Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Martetarrak

Drone bat ikusi dut harea eta harria baino ez daukan curry koloreko paisaia batean. 39 segundo. Helizeak bueltaka jarri ditu abiada bizian, eta baldar, lurrera atxikitzen zuten metalezko hankatxoak doi bat altxatu ditu zorutik. Dardarka, noraezean, zentimetroka-zentimetroka goranzko bideari ekin dio, haizearen kontrako borrokan, dilindan, lurretik hiru metrora iritsi arte. Ondoren, gorakoan adinako hauskortasunez egin du beheranzko bidea, eta pantailaren kontra sakon hartu dut arnasa armiarma batenak diruditen hankatxoak berriz ere lurrean pausatu dituenean. 39 segundo pantailari begira. “Ingenuity” izena du tramankuluak eta Marten egin omen du hegaldia; Lurretik kanpo egin den lehendabizikoa. Zientziarentzat sekulakoa izan omen da NASAren egoitzatik, Martetik milioika kilometrotatik, alegia, halako ibilera bat gidatzea; dronearen irudietatik dronea kudeatzen zuten eskuetara hiru minutuko denbora tartea baitzegoen.

Ni, ordea, Pello Mari Otañorekin akordatu naiz. Tira, ez Pello Mari Otañorekin zehazki, Pello Mari Otañok bertsoak jarri zizkion txepetxa etorri zait burura, txotx batek aise jasoko zukeen hura, burdinazko aldamio batean jarrita ere hiru-lau aldiz xanpatuko zuena, seguru zegoela ziurtatzeko. Halaxe kantatu zion Zizurkilgo bertsolariak bere etxaurreko zuhaitzen batean aurkitu zuen hegaztiari. Eta ohartu naiz, akaso, naturak jada gugan ez duela lehen adinako zirrararik sortzen, aspertu egin garela egunero leihoz bestaldera daukagunarekin. Naturaren eta gure arteko deskonexioren bat gertatu dela nonbait. Bestela, nola azaldu Lekarozko hondeamakinak eta AHTaren sator zuloak.

Lurrak ez gaituela emozionatzen, gertuegi daukagulako, gureegia delako. Gauza handiagoak, urrunagoak eta misteriotsuagoak behar dituela ordutegi zurrunetara makurtutako gure egunak. Aldameneko herria ezagutzea baino ederragoa dela munduaren bestaldera joatea. Nahiz eta orain, nor bere herrian itxita gauden garaiotan, aldameneko herria bera ere handia, urruna eta misteriotsua iruditzen zaigun.

Baina deskonexioa ez da inguru batekikoa soilik; denborari ere ihes egin nahi diogula pentsatzen dut batzuetan, telebistan mundu distopikoak baino erakusten ez dizkigutenean batez ere. Ez garela gure garaikoak; igaro ziren egunetan geratu ginela eta oraindik iritsi ez direnei begira igarotzen dugula eguna, pantailaz betetako norbere isolamenduan. Eta bitartean gertatzen denak, urtaroek, goizetako lehen eguzki gozoek, ilunabar kiskalietako euri zaparradek, lehertutako zuhaitzek, bizitzak, alegia, ez gaituela jada hunkitzen. Eta, bat-batean, nor bere planetatik ateratakoan, arrotz, martetar batek bezala begiratzen diogula adar batetik so daukagun txepetxari. •