Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

«Gaurko borroka, biharko etorkizuna»: Langile Borroka zineman

Maiatzaren Lehena dugula aprobetxatuz, ez zait aitzakia hoberik okurritzen klase borrokak eta langileriaren istorioak ardatz dituzten filmak aipatzeko. Izenburu konkretuak ekarriko ditut hona, noski, baina sarrera honetan Ken Loach zinemagilea aitatzea ere ia derrigorrezkoa iruditzen zait. Izan ere, bere filmografian, gaur egungo gizartean edonori gerta dakizkiokeen istorioen kontakizunetan sakontzen baitu gehienetan eta Erresuma Batuko ongizate estatua sarritan aurkezten duelako herritarrak suntsitzen dituen sistema gisa, nahiz eta herritarrak babestu beharko lituzkeen. Eredugarria bere lana eta eredugarriak baita ere honako izenburuak:

El Año del descubrimiento

MOVISTAR

Neoliberalismoak gure gizartea nola eraldatu duen eta gizabanako gisa nola aldatzen gaituen erakusten digun lan txundigarria. Zaila ez, ezinezkoa iruditzen zait dokumental honek ikuslearengan lortzen duen eragina hitzen bidez adieraztea, baina saiatuko naiz. Testuingurua aipatuz hasiko naiz. 1992. urtean funtsezko bi ekitaldi gertatu ziren Espainian: Bartzelonako Olinpiar Jokoak eta Sevillako Nazioarteko Erakusketa, Amerikako aurkikuntzaren V. mendeurrena ospatzearekin lotuta. Felipe Gonzalez PSOEren agintera igo eta hamar urtera, Espainia, nazioartearen aurrean, «herrialde eferbeszente, moderno eta zibilizatu gisa» agertzen da eta «etorkizuneko munduko potentzia ekonomikoa» bezala.

Cartagenan bestalde, lantegien itxieragatik eta desegite industrialagatik izandako istilu eta protestek, indarkeria maila gero eta handiagoa eragiten dute, eskualdeko parlamentuak molotov koktelekin piztutako sutearekin amaitu arte. Hori guztia irakurrita, artxibo irudiz osaturiko dokumental historiko bat ikusiko duzula pentsa dezakezu, kronologikoki muntatua, protagonisten elkarrizketak tartekatuz eta guztiaren errepasoa eginez. Ahaztu hori guztia. Testuingurua hori da, bai, baina hiru ordu irauten dituen esperimentu honetan ez duzu halako konbentzionalismo narratiborik ikusiko, ez, behintzat, ohikoa dena. Ikus-entzunezko esperimentua dela nahita aipatu dut, hala iruditu zaidalako. Umiltasunetik, txikitik, azaltzea lortzen duen dokumental harrigarria iruditu zait; tabernako barran dagoen ezezagun baten keinu batetik hasi, zigarro baten zupadarekin jarraitu eta bi amets errepikakorrekin amaitu arte. Liluragarria ekoizpen honen atzean dagoen lana eta istorioa kontatzeko aukeratu duten forma.

Sorry We Missed You

MOVISTAR ETA FILMIN

“Sorry We Missed You” Ricky protagonistaren lan elkarrizketa batekin hasten da. Elkarrizketa horretan, mezularitza enpresa batean «bere nagusia» izateko aukera ematen zaio, banatzaile gisa. Horrela, ikusleak eskaintza horretan segituan aurkituko du tranpa; izan ere, bere aurrezkien erdiak eskaerak entregatzeko erabiliko duen furgoneta alokatzen inbertitu beharko baititu. Horren ondorioz, enpresaren sentsibilitaterik eza eta abusuak estalian geratzen dira hasieratik.

Ken Loach zinemagilearen aurreko proposamenen antzera, film honek ere arrakastaz beteriko harrera jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Europar Film Onenaren Saria ere eskuratu zuen. Egiaz, errealismoz eta sentimenduz beteriko beste film bikain bat zuzendu du oraingoan ere zuzendari ingeles ezagunak. Newcastlen girotuta, lan baldintza prekarioez eta horiek bizi ingurunean duten eraginaz hausnartzera gonbidatzen duen film gordina da. Kosta egingo zaizu ez hunkitzea, izan ere, istorio gordin honen eskutik, interpretazio bikainez osatutako aktoreak ere ageri dira. Ikustea ez ezik, sentitzea ere beharrezkoa den filma.

I, Daniel Blake

FILMIN, AMAZON ETA HBO

Filmeko protagonista Daniel Blake da, 59 urteko arotz ingelesa. Bihotzeko arazoak tarteko, gizarte laguntzak eskatu beharko ditu bizitzan aurrenekoz, nahiz eta administrazioak lana bilatzera behartuko duen. Hala, labirinto burokratikoan galduta amaituko du, Rachelek bezalaxe, harrera etxe batera bidali ez dezaten, Londrestik 450 kilometrora dagoen etxe batera joatea onartuko duen ama gaztea. Film gogorra, baina erabat gomendagarria.

Oraingo honetan, Ken Loachek, herritarren eskubide sozialen aurrean jartzen gaitu. Berak eta bere ohiko gidoilariak, Paul Lavertyk, irmo salatzen dituzte herritarrak babestu beharko lituzkeen administrazioak hauek kanporatzeko erabiltzen dituen armak. Bere film gehienetan funtzionarioek erakusten duten oldarkortasun hori agerian geratzen da hemen ere eta nolabaiteko susmo sentimendua etengabe dabil hegan. Umiliazio prozesuari –hala deituko nioke filma ikusi ostean– oraingoan, arrakala digitala ere gehitzen diote, herritar prekarioenak (adinekoak, erretiratuak, etorri berriak...) alde batera uzteko moduko prozesuan murgilduz.

