Antton Izagirre

Arnasa

Arnasa da jaioberriaren presentziaren lehen aztarna. Arnasa hil denaren azken ekimena. Arnasa galdu egiten dute batzuek, arnasa kendu egiten zaie besteei. Arnasa gara. Horrek egiten gaitu bizitzaren jabe.

«Ezin dut arnasarik hartu» izan ziren Floyden azken hitzak Chauvin polizia arrazistaren belaunak lepoa estututa itotzen zuen bitartean. Erruduna, erruduntzat jo dugu, jo dute eta zalantzarik gabe onartu dugu, baina biharamunean beste bat hil dute. Koloreak bereizten ditu hildakoak eta hiltzaileak. Sustraian dagoena ez da polizia baten jokaera okerra, egiturazko arazoa da nonbait, polizia barneko arrazakeria. Polizia gorputzaren baitako joera gizarte zabal baten ispilua den susmoa ez da zentzugabea.

Egun berean jakin dugu, aldiz, Iñigo Cabacasi arnasa kentzeagatik zigorturiko ertzainak ez duela zigorrik izango. Erruduntzat jo zutena errugabetu dute. Honetan, kolorea ez zen bereizgarria izango. Arrazakeriaz ez, baina bereizkeria ideologikoaz eragindako errugabetzea izan den susmoak zentzua hartzen du. Arnasak ez du nonbait denontzat balio bera.

Egun bertsuan, bi gazte etorkinek arnasa galdu dute, arnasa kendu diote beren buruari. Ezin izan dute arnasa hartzen jarraitu, egoerak ito ditu. Inork, ez du/dugu inor errudun egin. Egon litezkeen errudunak ere errugabetu egin ditugu. Zerk estutu die eztarria, arnasa beren buruari ukatzera iristeraino? Segur aski gogoan izango zituzten beraien antzera bidaia egitera derrigortuak izanik itsasoan arnasa galdu zuten herrikideen ametsak.

Oroitu, haientzat guztientzat, itsasoaren beste aldetik lehorreratu zaigun Joseba Sarrionandiaren olerkia: «Itsaskurkuilua bainintz/ hartu ninduzun/ belarriraino emeki altzatzeko. Gero mangolinen artean/ utzi ninduzun/ kutuna uzten den bezala. Zure arnasa dantzute geroztik/ nire baitan uhainek». •