketaren aldeko jarrera etengabea. Eztabaidarako beharrezko hiru gai. •