Koldo Sagasti

Patenteak askatu

Apenas nabarmendu gabe pasatu da iragan astean itzal handiko 170 pertsona baino gehiagok AEBetako presidenteari bidalitako eskari publikoa. Besteak beste, hainbat nazioarteko mandatari ohik eta Nobel saridunek sinatutako manifestuan koronabirusaren aurkako txertoen patenteak aldi baterako ezerezean utz ditzala eskatzen zaio agintari estatubatuarrari. Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, izurriteak dirauen bitartean txertoaren gaineko jabetza intelektualerako eskubideak indargabetzeak edozein herrialdek sendagaiak ekoitzi eta populazioa modu masiboan txertatzea ahalbidetuko luke, eta horrek zorigaiztoko pandemiaren amaiera ekarriko lukeen talde immunizazioa bermatuko luke. Horixe litzateke, orain arte hartutako beste neurri guztiek kale egin dutenean, amesgaizto honi amaiera emateko bidea.

Baina gizateria osoaren ongizateak kapitalarekin egin du talka. Izan ere, logika kapitalistaren baitan baino ezin da ulertu, mundu osoa kolpatzen ari den larrialdi sanitario batean murgilduta gaudelarik, izurri horren balizko sendabidea interes ekonomiko gutxi batzuek bahituta edukitzea.

Jakinduria unibertsala ezagutzaren partekatzeaz elikatu da historian zehar. Ezaguera elkarbanatuz egin du aurrera zibilizazioak, eta horrelaxe iritsi da gizateria gaur egungo garapen mailara. Baina gupidarik gabeko gutxi batzuen etekin ekonomikoa bizitzaren aurrean lehenesten denean, ezagutu dugun zibilizazioaren gainbehera baino ezin dugu espero.

Momentu historiko baten aurrean gaude. Bestelako neurri guztiek alferrikakoak izan direla erakutsi dute, datu guztien arabera. Txertoen patenteetan esku-hartzeak besterik ez gaitu salbatuko, beste guztia adabakiak jartzea eta distopia hau betikotzea da. Hori egiteko eskumenaz gain kapitalaren aurrean bizitza jartzeko adorea duen norbait behar dugu. Ausarten garaia da. •