Joana Garmendia

Izen propioak

Ikasle batek esan zidan lehengoan, etorri handi samarra ez al neukan nik Joana izateko. Ateraldi horrek aspaldiko beste bat ekarri zidan gogora. Neska koskorra nintzela, aitarekin Zarauzko tabernan sartu eta Txapasekin egin genuen topo. Alaba al ninduen galdetu zion, eta aitak baietz. Izena nola nuen, hark; «Joana», aitak. «Jarri egin behar zaiok Joana etorkizunari!». Harena bai etorria.

Nire izenak ez du, bistan da, joan aditzarekin batere zerikusirik. Nire izena etiketa bat da, jaio nintzenean jarri zidatena. Dei ziezaguketen denoi ere zenbakiz, baina ez litzateke erosoa edo praktikoa edo gogoratzen erraza; jaiotzen den haur bakoitzari izen bat jartzen diogu etiketatzat, eta horrela errazagoa da hari deitzea, edo hari buruz zerbait esan nahi dugunean hari erreferentzia egitea. Izen propioak, azken finean, horixe dira: etiketak. Gauza jakinei buruz hitz egiteko hizkuntzan dauzkagun tresnak. Euskaraz joera handia dago hizkuntza arrunteko hitzak izentzat erabiltzeko; baina, kasu horietan ere, erabilera arruntean duten esanahia erauzten zaie izenei, eta etiketa hutsa gordetzen da. Ekain martxoan jaio zen, Ilargik ez du egunez lo egiten, Haritzek ez du ezkurrik ematen.

Tira, ez beti. Batzuetan, izenek esaten dute guri buruz zerbait. Nigeriar jatorriko neska bat ezagutu nuen behin; Kehinde zuen izena. Bere hizkuntzan izen horrek ezer esan nahi zuen galdetu genion, euskaldunoi beti galdetzen diguten moduan. Ez genuen espero eman zigun azalpena: joruberaz, bigarren jaio den bikiari esaten omen zaio Kehinde; lehenengo jaio denari, berriz, Taiwo. Gure lagunak anaia bikia zuen, bai; haren ondoren jaio zen bera, eta horregatik zen Kehinde. Hitzik gabe utzi gintuen, harri eta gatz. Fantasiazko kontua zirudien eta, esango nuke, iluntze hartan Kehinde eta Taiwo bikiz beteriko Nigeria bat irudikatu genuela mahaiaren bueltan geundenok. Tradizioa ezagutzen duen edonork jakingo du Kehinde bi bikitan bigarrena dela, haren izena entzute hutsarekin.

Normalean, ordea, izenak ez du esaten guri buruz ezer. Gure familiari buruz, askotan bai. Nire lankide baten familian, ohitura zahar bat dute: etxeko lehen hiru mutilei errege magoen izenak jarri dizkiete belaunaldi askotan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Familia handiak eta semez beteak ziren garaietan, belaunaldiz belaunaldi izan ziren horrela izena zuten anaia hirukoteak. Urteekin, familiak txikiagotu ahala, adarkatu egin zen tradizioa: Meltxorrek lehenengo semeari Meltxor jarriko zion; Gasparrek Gaspar eta Baltasarrek Baltasar. Errege egunaren bezperan dena omen da festa etxe hartan.

Hiru errege magoena kuriosoa egiten zaigun arren, ez da arraroa etxe batean izenak belaunaldiz belaunaldi errepikatzea. Aldaera gogorrago bat ere badu tradizio horrek. Haur bat oso umetan hiltzen zenean, hurrengo haurrari hildakoaren izena jarri ohi zitzaion duela ez asko ere. Ez dakit oraindik ere egiten den. Ohitura iluna iruditu zait beti, hil denari izena ere kentzea.

Tradizioak tradizio, izen propioak etiketa hutsak dira, eta ez digute ezer esaten izendatzen duten hari buruz. Batzuetan, ordea, esaten digute zerbait izena erabili duenari buruz. Batek esan dezake “Euskadi” eta besteak “Euskal Herria”, eta biek egin erreferentzia gauza berari; baina, izen bat ala bestea aukeratu, horrek esaten digu zerbait izena erabili duenari buruz. Esango nuke berdintsu gertatzen dela “Ezker Abertzale Ofizialista” diotenekin; erreferentzia egiten dioten hari buruz baino, beren buruari buruz esan nahi dutela zerbait. Erabiltzen ditugun izenen bidez ere koka baitezakegu gure burua norbaiten aurrean; edo, zergatik ez, norbaiten kontra. •