Amagoia Mujika Telleria

Ez dakit

Haurrek galdera zorrotzak eta erantzun burutsuak botatzeko gaitasun ikaragarria daukate. Batzuetan ahaztu egiten zait noizbait denok izan ginela derrigor ume, batez ere heldu batzuen joerak ikusita. Baina, tira, haurrak izaki zoragarriak izan ohi dira horrela izaten uzten zaien bitartean.

Gure seme-alabak galdera konplikatuak egiten hasi zirenean aztoratzen hasi nintzen. Izan ere, ez nekizkien erantzun zuzen guztiak eta «ez dakit» esatea kostatu egiten da «guraso perfektuen liga» bihurtu den garaiotan. Horregatik, ez dut inoiz behar adina eskertuko alaba txikia zenean izan zuen irakasle bikain batek emandako aholkua: «Ez dakizunean zer erantzun, horixe esan lasai, ez dakizula oso ondo zer erantzun eta uzteko denbora pixka bat galderaren inguruan pentsatzeko. Esan erantzungo diozula geroxeago edo bihar edo... ». Nola? Hori egin daitekeela? Komodin hori existitzen dela? Ederki.

Komodinari gustua hartu eta haurrekin ez ezik, helduekin ere erabiltzen dut. Izan ere, gai guztiei buruz iritzi edo jarrera jantzia eta koherentea izatea ez da gauza samurra. «Eta zuk zer uste duzu honi edo hari buruz?». Ederra lasaitua «horri buruz ez daukat iritzirik» esan ahal izatea. Batzuetan gerta daiteke «oraindik» ez izatea iritzirik, gaia ez dudalako behar adina kontrolatzen. Edo izan daiteke ez izatea iritzirik ez zaidalako interesatzen eta, zer demontre, neketsua delako denari buruzko iritzia izatea.

Akaso nire ahultasun horregatik –gai guztien inguruko iritzi interesgarriak eta defendagarriak izateko ezintasunagatik– asko miresten ditut beti-beti-beti eta den-den-denari buruz iritzia duten pertsonak. Sare sozialetan suelto-suelto dabiltza.

Tira, egia esan, ez dakit mirestu egiten ditudan, nekatu egiten nauten edo ikara ematen didaten. Oraindik ez daukat garbi, emadazue denbora pixka bat pentsatzeko. •