Deux jours, une nuit

FILMIN ETA AMAZON

Istorio txiki honek gure sistemak eragin dituen milaka borroka anonimoak erretratatzen ditu. Marion Cotillard aktorea Sandraren azalean murgiltzen da Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaien gidaritzapean. Sandra lanetik botako dute, eta desesperatuta, asteburuan, senarra lagun, lankideen etxeetara joatea erabakiko du; lanpostua mantentzeko, lankideek aparteko ordainsariei uko egin beharko diote. Dardenne anaiek oso modu zuzenean eta gordinean islatzen dute gure giza dualtasuna. Denok gara pertsona onak eta berekoiak aldi berean, baina gure alderdi nagusia azaleratzen denean bakarrik izan gaitezke bietako bat. Saiatu zaitez protagonistak gainerako lankideei proposatzen dien hori zeure buruari galdetzen: asko ezagutzen ez duzun lankide bat kaleratua ez izateko aukera bakarra zuk eta gainerako lankideek zuen aparteko ordainsariari uko egitea da, zer egingo zenuke? Sandraren pertsonaiak halako enpatia sortzea, hein handi batean pertsonaiarekin egiten duten garapenari esker da, baina horren erantzulerik handiena Marion Cotillard da. Bere emozioak geureak egiten ditu, eta sentimenduak mugiarazten ditu geure barrenean. Larritu eta poztu egiten gara, baina bere sufrimenduaren, bizitzen ari den prozesuaren partaide ere egiten gaitu.

Novecento

MOVISTAR ETA AMAZON

Aurkezpenik behar ez duen ezinbesteko izenburu hau ikusteko 314 minutu beharko dituzu, patxadaz hartu beraz honako proposamena. Bernardo Bertolucciren zortzigarren film luzea da eta 1901etik 1945era Italiako langile mugimenduaren borroka islatzen du bereziki. Filma 1901eko urtarrilean hasten da, Berlinghieri etxaldean, aldi berean bi haur jaiotzen direnean: Olmo Dalco (Gerard Depardieu), jatorri xumekoa eta etxaldeko langileen ondorengoa, eta Alfredo Berlinghieri (Robert De Niro), bertako patroiaren biloba. Garaiko hainbat gertaerek beraien erlazioan eragina izango duten arren, Olmoren eta Alfredoren artean adiskidetasun handia sortuko da.

Film ederra da. Beharrezkoa eta ezinbestekoa zehazki Italiako historia ulertzeko, baina baita XX. mendean zehar Europako historia ulertzeko ere. Filmak nabarmentzen dituen gertaera historiko nagusiak Verdiren heriotza, 1908ko nekazaritza greba, I. Mundu Gerra, Italiako Alderdi Komunistaren jaiotza (Livorno, 1921), faxisten eta Mussoliniren estatu-kolpea (1922), Italiako Alderdi Komunistaren debekua (1925), II. Mundu Gerra, askapen eguna (1945eko apirilaren 25a) eta faxismoaren porrota dira.

Ladri di biciclette

MOVISTAR

Italiar neorrealismoaren maisulana. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Erroman, langabezian dagoen langile batek (Lamberto Maggiorani) kaleetako hormetan kartelak itsasteko lan xumea lortzen du bizikleta baten jabea izatearen baldintzaz. Bere lehen lanegunean ordea, bizikleta lapurtzen diote. De Sicak etorkizunik eta dirurik gabeko gizon langabearen irudia eskaintzen digu, bere helburu nagusia lanera joateko bizikleta bat lortzea besterik ez delarik; lanarekiko etsipena hainbestekoa da, ezen bizikleta bat lapurtzea ulergarria gertatzen baitzaio ikusleari, dramatismo handiko elementu bihurtuz.

40ko hamarkadako Erroman murgiltzen gaitu, Antonio Ricci kartel jartzailearen eta Bruno bere semearen begietatik. Bahi-denda, azoka ibiltariak, autobusa hartzeko ilara luzeak, ongintza lokalak, kaleko iskanbilak... agertoki horiek guztiek Antonio bahitzen duen miseria, pobrezia eta etsipena apurka-apurka sakatzen laguntzen digute. De Sicak eta italiar neorrealismoak, oro har, etengabe erakusten dute eguneroko edozein ezbehar txiki, bizikleta baten lapurreta sinplea adibidez, ezagutzen den tragediarik okerrenaren pareko ondorio suntsitzaileak sortzera irits daitekeela.

L'emploi du temps

FILMIN

Laurent Cantent, lanaren gaia asko interesatu zaion beste zinema zuzendari bat, orain urte batzuk egunkari frantsesetan agertu zen benetako istorio batez baliatzen da kasu hori bere erara berreraikitzeko. Izan ere, pentsatu al duzu inoiz, lan egiteari utzi eta zure bizitzarekin jarraitzea, ezer gertatu ez balitz bezala? Hori da, hain zuzen, film frantziar honetan ikusiko duzuna. Egun batetik bestera, klase ertain-altuko exekutibo bat lanik gabe geratzen da. Ez da gai errealitate berriari aurre egiteko, eta horrek albo ondorio bat izango du: familiari gezurra esan eta kaleratzea ezkutatzen die, egunero lanera doanaren itxurak egiten dituen bitartean, ezer gertatu ez balitz bezala. Zer egingo zenuke lanetik botatzen bazaituzte? Zer egingo zenuke familia ez kezkatzeko? Noraino borrokatuko zinateke zeure familiaren ongizatearen alde?