Amagoia Mujika Telleria
BILINTXEN AURPEGIAK

Desamodioari erraietatik bezala, pobreziari mingain zorrotzetik abesten zion kaleko bertsolaria

Suerte txarrekoa, itsusia, desamodioari erraietatik kantatzen ziona. Horren bueltan eraiki da Bilintxen irudia. Baina hori baino gehiago izan zen Indalezio Bizkarrondo Ureña (Donostia, 1831-1876). Gai sozialei zorrotz abesten zien, barre aise egiten zuen, parranda eta lagunartea maite zituen eta bat-bateko bertsolaria zen. Bilintxen bertso sozialetan garaiko Donostiaren erretratua ikus daiteke, euskaraz eta bertsotan. Jaio zela 190 urte bete dira, Bilintxen historia osoago kontatzeko une aproposa.

Gillermo Joakin Indalezio Bizkarrondo 1831ko apirilaren 30ean jaio zen Donostian. Hiru izen zituen berez, baina azkena bakarrik erabili zuen beti. Ama Joakina Ureña Alana eta, aita, Jose Maria Bizkarrondo Amunarriz. Amaren aldeko aitona Dionisio Ureña zen, Huelvako Ayamonte herrikoa, Andaluzian. Dionisio Ureña hirutan ezkondu eta alargundu zen, hiru aldietan emakume donostiarrekin. Bilintxen ama hirugarren ezkontza horretako alaba zen.

Joakina Ureñak eta Jose Maria Bizkarrondok bost seme-alaba izan zituzten, gazteena Indalezio bera. Bilintxek ez zuen bere aitona andaluza ezagutu, bera jaio baino hilabete batzuk lehenago hil baitzen 87 urte zituela. Baina Bilintxen jatorri andaluzak zer pentsatua ematen du, bertsolariaren jatorriaren eta berezkotasunaren zenbait teoria hankaz gora jar baititzake. Bilintx ez zen nekazari giro batean sortu, hiritarra eta kaletarra zen erabat eta ez zuen zortzi abizen euskaldunen zigilua.

Ezinezko amodioari erraietatik abesten zion bertsolari eta poeta erromantiko modura iritsi da Bilintx gaur eguneraino. Bertsoak eta errealitatea ez datoz pare-parean, ordea. 38 urte zituela ezkondu zen Indalezio Bizkarrondo 22 urteko Nikolasa Erkizia Makazagarekin. Antonio Zavalak jasotako informazioaren arabera, azpeitiarra zen Nikolasa, baina Zizurkilgo baserri batean hazia. Zavalak berak Auspoako bilduman jaso zuenez, «Bilintxen argazkirik ez dugu inon aurkitu; andrearenak bai ordea. Argazki hori urteetan aurrera samar zihoanean egina da, baina sasoia joan eta gero ere halako lore ederra zena, zer izan ote zen hogeita bi urterekin, Bilintxekin ezkondu zenean alegia?».

Amodioaz idatzitako bertso erromantiko asko ezagutzen zaizkio Bilintxi. Ezkondu aurretik eta ondoren idatzitakoak dira; Zavalaren arabera, ezkondu aurrekoak pertsona zehatzei jarriak ziren eta ezkondu ondorengoak, orokorragoak.

Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito, Pio Frantzisko eta Maria Ana Ilaria. Bilintxen emaztea 1876an alargundu zenean bi, bost eta sei urteko hiru seme-alabarekin geratu zen.

Bilintx arotza izan zen lehendabizi, gero Antzoki Zaharreko atezain izan zen urte askoan eta, gainera, emazteak eta biek denda bat zeukaten antzokiaren parean bertan. Bertan saltzen omen zituzten edariak, egunkariak, tabakoa... Ez da harritzekoa, beraz, alargundu eta gero emazteak denda horretan lanean jarraitzeko baimena eskatu izana, hiru haur txiki aurrera atera behar baitzituen berak bakarrik.

Bilintxen bilobek ez zuten aitona ezagutu, baina amona bai, eta Antonio Zavalari kontatu ziotenez amona «langile porrokatua» zen. Zavalak berak jasota utzi du beste datu interesgarri bat; berak aztertu zituen udaleko erroldetan agertzen denez Nikolasa Erkiziak ez zekien ez idazten ez irakurtzen 1972an. Aldiz, hamar urte beranduagoko erroldetan baietz agertzen da, irakurtzen eta idazten bazekiela. Pentsatzekoa da, beraz, tarte horretan ikasi zuela. Bere bilobak Zavalari esan zionez, amonak buru oso argia zeukan eta ikasteko grina bizia. Egunero egunkaria irakurtzen omen zuen eta gertatzen zenaren berri ondo omen zekien.

