Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Hiriaren birusak

Bizi dugun garai historiko eta zibilizatorioak, osasunarenganako ardura handitzeko balioko balu, gaitz-erdi. Eta pandemiak ikasketaren bat utzi badigu zera da, gaixotzeko aukeraren aurrean klase ezberdintasunak eragina duela arrisku maila baloratzerakoan.

Hilabete honetan “El Correo” egunkariak azterketa interesgarri baten berri eman du: osasunaren eta hiri auzoen arteko loturak agerian uzten dituen mapa bat argitaratu da. Gaixotasun eta suizidio kopuruak ezberdinak baitira auzoaren arabera. Hilkortasun eta gaixotze tasa mapa batean kokatzean, «non» eta «zenbat» datuak elkartrukatuz, hainbat irakurketa egiteko tresna lortzen dugu, osasunaren, klasearen eta hirigintzaren arteko loturak azaleratzeko, adibidez.

50-60ko hamarkadetan hirigintzak hiri lur merkea aldirietan topatu zuen etxebizitza merkeak eraikitzeko, eta higiezinen merkatuak gaur egun, etxebizitzen salmenta prezioen arabera, klase banaketa bat sortzen du hirietan, etxea erosteko gaitasuna dutenen eta ez dutenen artean. «Ikusezinak diren mugak» deitzen zaie banaketa horiei.

Gaixotasunen aurrean arrisku gehiago izateak ez du etxearen diseinuarekin lotura zuzenik, bizimoduarekin baizik, baina pandemiaren ezaugarri espazialak direla eta, etxearen ezaugarrien araberako arrisku ezberdintasun bat sortu da. Etxe merkeetan, une honetan osasun neurriek eskatzen duten isolamendu egoera igarotzeko zailtasunak handiagoak dira. Etxean bizi den kide bakoitzeko m2 kopuru txikiak eskainiko digu ratio esanguratsu bat seguru asko. Bestalde, hainbat etxe merkeren egiturazko ezaugarriak, orientazioa, aireztapen gurutzatua eta naturaren presentzia auzoan, auzo berrietakoak baino egokiagoak izan ohi dira.

Zenbait gaixotasunek harreman zuzena izan dezakete bizitokiaren ezaugarri fisiko eta materialekin. Airearen kutsadura, esaterako, arnasketa gaixotasunen kasuan, edo minbiziarekin, etxebizitza trafiko handia duen errepide bati begira badago (egoera horretan dauden etxe fatxadetan gelditzen den belztasuna biztanleriaren organoetan irudikatu dezakegu). Zeresanik ez, erraustegi edo bestelako azpiegitura kutsagarriekin. Gaixotasun motak mapa batean kokatu eta zenbatzerik baleude, bizitokiaren ezaugarriei loturiko kausak aurkitzea legoke.

Lerro hauetatik pandemiarako egin diren mapa-tresnak bestelako lurralde gaixotasunak ikertzeko erabiltzeko deia egin nahi nuke. Ea mapak azalaraziko lituzkeen hiri gaixotasunak hiriko osasun neurriak hartzeko balio lezaketen...

Bestalde, hiriaren diseinuak badu herritarren osasunaren alde egiteko lan esparrurik, subjektibotasunagatik eta ikerketa gutxi egin direlako diseinuen osasun onurak datuekin zehazterik ez dugun arren. Kaleetan orientatzeko erraztasunak, eraikinen leihoen eta kalearen arteko ikuspegi harremanek, hesien presentziak iragazkortasun bisuala aintzat hartzeak, esertzeko leku atseginak egoteak, babesean joateko ibilbideak izateak, aktibitateak aire librean egiteko aukerak izateak, animaliak ikusi edo txoriak entzuteko guneak izateak edo hiritik landa eremura eramaten gaituzten bideak izateak, hiriaren bizipen estresean eragin positiboa izan dezaketela sinisten dut. •