Juantxo EGAÑA

DUELA MENDEBETEKO MAIATZAREN 1A DONOSTIAN

1920ko maiatzaren 1ean Antzoki Zaharrean egin zen mitina Donostiako langileen elkarteen federazioak antolatu zuen. Torrijos, Huertas eta Madinabeitiak hartu zuten hitza. Mitinaren amaieran, milaka lagunek manifestazioa egin zuten eta Udaletxera, Aldundira eta Gobernu Zibilera joan ziren, agintariei zenbait aldarrikapen bilduta zeuzkan orri bat emateko. Manifestazioan zehar, bi musika bandak “la Internacional” jo zuten eta bertaratutakoek abestu egin zuten. Besteak beste, baserrien nazionalizazioa, udal autonomia, hutsik zeuden etxebizitzen gaineko zerga bat eta preso politikoentzako askatasuna eskatu zituzten. Manifestazioa urte haietan Konstituzio plazan zegoen Donostiako udaletxera iritsi zenean desegin zen. “La Voz de Guipúzcoa” egunkari errepublikanoak manifestazioaren berri eman zuen, eta hauxe zioen: «Ikuskizun bikain eta hunkigarria izan zen atzo Donostiako herritar guztiei lanaren jaia zela-eta antolatutako proletarioek eskaini zietena. (...) Ikuskizun horrek, gainera, gogoeta eragiten zuen sakon eta indartsu». Ricardo Martinen argazkian, egun horretako manifestazioaren une bat.