Bizkarrondoren argazkirik ez da ezagutzen. Marrazkietan islatuta iritsi da gaur egunera, baina marrazki horiek noraino gerturatzen diren errealitatera eta noraino karikaturara, ezin jakin. Esanguratsua da Bilintxen bilobak Zavalari kontatu ziona Polloeko hilerrian dagoen hilobi monumentuaren inguruan. «Bilintxen biloba Antoniok ez digu irudi hori asko goratu. Bere amonari askotan entzun omen zion irudi horrek Bilintxekin batere antzik ez zeukala; ez zela hura hor ageri den bezain itsusia».

Bilintx eta suerte txarra

Suerte txarrak eta ezbeharrak markatutako bizitza izan omen zen Bilintxena, horrela kontatu dute eta hortik abiatuta marraztu dute poeta koitaduaren irudia. Umetan hasi zen zorigaiztoen zerrenda. Haurra zela etxeko eskaileretako zuloan barna erori eta aurpegia erabat desitxuratu eta itsustu omen zitzaion. Hortik omen datorkio “Moko” ezizena, aurpegiaren itxuragatik. Urte batzuk geroago sokamuturrean zebilela zezen batek izterrean adarra sartu ziola kontatu dute zenbait autorek. Nonbait ohean egon behar izan zuen zauriak sendatu bitartean. Bilintxen bilobek ez omen zuten gertaera horren berri entzun etxean.

Behin ezkonduta, etxean gordeta zeuzkaten 8.000 erreal lapurtu zizkieten. Eta, azkenik, heriotza ekarri zion ezbehar larria. 1876ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzez sekulako oinazeekin egon ondoren hil zen Bilintx, 1876ko uztailaren 21ean.

Bilintxen bilobak Zavalari kontatu zionez, bere aitonak traje berria zuen egun horretan eta logelan zegoen janzten, emaztearekin eta seme-alabekin kalera joateko. Granada ez omen zen zuzenean sartu leihotik, beste etxe batean jo zuen lehenengo eta errebotean sartu zen Bilintxen logelako leihotik. Kanpai hotsa entzun eta emazteak eta haurrek korrika alde egin zuten, baina Bilintx justu galtzak janzten ari zen eta ezin izan zuen ihes egin.

Ez zegoen beti bihotzeko minez

Manex Mujika bertsolari donostiarrak hiriko bertsolariak ikertu ditu, tartean Indalezio Bizkarrondo. Berak oso garbi dauka Bilintx garaiotara iritsi zaigun estereotipoa baino askoz zabalagoa eta aberatsagoa dela. «Garaian boladan zegoen poesia estiloa hori zen, erromantikoa. Eta bere garaian Bilintxi gorde zitzaizkion eta argitaratu zitzaizkion bertsoak estilo horretakoak ziren. Balioan jarri zitzaizkion bertsoak horiek izan ziren. Baina baditu beste mordo bat, estilo eta gai askotarikoak. Umorezkoak, gai sozialak lantzen dituztenak, denetarik. Maitasunari eta ezinezko maitasunari kantatutakoak kopuruz dezente izan ziren, ezagutzen diren Bilintxen aleen %40 inguru. Baina badira beste pila bat bidean galdu direnak edo horrelako garrantzirik eman ez zitzaienak».

Bilintxek Antzoki Zaharrean egin zuen lan atezain eta pentsatzekoa da hiriko kultura mugimendua gertutik ezagutzen zuela. Horrez gain, oso irakurzalea zen. «Garaiko gaztelerazko poeta eta idazleak asko irakurtzen zituen. Gazteleraz idazten zuten poetak, itzulitako liburuak, abentura liburuak... Bilintxek asko maite zuen irakurtzea, nahiz eta toki askotan ikasketarik gabea bezala azaldu. Parte Zaharreko kafetegi batean astean behin elkartzen omen zen taldetxo bat literaturaz hitz egiteko eta Bilintx handik bueltan ibiltzen zen. Akaso eskola handirik gabeko gizona zen, baina jakin-min eta irakurzaletasun handiak zituena. Eta segur aski horrek eragina izango zuen bere estilo erromantiko ezinezko horretan», azaldu du Mujikak.

Bizkarrondok ez zion maitasunari bakarrik kantatu edo idatzi, gai sozialen inguruan modu zorrotzean jarduten ere bazekien eta pasadizo umoretsuak ere ugari ezagutzen zaizkio. Mujikaren esanean, «hasierako bertsoak askoz ere satirikoagoak ziren, gai sozialen inguruan. Pentsatzekoa da autore erromantikoak ezagutu ahala berak ere joera hori hartu zuela. Hala ere, ez dakigu kontatzen dituen maitasun desgrazia guztiak bereak ote diren edo asmatutakoak».

Bilintx ez zegoen beti negarrez eta bihotzeko minez, bazekien ondo pasatzen. «Karmelo Etxegaraik 1906an horrela idatzi zuen: ‘Donostiarra da, barrezalea, gauza ezegokiak eta barregarriak ikustean berehala barrez hasten dena, orobat Bilintxek barrea ezpainean dauka beti, norbaitek sinisten ez badu guk esaten duguna, irakurri bere bertsoak zaldi baten bizitzaz. Sagardozalea, ondo jan eta edateak poztutzen duena».

Zavalak ere Bilintxen inguruko ateraldi umoretsu asko utzi zituen jasoak Auspoako bilduman. «Sortu den mito horrekin ez da bat etortzen hori guztia, horregatik ez da Bilintxen parte hori kontatu, mitoaren eraikuntzari ez ziolako laguntzen. Baina bazuen beste alderdi bat sozialagoa, satirikoagoa, zirtolariagoa», iritzi dio Mujikak.

Eta beste datu garrantzitsu bat nabarmendu nahi izan du: Bat-batean ere aritzen zen bertsotan. «Bilintx bat-bateko bertsolaria ere bazen, ez zen bakarrik idatzian aritzen. Garai hartako bat-bateko saioak ez ziren oraingoen antzekoak. Adibidez etxe batean biltzen ziren eta batzuek bertsotan egiten zuten. Jasota geratu da bilkura horietan Bilintxek agertzen zuen satira zorrotzerako gaitasuna».

Domingo Kanpaiñari kantatutakoak ekarri ditu gogora Manex Mujikak Bilintx bat-batean aritzen eta ondo moldatzen zen seinale. Apustua egin omen zuten Bilintxek eta Domingo Kanpaiñak, lehena oinez eta bigarrena mando gainean, zein lehenago iritsiko Donostiatik Loiolara.

Bilintxek dezenteko abantaila omen zuen, baina hala ere lagunei eskatu zien nola edo hala mandoa gerarazteko, Kanpaiñak ez ziezaion apustua irabazi. Oso haserre iritsi zen Domingo Kanpaiña helmugara eta horrelaxe bota: «Indalezio, Indalezio, Indalezio Moko, uste al dek, uste al dek ez autela joko?». Eta Bilintxek erantzun, «berriz esaten banak Indalezio Moko, hezurrak hautsi arte eztiat lagako!».

Han bildutakoen algara piztu omen zuen ateraldiak eta segidan bertsoa bota zion Bilintxek: «Mando baten gaiñean Domingo Kanpaiña/ ez dijoa utsikan mandoaren gaiña/ azpian dijoana mandoa da baiña/ gaiñekoa ere bada azpikoa aiña/ mando baten gaiñean bestea, alajaiña!».

Madrilgo egunkarietan

Manex Mujikak garbi dauka: Bilintx poeta eta bertsolari handi bat izan zen. «Asko harritu ninduen datu bat aipatuko dut. Espainiako Liburutegi Nazionaleko hemerotekara iritsi nintzen. Madrileko egunkarietako bilatzailean Bilintx jarriz gero –bere aldaera guztiekin–, ehun erreferentzia desberdin agertzen dira. Garaiko Madrileko egunkarietan Bilintxi buruzko albisteak jaso zituzten. Adibidez, granadak jo zuenean Madrilgo egunkari askotan eman zuten gertaeraren berri. Albiste horietako batek kontatzen du, adibidez, Bilintx zaurituta zegoenean nola emazteak baimena eskatu zuen beren denda txiki horretan tabakoa eta zigiluak saltzeko. Alegia, egunkarietan Bilintxen jarraipena egiten zen».

Horrez gain, Bilintx bera kazetari lanetan aritu zen garaiko egunkari batzuetan. Liberala zen eta Donostiako liberalen laugarren batailoian aritu zen Hirugarren Karlistadan. 1876ko urtarrilaren 24an, granadak jo eta egun gutxira, “La correspondencia de España” Madrilgo egunkariak jasotzen du granada horrek Bilintx «korrespontsala»ren logela harrapatu zuela. «Badirudi egunkari horretako berriemaile bezala aritu zela. Egia da ez dela ezer agertzen bere izenez sinatua. Imajinatzen dut orduko karlistadetan egunero ematen zela gerraren berri egunkarietan eta pentsatzen dut horrelako korrespontsalia bat eramaten zuela Bilintxek, egunero albiste txikiak bidaliz. Hori da nire suposizioa», gaineratu du Mujikak.

Bilintx ez zen bakarrik behin batean Loiolako erromerian ezetza jaso zuen bihotz zartatua. Arotza zen, antzokiko atezaina, irakurzalea, poesiazalea, hirian bizi zena, bertsolari zorrotza, bat-batean ondo ibiltzen zena.

«Gaur arte bizirik iritsi da Bilintx. Orain, guztia, osotasuna, kontatzea tokatzen da, askoz ere aberatsagoa gertatzen delako. Bilintx oso sonatua da Euskal Herri mailan eta mito horrekin lotuta batez ere; gizon sentiberaren mitoa, bere desamodioaren minaz hain modu publikoan kantatzen duena. Hori ere bazen, baina beste aurpegia ere bazeukan. Gai sozialez aritzen diren bertsoak, ironia zorrotzez idatziak, zoragarriak dira. Langile baten ahotsa sumatzen da. Oso modu sinplean kontatua, baina oso modu ebidentean. Potajearen bertsoak ere zoragarriak dira. Gertaera xume batekin erretratatzen du gizarte baten kronika. Aparta da nola kontatzen duen teknikoki, hizketan bezala. Gauza sinplea dirudi, baina atzetik karga handia dauka. Bilintxen hizkuntza zoragarria da, bere xumean zorrotza, zirtolaria, hitzen jira ederrak dituena. Grazia bereziko hizkuntza da».

Bilintxen ahozkotasun biziak ere kontatzen ditu garaiko Donostiari buruzko gauzak. «Une batean Donostia izan da euskal kulturaren taupada indartsu bat. Horrek gaur egungo irudiarekin puskatzeko aukera ematen du, harrotasuna sortzen du. Hori ere izan ginen».

Bilintx hirikoa zen, hori ere datu garrantzitsua. «Bertsolaritzaren historia kontatu digutenean bertsolaritza landa eremuan gertatu zen zerbait bezala azaldu dute, une batean ekarri zena hirietara, XX. mendearen erdialdean. Neurri batean horrela da, baina neurri batean bakarrik. Bilintx Donostiako Parte Zaharrean bizi zen, kaletarra zen, hirikoa, eta hiriari abesten zion».

Hori guztia zen Bilintx

Horregatik guztiagatik, garaian Bilintx «desberdina» zela uste du Mujikak. «Galdetu beharko genuke zenbateraino onartu izan dugun Bilintx bertsolari bezala, hain zuzen bertsolariaren estereotipo horretatik urruti deskribatu zaigulako. Askotan zalantzan jarri izan da idazlea, poeta, bertsolaria... zer ote zen. Segur aski hori horrela gertatu da bere inguruko irudia edo narratiba aldatu egiten zutelako zenbait datuk. Dena ez da zuria edo beltza. Bilintx zirtolaria izan zen, parrandazalea, sagardotegizalea eta, era berean, poesia irakurlea eta maitasunaren inguruko bertso eta idatzi sentiberak idazten zituena. Hori guztia izan zen Bilintx. Eta askoz interesgarriagoa da horrela».

 

«BILINTX EZ ZEN EGONGO BERE GARAIAN DONOSTIA EUSKARAZ BIZI EZ BALITZz»

Beñat Gaztelumendi bertsolariaren nahia izan da azken urteotan Bilintxen alderdi soziala lehen lerrora ekartzea. «Etapa desberdinak izan ditut Bilintxekin. Ikastolan, segur aski mundu guztiak bezala, Loiolako bertsoak ikasi genituen. Ikasi nituen, baina ez zitzaizkidan asko gustatzen. Txirritak edo Otañok beste enkantu bat zeukaten niretzako. Gero deskubritu nuen Bilintxen beste alde hori; sozialagoa eta inguruari abesten diona. Hori Donostian askoz hobeto kokatzen dut nik eta gure garaitik begiratuta ere askoz interesgarriagoa iruditzen zait. Oso bertsolari ona zen, gaiei ematen dien tratamendua oso ona da. Hizkuntzaren aldetik oso berea dauka, berehala nabaritzen da bertso bat Bilintxena dela; esaldiak nola tolesten dituen, errimatzeko daukan modua... oso estilo partikularra dauka. Pixka bat gehiago begiratuta, sumatzen da hiritarra edo kaletarra zela, liberala ideiatan, bere garaiko Donostia ez zela gaur egungoa, bazegoen bertso giro bat, euskaraz bizi zen parte bat eta giro horren barruan hazi zen Bilintx. Eta niri justu horixe interesatzen zait gaur egun. Askotan Donostiari irudi bat ematen diogu; postal bat, turistentzako hiri bat, ukitu ezin den zera bat... baina horren barruan badago jende bat euskaraz bizi izan dena denbora pila batean, euskaraz eta bertsotan kontatu izan duena hiri hori. Uste dut aldarrikapen oso polita dela eta Bilintx ez dagoela behar bezain aldarrikatua eta errespetatua, ez dagoela merezi duen lekuan une honetan Donostian».

Bilintxen bertso sozialak maite ditu Gaztelumendik: “Zaldi zuriyarenak”, “Sartzia soldadu”, “Pobriaren suertia”... «Donostiako kaleko jendeari jarritako bertsoak dira, apaizei jarritakoak... bere garaia oso ondo kontatzen du eta pena daukat ez zaiola asko erreparatu horri. Adibidez, zaldi zuriaren bertsoetan konturatzen zara ez dela zaldiari buruz ari, kale garbitzaileari berari ari dela eta pobreziaren inguruko bertsoak direla. Konplexurik gabe kantatzen zuen. Uste dut hor aldaketa bat igartzen dela, tonuz eta kokapenez Bilintx beste leku batean kokatzen dela, kalekoa da, gaitegi soziala kontrolatzen du, pobreei ez die barre egiten, haien ondoan kokatzen da, injustizia salatzen du».

“Potajiarena” izeneko sortan apaizen kontra kantatzen du eta esanguratsua da hori. «Nik uste dut bere garaian errespetatua zela Bilintx, ez zela edozein, bestela ez zuen horrelako bertsorik jarriko. Bazekien errespetatua zela eta ez zirela bere kontra joango. Bilintxen garaian apaizaren kontra kantatzea eta potajearen bertsoetan kontatzen dena kontatzea ez zen erraza. Ikusten da eszena bati kantatzen ari zaiola, baina eszena hori gauza handiago baten parte dela. Hori konplexurik gabe egiten duen pertsonak bazeukan babesten zuen edo errespetatzen zuen talde bat. Nik uste dut Bilintx pertsona errespetatua zela, bere garaiko jendeak entzuten zuena».

Badago beste sorta bat Hondarribiko Joxepari jarria. Sorta horri esker dakigu Hondarribian bazela bertsotan aritzen zen emakume bat. «Lore-jokoetan atera zen emakume bat eta Donostiatik bertsolari kuadrilla bat joan zen bertsolari hori bat-batean probatzera. Garai hartan horrela egiten zen. Ea bertsolaria zen edo ez ikustera, azterketa bat pasatzera bezala. Bilintx eta joan ziren horretara eta horrek erakusten du giro bat bazegoela. Ikusten da bat-bateko saio bat egin zutela, ez da kontatzen bertan zer kantatu zuten, baina Bilintxek gero sorta bat jartzen dio emakume horri. Pena da emakume horren bertsorik ez zaigula iritsi, gizonen ahotan iritsi dela hori ere gure garaitara. Baina bai ikusten da Bilintx bat-bateko plazaz plazakoan ere ibiltzen zela. Plazaz plazakoa esaten dena ez da gaur egungoa bezalakoa. Baina ikusten da badagoela giroa eta mugimendua».

Bilintx aldarrikatu beharra dago. «Ondo dago pertsona bat aldarrikatzea, baina ez da ahaztu behar pertsona hori bere garaiko giro baten ondorio dela. Bilintx ez zen egongo bere garaian Donostia euskaraz bizi ez balitz, bertso giro bat egongo ez balitz, bere hitza errespetatua izan ez balitz... hor atzean gauza dezente zeuden eta horiek ere aldarrikatzea tokatzen da. Guk elkarri adarra jotzeko askotan esaten dugu Bilintxek Donostian kale ziztrin bat daukala, Antzoki Zaharraren atzeko aldean dagoena eta parranda giroan jendea pixa egitera joaten dena. Konstituzioak berriz plaza bat dauka handik metro gutxira. Horrek erakusten du Bilintx non dagoen gaur egungo Donostian».

Gaztelumendik garbi dauka, «Bilintx ezagutzen dugu bere maitasun ezinezkoaren hitzak kantatzen, baina ez dugu ezagutzen pobreei kantatzen. Eta badu poema bat esaten duena ‘batek hobe du izan pobre baino kaka’. Hori ez da hainbeste kontatzen eta gaur egun ere bada gaurkotasuna daukan zerbait».